Zetaken 'Aaztiyen' diskoa eta 'Maitasun kapitala' liburua dira 2023ko gogokoenak BERRIAren irakurleentzat

Irakurleek 2023ko disko eta liburu uztatik gogokoenak aukeratu dituzte, bozketa bidez. Parte hartzaileen artean zozketa eginda, Mikel Errazkinek eta Ione Ardaiz Osakarrek irabazi dituzte Elkarreko bi opari txartelak.

Pello Reparaz (Zetak) haur batzuei diskoa sinatzen
Pello Reparaz Durangoko Azokan, haur batzuei diskoa sinatzen. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
2024ko urtarrilaren 11
16:45
Entzun

2023. urteak eman zuen disko eta liburu uztatik, BERRIAren irakurleek euren gustukoenak aukera dituzte: diskoetan, Zetaken Aaztiyen lanak bildu du boto gehien; liburuetan, Karmele Jaioren Maitasunaren kapitala nobelak. Parte hartzaile guztien artean zozketa eginda, berriz, Mikel Errazkin eta Ione Ardaiz Osakar izan dira garaile: Elkar liburu dendetan erabiltzeko 100 euroko opari txartel bana jasoko dute saritzat.

Diskoetan, Nafarroako Zetak taldearen azken diskoa izan da, boto aldetik, arrakastatsuena; 188 boto jaso ditu. Atzetik izan ditu, pare-parean, Ibil Bediren Goldea diskoa (108 boto) eta Izaroren Cerodenero disko argitaratu berria (107 boto). Era berean, goiko postuetan egon dira Jon Maia, Bulego eta Olaia Inziarte, beste askoren artean.

Liburuen artean, Jaioren Maitasunaren kapitala lana erraz nabarmendu da gainontzeko hautagaietatik: 202 boto bildu ditu. Eneko Bidegainen Bichta éder lana 69 pertsonarentzat izan da urteko lanik gustukoena, eta Xabier Mendiguren Elizegiren Oso latza izan da beste 62rentzat.

Zale bakoitzak gehienez hiru liburu eta hiru disko aukeratu zitzakeen botoa ematean. 173 liburuk lortu dute boto bat gutxienez, eta 146 diskok. Zerrenda osoa ikusteko, klikatu hemen. Webgune horretan bertan bildu dira 2023. urteak eman dituen euskarazko liburu eta disko guztiak, eta euskal kultur sorkuntzan egindako lanaren erakusleiho bat izan da. Orotara, 295 liburu eta 230 disko izan dira aukeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.