begona del teso
Eppur si muove

Zeure buruaz beste egiteko, erail ezazu norbait

2024ko azaroaren 22a
05:05
Entzun

Mintza gintezke Gladiator 2 filmaz, jakina, baina jende-saldo-mordo-franko-ziento ari da horretaz hizketan eskura dituen sare, pantaila, paper, balkoi, mikrofono guztietan. Berbetan eta eztabaidan. Ero moduan. Batzuentzat, argitu beharreko kontu bakarra hauxe dugu: azpiegitura egundokoa erabiliz Erromako Koliseoan antzezten ziren ontzi-borroketan (naumaquia, latinez) sartu al zituzten inoiz benetako marrazoak, kareletik erortzen ziren soldaduak akabatu zitzaten? Ziur naiz ingeniari, biologo eta artista erromatarrak hori eta antzeko mirari mila sortzeko kapazak zirela. Eta ez baziren ere, Zinema (maiuskulaz) bada gauza ezinezkoa gainditzeko. Beraz, hor konpon. Marrazorik ez zela inoiz izan Koliseoan?  Gladiatore bat ere ez ez zela errinozero baten gainean bestearen kontra aritu? Ados. Akort. Bost. Berdin. 86 urteko Ridley Scotten filmak baditu errinozeroek eta marrazoek sor ditzaketeenak baino arazo handiagoak…

Beraz, egin dezagun berba pantailetan den pelikula ezezagunago batez, Austriako Severin Fialak eta Veronika Franzek sorturiko Des Teufels Bad-ez, alegia. Sitgeseko Fantastic akelarrean hiru sari jaso dituenez, beldurrezko harribitxi gorea, odolez gainezka diren horietakoa dela uste dute askok, eta ez ikusteko hautua egin dute; okerreko erabakia, nire irudiko.

Erraturik dira. Tronpaturik. Damutuko dira gero. Beranduegi denean. Egia da, filmaren unerik txundigarrienetakoan, jendaurreko exekuzio batean presente izan direnak lepoa moztu diotenaren odol beroaz mozkortzen direla, borreroari sos batzuk pagatuz. Ikaragarria, bai. Brutala. Baina ez gorea. Boschek edo Brueghelek pintaturiko eszenak burura eta nerbio-bukaeretara datozkizula, bestelako ezinegona sorrarazten du sekuentziak. Sakonagoa, gaindiezinagoa.

Deabruaren Bainua-k sortutako, landatutako, garatutako terrorea horixe da, terrorea, hotzikara eragiten duena, arima iluntzen dizuna, abisatu gabe estu eta hotz besarkatzen zaituena. Berlingo zinemaldian, Martin Gschlacht argazki zuzendariak sari nagusia eskuratu zuen filmerako sortutako argia zela eta; berriro diotsuet, horra hor, argi-ilunetan, XVI. eta XVII. mendeetan margolariek pintaturiko unibertso ixilpekoz betea, non natura gizakia eta jainkoak bezain krudela zen.

'Des Teufels Bad' filma
Des Teufels Bad filma

Severinek eta Veronikak (izeba eta ilobak dira) ez dute beren istorioa hutsetik sortu, artxiboetan aurkitu baizik, Historia fikzionaturiko ezer baino harrigarriagoa suertatzen baita maiz, sarri, askotan.

Aipaturiko garai goibel haietan, bere buruaz beste egiten zuenak Jainkoaren beraren kontra egiten zuen, Jainkoak emandako bizitza itzaltzen zuelako. Ez zen bekatu larriagorik. Ez zegoen zigorrik handiagorik ere: suizidaren gorpua ezin zuten lurperatu. Ez hilerrian, ez soroan, ez inon. Beraz, lur gainean uzten zuten, putre eta animalientzako jaki. Arima salbatzerik ere ez zen. Beraz, alderrai ibiliko zen amairik gabeko eternitatean, ez bakerik, ez atsedenik, ez sosegurik lortu ezinean.

Garai goibel haietan, bere buruaz beste egiten zuenak Jainkoaren beraren kontra egiten zuen, jainkoak emandako bizitza itzaltzen duelako. Ez zen bekatu larriagorik

Hain zen beldur zigor horrekiko jendea, ezen min eternal batek jota zirenak, bere buruaz beste egin ahal izateko… hiltzaileak bilakatzen baitziren. Bai, norbaiti kentzen zioten bizitza eta elizan aitortu krimena burutu zutela. Atxilo hartzen zuten eta epaitu. Zigorra beti zen exekuzioa. Justu eraile horiek nahi zutena, bizi zuten sufrikariotik aske geratzea… arima salbaturik, hori bai. Apaiz baten aurrean kulpak aitorturik, absoluzioa jasota bazen lurrean ehorztea. Arima, ziurrenik ez litzateke paradisura joango, baina, bederen, ez zen herrari ibiliko mundua desagertu arte (eta haratago). Veronikak eta Severinek hori guztia azaltzen zuten 400 dokumentu aurkitu zituzten Austriako epaitegi zaharretan. Ia kasu guztietan, emakumeak ziren kondenatuak. Ia guztietan haurrak izan ziren beren biktimak, eskuragarriagoak zirelako, errazagoak hiltzeko ere.

Des Teufels Bad, malenkoniaz eta terrore sakonaz bustiriko filma. Nik ez nuke galduko. Ezta Josu Martinezen Bizkarsoro Donostiako gure etxe ondoko areto luxuzkoetan ikusteko aukera baztertu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.