Morau eta Beñardo. Musikariak

«Zeure burua saldu gabe, publikoa zuk ekarri behar duzu»

Sei urtez egon da diskorik atera gabe Andoni Tolosa 'Morau'; Beñardo Goietxe lagunarekin elkarlanean plazaratu berri du 'Arrainentzako himnoak', barne hausnarketa prozesu bati errematea jarriz eta musika bikote berri bat osatuz.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Hernani
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Zirt edo zart egin behar batean ikusi zuen bere burua Andoni Tolosa Morau-k (Hernani, 1963). «Zeinek eskatzen zuen duela lau urte Morauren disko berri bat? Bide horretan utzi egiten duzu zeure burua; azkenean artista publikoak gara, eta denok daukagu autoestimu puska bat». Hutsetik hastea. Disko berri bat prestatzeari ekin zion, baina ez modu konbentzionalean: www.arrainentzakohimnoak.orgbloga sortu zuen duela bi urte pasa, eta kantuen sortze prozesua ere jarraitzaileekin partekatu. Kantuen hezurdura nagusiak prest izatean murgildu zen proiektuaren uretan Beñardo Goietxe musikari eta adiskidea (Zugarramurdi, 1969), orrazkera musikalak eta ahots joko, koru eta girotzeak landuz. Emaitza: hamasei kantuz osaturiko lan biluzi eta zintzoa, bi gitarraz eta bi ahotsez emana, autoekoitzia eta esku propioz nahiz auzolanean borobildua —hala egin dute CDaren kaxaren, azalaren eta barruko osagaien bilgotzea—. Betiko Morau; kronista zorrotz eta samurra, baina formatu berrian. Urrats bat aurrera hogei urte inguru eta sei diskoko ibilbidean.

Barnekoak izan biak, eta arrainentzako himnoak sortu dituzue. Zergatik arrainentzakoak?

MORAU: Igual horrexegatik, barnekoak izanik gure ametsa badelako arrainak izatea, ura desiratzen dugulako... Baina batez ere himnoa bezalako kontzeptu handi batekin ondo kontrajartzen delako arrainarena. Himnoak gauza handiak dira, eta arrainak oso xumeak, oso memoria txikikoak. Transzendentzia-intranszendentzia joko asko egiten dira gure mundu honetan, eta ondo islatzen du hori. Kantu hauek honela sortuta daude, txikitasunetik eta txikitasunera. Ez dugu egin nahi mundua esplikatzeko kanturik...

BEÑARDO: Ez, baina memoria, txikia izanik ere, izan dadila ideia interesgarriz osatua.

Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuri elkarrizketa egin dio Sustrai Colinak Argia-n, eta hark azpimarratu du kultura gutxiagotu bat izateaz gain kultura gutxieslea ere badela gurea, eta anbizio txikikoa. Zuen ideiarekin kontrajarria al da hori?

M.: Erabat ados nago hark dioenarekin. Gauza bat da besteek nola ikusten gaituzten, eta beste bat guk geuk estereotipo horiek aplikatzea geure buruari; eta beste bat guk musikari edo sortzaile gisa daukagun lekua, eta leku horretatik abiatzen garela. Txikitasunak ez du zertan kontzeptu mugatzailea izan. Beñardo eta biok argi daukagu gure esparrua ez dela milaka entzulerengana iristea, eskarmentuak hori erakutsi baitigu. Gurea da ahoz ahokoa eta poliki-poliki bidea egitea. Jakinda txikiak garela baina inolako lotsarik gabe,geure burua mugatu gabe; muga izan dadila gure musika gaitasuna.

Zein da zuen anbizioa?

M.: Ahalik eta kanturik onenak egitea. Ez dugu besterik.

B.: Bizioarekin ere lotura badu gure egitekoak. Kantuak behar ditugu bizirik sentitzeko. Hori kantautore baten janaria da, eguneroko ogia, erakustea badela gauza doinuak eta hitzak elkartzeko eta jendeari sentimenduak sortzeko. Andonik betidanik izan du kantautore sen hori, eta izango du betiko, nahiz eta talde bat izan ondoan edo ni bezalako laguntzaile bat izan.

«Kantu on bat egitea zer den dakidanean azalduko dizuet zer den», idatzi zenuen blogarekin batera hasitako biografian. Diskoa egin ostean azal zenezake zer den kantu on bat egitea?

M: Ez, oraindik ez. Orain azal nezake zer den ia-ia kantu on bat egitea. Prozesu honetan guztian konturatu naiz kantuak asko lantzeak zer emaitza ekar ditzakeen. Orain arteko diskoetan kantuak askoz ere immediatoagoak ziren; ez zegoen hainbeste denborarik kantua egin eta grabatu artean. Hemen denbora hartu dugu. Kantu batzuek ia bi urte egin dute grabatu arte, eta pasatu dira hiruzpalau bertsio bidean, jendearen iradokizunak jaso ditugu... Denbora hartzeak kantuei on egin diezaiekeela ikasi dut.

Beñardo, idatzi al du kantu onik disko honetarako Andonik?

B.: Bai, nik uste dut badela bat edo beste dezentea. Ez dut nik esango zein diren; jendeak erabaki dezala. Guri gustatzen zaizkigun estiloko kantuak egiten saiatu gara, eta uste dut batzuekin lortu dugula. Hark esan du denbora hartu dugula prozesuan, baina ni ez nago erabat ados horrekin. Kantu batzuk landu gabe genituen grabaketa iritsi orduko, eta hori nabaritu da, baina badira, bai. Kantugile ona da Andoni.

Arrainentzako himnoak ez da disko bat bakarrik: berrasmatze bat da, berrekite bat.

M.: Bai, argi eta garbi, zirt edo zart bat egitea izan zen, berriro hutsetik abiatu edo kantuak egiteari utzi, hiruzpalau urte baineramatzan kanturik egin gabe. Musikari gisa neure burua nola ikusten nuen planteatu beharra neukan, eta horren arabera prozesu bat abiatu nuen.

Prozesu guztia partekatu duzu jendearekin blogaren bitartez. Gertutasun hori ezinbestekoa du musikariak garaiotan?

M.: Musikariok galdu egin dugu geure publikora akoplatzeko gaitasuna. Bertsolariek arte hori menderatu egiten dute, primeran egiten dute. Zeure burua saldu gabe, publikoa zuk ekarri behar duzu. Pop eta rock industriaren bitartez, beste gauza batera geunden ohituta aspaldiko urteetan; musikariok ateratzen genituen geure produktuak, erosleek erosi eta kontsumitu egiten zuten, baina hori ez da sekula izan herri musikaren ezaugarrietako bat. Musika askoz ere gehiago da. Musikarion jarrerak ezin du izan, hortaz, ea industriak noiz ematen digun aukera bat, itxarotea ea noiz aldatuko diren gauzak edo publikoa noiz gerturatuko... Ez, guk egin behar dugu geurea azaldu eta zabaldu. Gero, gustatzen zaionari ongi eta gustatzen ez zaionari, bada, oso ongi. Guk lan egin behar dugu gure publikoa berreskuratzeko. Batetik, lortuko dugu musikari lana, hain debaluatua dagoena, prezatzen hastea, eta, bestetik, diskoari berriro ere garrantzia ematea. Diskoak ez du izan behar bakarrik produkzio industrial batetik datorren metal zati bat, beste zerbait baizik. Hau dena da hasieran buruan nerabilen teoria, eta uste dut konprobatzen ari naizela baietz, hala dela.

Elkarrekin lan egin duzuen laugarren diskoa da. Baina esango nuke inoiz baino hobeto elkar hartu duzuela musikalki, edo asmatu duzuela inoiz baino hobeto formatuan.

M.: Morau ta Beñardo izena izatea ez da kasualitate bat. Alde batetik, izan da erabaki kontziente bat kantuak bere esku uztea erabat.

B.: Erraza izan da. Gorabeherak beti zaten dira eta izango dira, baina horrek bere fruitua ekarri du. Bien gustukoak beharbada ez dira izan hamasei kantuak. Nire ekarpena izan da musikalki gauza batzuk egokitzea. Hitzena erabat harena da, horretan ez naiz sartu gainera, eta ez nuen sartu nahi.

M.: Kantuek hartu dute heldutasuna Beñardoren ukituarekin.

Zuek ez duzue esango, eta neuk nabarmenduko ditut diskoko hiru kantu on: Agur esan nahi ez, Hondarribia eta Ama.

M.:Agur esan nahi ez bereziki estimatzen dudan kantua da. Oso gustura geratu naiz, bai egiterakoan, bai emaitzarekin. Hor daude gitarra elektrikoaren marrazki horiek ere.

B.: Morauk gitarra elektrikoa ez zuen oso gustuko hasieran. Aipatu dituzun kantuetatik bitan gitarra elektrikoa ageri da. Kolorea ematen die kantuei, eta jolasteko aukera ematen du, reverb-ak, soinu desberdinak... Niri ere gustatu zaizkit hiru kantu horiek.

M.: Kantu hori izan da aspaldian idatzitako pertsonalena. Konturatzen naiz nire barnea azaleratzeko kantuekin ez daukadala zaletasunik, nahiago dudala inguruaz hitz egin, nahiz eta horrela erakusten duzun zeure burua ere. Baina oso kantu gutxi ditut nire sentimenduez edo bizipenez egindakoak, eta hau da bat.

B.: Hitza ere oso berezia da, heriotza eta ondoan dagoen horren hutsari buruzkoa. Enarak taldearen Ama ere heriotzari buruzkoa da.

M.:Ama-k melodia izugarri polita dauka. 60ko pop ukitu izugarria du. Elektrikoarekin jokoak egiten hasi zen Beñardo, eta naturalki atera zitzaion. Ez da gehiegi aldatu jatorrizkotik.

B.:Hondarribia-rekin izan genuen zalantza franko hasieran, luze geratzen zela, nola egokitu hiru zatiak, eta nik uste txukun geratu dela eta epikotasun hori harrapatzen duela.

M.: Ni oso gustura geratu nintzen hitz horiek idaztean. Gustatu zait hitzek hartu duten tonua azkenean. Alardea beste norbaiten begiekin ikustea bezala da...

B.: Ahotsarekin badago crescendo bat bukaeran; lau ahots ere sartu ditugu. Batzuetan egin ditugu halako gehiegikeria txiki batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.