Donostiako 72. Zinemaldia

Zezen plazan, lehen lerroan

Torero baten egunerokoa erretratatu du Albert Serrak 'Tardes de soledad' dokumentalean. Joshua Oppenheimerrek, berriz, 'The End' musikal distopikoa aurkeztu du. Biek dute lehen aldia Sail Ofizialeko lehian.

Albert Serra zinemagileaK 'Tardes de soledad' erakutsi du Sail Ofizialeko lehian. FOKU
Albert Serra zinemagileak 'Tardes de soledad' erakutsi du Sail Ofizialeko lehian. FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko irailaren 23a
21:15
Entzun

Zezenaren arnasa urduria. Toreatzailearen begirada. Odola. Taldekideen gorazarreak. Odol gehiago. Zaleen oihuak. Animaliaren agonia. Plano laburren bidez, zezenketa bat bestearen atzetik erakutsi ditu Albert Serra zinemagile katalanak Tardes de soledad lanean. Andres Roca Rey toreatzaile perutarra hartu du protagonista bere lehen dokumentalean, eta Sail Ofizialeko lehian erakutsi du Serrak bere lana. 

Emanaldiaren osteko agerraldian, zuzendariak azaldu du bere lan egiteko modua ez dela aurrez egin dituen fikziozko lanekiko ezberdina izan oraingoan. Hiru kamerarekin hamalau zezenketa grabatu zituen bere lantaldearekin, beren buruari irudi «interesgarrienak eta ederrenak» bilatzeko zeregina jarrita. Gero, material guztitik gustuko irudiak aukeratu zituen, «oso modu azkar eta arbitrarioan, kasik zergatia jakin gabe». Eta behin galbahe hori pasatuta, muntaketa gelan bertan eraiki zuen filma, «irizpide estetikoek» gidatuta. «Filmatzean ez dut sekula kameraren begitik begiratzen; gauzak deskubritzen joatea da kontua, ikasten joatea».

Hain zuzen, zezenketen mundura hurbiltzean, bere asmoa ere horixe zela adierazi du zinemagileak: «A priori guztiak ahaztu, eta begiz ikusten ez diren gauzak kamerarekin bilatzea». Haren ustez, «film nahikoa zintzoa» egitea lortu du azkenean, baita toreatzaile baten «erretratu nahikoa konplexua eta aberatsa» aurkeztea ere. 

Serraren filma polemikaz inguratuta heldu da Zinemaldira. Izan ere, «tauromakia humanizatzen» duelakoan, filma erretiratu zezala eskatu zion PACMA alderdi animalistak jaialdiari. Alderdiaren iritziz, «animalien aurkako indarkeria ondorio duen tradizio bat normalizatu eta haren ikuspegi erromantiko bat» eskaintzen du lanak. Jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, baina, ez zutela egitarautik kenduko ziurtatu zuen; haren hitzetan, «zezenketen mundura eginiko hurbilpen artistiko bat» da Serrak ondutakoa, eta ikusi gabe ezeztatzeko eskatzea txarretsi zuen. Gaur arratsean elkarretaratze bat egin dute Kursaal atarian.

Horri buruz ere galdetu diote zinemagileari, eta esan du bere filma ez dagoela «ezein kausaren zerbitzura, zinemaren zerbitzura baizik». Aitortu du «nolabaiteko lilura bat» eragiten diotela filmean agertzen den toreroaren «ausardiak eta konpromisoak», baina nabarmendu du berea film bat dela, eta ez diola zentzurik ikusten protesta deitu izanari. «Ez dauka zentzurik; artelana hor dago bere buruaren lekuko izateko, ez beste ezerena; aparte dagoen objektu bat da». Ildo beretik, gehitu du «apur bat erridikulua» iruditzen zaiola «artelanetan fokua jartzea gai bat ukitze hutsagatik». Baina ez dio garrantzia berezirik eman nahi izan auziari. «Jendeak zer esango duen buruan izango banu, ez nuke ezer egingo. Filmak egiterakoan ez dut hori inoiz buruan izan, eta ez naiz orain hasiko».

«Nire filma ez dago ezein kausaren zerbitzura, zinemaren zerbitzura baizik»

ALBERT SERRAZinemagilea

Tardes de soledad-ekin, lehen aldiz dago Serra Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien artean, baina aurrerago haren zenbait lan erakutsi ditu Zinemaldiak. Made in Spain sailean, Honor de cavalleria (2006), El cant dels ocells (2008) eta Tourment sur les îles / Pacifiction (2022) eman zituen jaialdiak. Beste jaialdi batzuetan ere erakutsi ditu bere lanak urteotan zuzendariak, hala nola Història de la meva mort (2013an Locarnoko zinemaldiko Urrezko Lehoinabarra), Roi Soleil (2018an Grand Prix sariaren irabazlea FIDMarseillan) eta Liberté (2019an, Epaimahaiaren Sari Berezia Cannesko Un Certain Regard sailean).

Musikal distopiko bat

Oso bestelako doinuekin hasi da arratsaldea Kursaalean. Joshua Oppenheimerrek musikal apokaliptiko bat proposatu dio bertan bildutako publikoari: The End. Lurrean bizirik segitzen duten azken familietako baten istorioa da; zehazki, lurpean bizi da familia hori, sakon-sakonean dagoen luxuzko bizitoki batean. Ez dago garbi zer gertatu den haiek han egoteko, ez eta zer geratzen den lurrazalean ere. Edonola den, elkar zaintzen dute eurentzat eraiki duten babesleku isolatuan. Bat-batean, gazte bat agertuko da bizilekuaren atarian, eta beren eguneroko bakarti eta errepikakorra zalantzan jarriko du arrotzaren presentziak. Kursaaleko publikoak gogotik egin dio txalo zinemagile estatubatuarrari, zeina bere lantaldearekin aretoan zen arratseko emanaldian.

The Act of Killing (2012) eta The Look of Silence (2014) dokumental sarituen egilea da Oppenheimer, besteak beste, eta bere fikziozko lehen film luzea aurkeztu du Sail Ofizialeko lehiara. Izen ezagun ugari bildu ditu aktore taldera, hala nola Tilda Swinton, George MacKay, Moses Ingram eta Michael Shannon, eta kantuan jarri ditu istorio distopikoa eraikitzeko. Zuzendariak azaldu du gidoia idazten ari zela ez zuela aktore jakinik buruan, baina behin amaitu zuenean argi izan zuela amaren rola Swintonek jokatzea nahi zuela. «Hark baiezkoa ematean, semearen rolean pentsatzen hasi nintzen, eta hura George [MacKay] izan behar zela argi ikusi nuen». MacKayk aitortu du «erronka handia» izan dela berarentzat film batean abestea, baina baita irakaspen ederra ere. 

Isolamendua, bakardadea, erruduntasuna, gezurra... hainbat gai ukitu ditu Oppenheimerrek bere filmean, eta gaur egungo munduaren alegoria bat egin nahi izan duela azaldu du. «Diru gosea ona dela esaten digun ekonomia batean bizi gara. Filmeko istorioa etorkizunean gertatzen da, baina zerikusia du gaur egun giza komunitate gisa egiten ari garenarekin». Hala, bere lanarekin gogoeta egin nahi izan du gaur egungo mundua, harremanak eta balioak eraikitzeko moduaren inguruan. «Geure buruari gezurra esateko gaitasuna dugu gizakiok, eta sarritan aitzakiak erabiltzen ditugu autodezepzioan bizi garelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.