Musika

Zetak taldeak 'Mitoaroa' ikuskizunarekin ospatuko du bere bosgarren urtemuga, 2025eko urtarrilaren 4an, Nafarroa Arenan

Sarrerak asteartean, ekainaren 4an, izango dira eskuragarri 'www.zetak.org' webgunean. BERRIAlagunek bost euro merkeago lortu ahalko dituzte sarrerak.

Pello Reparaz Zetak taldearen burua. ZETAK
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 29a
07:05
Entzun

Zetak taldea sortu zenetik bost urte igaroko dira laster, eta hori ospatzeko «show ikusgarria» egingo dute 2025eko urtarrilaren 4an, larunbatean, Iruñeko Nafarroa Arenan. Sarrerak asteartean, ekainaren 4an, izango dira eskuragarri www.zetak.org webgunean, 08:00etatik aurrera. 

Mitoaroa aurkeztu du Zetak taldeak

Mitoaroa izena jarri diote ikuskizunari, eta, Pello Reparaz Zetak-eko kidearen arabera, musika taldeak inoiz izan duen mugarririk garrantzitsuena izango da. «Pozez, ilusioz eta bertigo apur batekin joango gara Nafarroa Arenara, baina badakigu inoiz izan dugun festa ederrenetakoa izango dugula bertan», azaldu du musikariak sare sozialen bitartez zabaldutako mezuan.

Kontzertuan Erramun Martikorena izango du lagun Zetak-ek, baina, azaldu dutenez, «nafar eta euskal mitologiaren presentzia hobe islatzeko», bestelako hainbat gonbidatu ere izango ditu Nafarroa Arenako kontzertuan: Unanuko mamuxarroak, Lantzeko Ihauteria, Kukai dantza taldea, Iturengo joaldunak, Tuterako zipoteroak, Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak eta Arbizuko txatarrak. 

Jaialdirako sarrerek 34,5 euro balioko dute, baina BERRIAlagunek aukera izango dute bost euro merkeago erosteko, 29,5 euroan. BERRIAlagunek posta elektronikoz jasoko dituzte deskontua egiteko argibideak.

Zetaken Nafarroa Arenako kontzertuaren kartela
Zetak-en Nafarroa Arenako kontzertuaren kartela

2019. urtearen amaieran aurkeztu zuen Pello Reparazek (Arbizu, Nafarroa, 1990) Zetak proiektua, eta, orduz geroztik, hiru disko argitaratu ditu: Zetak izan zen taldearen estreinako lana (2019), eta ondoren iritsi dira Zeinen ederra izango den (2020), eta Aaztiyen (2023). Azken horretan, musika elektronikoa Euskal Herriko musika tradizionalarekin uztartu du Reparazek, modu askean, eta soinu identitate propioa eraiki du hamabi abestietan. Emaitzarekin pozik eta «harro» zegoela adierazi zion BERRIAri, martxoan egindako elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.