Zibilizatu ustekoak, edo ez hainbeste

Yasmina Rezaren 'Jainko basatia' antzezlana eskainiko du Txalo Produkzioak taldeak Donostiako Antzoki Zaharrean, bihar eta etzi

Agirre, Agirregomezkorta, Andonegi eta Garmendia, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Jainko basatia antzezlana Donostiara iritsiko da asteburuan, Txalo Produkzioak taldeak antzezturik. Yasmina Reza idazle eta aktore frantziarraren Le dieu du carnage obra arrakastatsu eta ezaguna euskarara ekarri du Martin Agirrek; Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Tessa Andonegi eta Andoni Agirregomezkorta aktoreak arituko dira protagonisten roletan, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Bi emanaldi egingo dituzte Antzoki Zaharrean, bihar eta etzi, biak 20:00etan.

Eztabaida batean, gaztetxo batek beste bati adar batekin zauria egin dio aurpegian. Taula gaineko kontakizuna hasiko da zauritutako gaztearen gurasoek bestearenak etxera gonbidatzen dituztenean: auzia hitz eginez, modu zibilizatuan, konpontzea da helburua. Pixkanaka, ordea, okertu egingo da hitzordua, eta hasierako modu eta keinu adeitsuak guztiz irauliko dira. Horixe da antzezlanaren muina.

Txaloren lanean, Garmendiaren eta Losadaren semeak joko du Andonegi eta Agirregomezkortarena, eta azken bien etxean gertatuko da gurasoen arteko hizketaldia. «Tessaren pertsonaia, hain zibilizatua denez, bilera bat antolatzen du bere etxean gauzak konpontzeko», azaldu du Garmendiak. «Berak hala uste du, gauzak konpontzeko balioko duela bilerak. Agian, nire pertsonaia oso idealista da: berak sinesten du, itsu-itsuan, gauzak beste modu batera egin daitezkeela», jarraitu du Andonegik. «Pixka bat nazia da zure pertsonaia», erantzun dio Garmendiak, barre artean.

Rezaren testua goraipatuz hartu du hitza Andonegik: «Oso ona da: ikasteko erraza da, oso logikoa. Nabaritzen da Yasmina Reza bera aktorea dela: aktoreentzat, pertsonaientzat idatzi du». Andonegiri berari egokitu zaion pertsonaiak, esaterako, «garapen oso argia» du, haren esanetan, eta asko gozatu du pertsonaia ulertzen: «Berak ez du pentsatzen halakorik daukanik, ez du espero halako zerbait daukanik barruan, baina atera egiten zaio».

Agirregomezkortaren ustez, ikusleak erraz identifikatuko du bere burua: «Antzezlanean bizi den egoera, guri ez bada, gertukoren bati gertatu zaio, halako punturaino iritsi gabe, baina...». Pertsonaia bakoitzak du bere izaera, «edo izaera bat baino gehiago», eta horrek ere identifikatze horretan laguntzen du. «Aktoreontzat oso dibertigarria da norbere pertsonaiaren izaera batetik bestera pasatzea. Ikusleengan daukan eragina eta erreakzioa sentitzea oso dibertigarria da guretzat ere».

Garmendia bat dator Agirregomezkortarekin. Lau pertsonaiak «oso desberdinak» izateak laguntzen du batekin edo bestearekin identifikatzen, komediaren mesedetan: «Barrea edo algara errazago ateratzen zaizu, betiere, identifikatuta sentitzen bazara pertsonaia batekin edo egoera batekin». Antzerkia euskarara ekartzeko Martin Agirrek egindako lana goraipatu du Garmendiak: «Itzulpen oso gertukoa egin du: niri, behintzat, balio oso positiboa iruditzen zait hori».

Taularatu aurreko prozesuaz ere jardun du Garmendiak: «Prozesua oso aberasgarria izan da, polita, dibertigarria, eta uste dut hori gero taula gainean ikusi egiten dela». Pasadizo bat kontatu du horren adibide, Andonegiren eta beraren pertsonaia mozkortzen direneko zatiarena. «Mozkortuta zaudenean, zer egiten duzu? Bada, disimulatzen saiatu, baina, antzerkia denez, areagotu egin behar duzu». Proba modura, benetan mozkortzea eta momentua grabatzea erabaki zuten. «Aurreneko partea bete genuen, mozkortu ginen benetan, baina grabatzea ahaztu zitzaigun», dio, barrez.

Rezaren testua, bigarrenez

Durangon estreinatu zuten obra urtarrilean. «Sentsazio oso onak dauzkagu: jendea barru-barruraino sartzen da, eta hasieratik bukaerara arte disfrutatu egiten du testuarekin», nabarmendu du Xabier Agirre ekoizpen arduradunak.

Azaldu duenez, duela urtebete baino gutxiago aurkeztu zuten Jainko basatia Euskal Herriko antzokien sarean. Hor zenbait lan aukeratzen dituzte antzokietara eramateko: beste batzuen artean, Jainko basatia hautatua izan zen: «Programatzaileek zenbait lan aukeratzen dituzte sarerako: gurea aukeratua izan zen, eta horrek esan nahi du datozen hiruzpalau hilabeteetan emanaldi mordoa elkartuko zaizkigula». Alde horretatik, taldea oso eskertuta dagoela azpimarratu du.

Ez da lehenengo aldia Txalok Rezaren testu bat oinarri hartuta lan egiten duena: duela hamar urte Artea izeneko antzezlanarekin aritu ziren antzokiz antzoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.