Zetak taldeak euskal mitologia oholtzaratuko du gaur eta bihar, Nafarroa Arenan

Aurten bost urte bete ditu Zetak taldeak, eta, 2024ko udaberrian iragarri bezala, ‘Mitoaroa’ ikuskaria taularatuz ospatuko du urteurrena. Haiekin batera, Erramun Martikorena eta Kukai dantza taldea arituko dira, besteak beste, Nafarroa Arenan.

Zetak taldearen kontzertua, Iruñean, 2024ko uztailaren 9an. JESUS DIGES / EFE
Zetak taldearen kontzertua, Iruñean, 2024ko uztailaren 9an. JESUS DIGES / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2025eko urtarrilaren 3a
05:10
Entzun

«Pozez, ilusioz eta bertigo apur batekin joango gara Nafarroa Arenara, baina badakigu inoiz izan dugun festa ederrenetakoa izango dugula bertan». Halaxe eman zuen Zetak-eko kide Pello Reparazek (Arbizu, Nafarroa, 1990) gaur eta bihar Nafarroako hiriburuan emango duten ikusgarriaren berri. Gaur, 17:00etan zabalduko ditu ateak Nafarroa Arenak, eta 19:00etan ekingo dio Zetak taldeak Mitoaroa ikusgarriari. Bihar, berriz, 20:00etan zabalduko dituzte, eta 22:00etan ekingo diote kontzertuari.

Kontzertua baino gehiago, euskal tradizioko pertsonaia herrikoiei egindako omenaldia izango da Mitoaroa. Mamuxarroen jantzi zuriak, katolak eta koloretako zapiak, esate baterako, inspirazio iturri izan dira Reparazentzat, gaur-biharko ekitaldia prestatzeko orduan.

Gainera, «nafar eta euskal mitologiaren presentzia hobeto islatzeko helburuz» betiere, zenbait gonbidatu izango dira oholtzan, Zetak taldearekin batera: besteak beste, Unanuko mamuxarruak, Iturengo joaldunak, Tuterako zipoteroak, Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak, Arbizuko txatarrak eta Lantzeko ihauteriko pertsonaiak. Kukai dantza taldeak ere protagonismoa izango du kontzertuan, baita Erramun Martikorena kantariak ere.

Bi egunetan 30.000 lagun batuko ditu guztira Zetak taldeak Nafarroa Arenan. Hastapenean saio bakarra egiteko asmoa azaldu zuten 2024ko udaberrian, baina, 15.000 sarrerak ordubete pasatxoan saldu zirela eta, beste saio bat antolatzea erabaki zuten, gaurko egunerako.

2019. urtearen amaieran aurkeztu zuen Reparazek Zetak proiektua, eta, orduz geroztik, hiru disko argitaratu ditu: Zetak izan zen taldearen estreinako lana (2019), eta ondoren iritsi dira Zeinen ederra izango den (2020) eta Aaztiyen (2023). Azken horretan, musika elektronikoa Euskal Herriko musika tradizionalarekin uztartu du Reparazek, modu askean, eta soinu identitate propioa sortu du hamabi abestietan. Emaitzarekin pozik eta «harro» zegoela adierazi zion BERRIAri, martxoan egindako elkarrizketan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.