Euskal Herria Zuzenean jaialdia egiteko hilabete falta den honetan, antolatzaileek osatutzat eman dute aurtengo egitaraua gaur iragarritako artistekin. Antolatzaileek beraiek ohar baten bidez adierazi dutenez, azken asteetan «hedatu diren zurrumurruak gezurtatu edo egiaztatzeko» ordua da oraingoa, eta, prestatua duten egitarauaren bidez, «belaunaldi eta gustu guziei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko» xedea dute.
Egitarau horretara gehitzen azken artisten artean daude Zetak eta Daudane euskal taldeak, bai eta Krav Boca Tolosako (Okzitania) punk-rap talde independentea, Billie Brelok Nanterretik (Frantzia) datorren rap kantari «antikonformista» eta FM Belfast, izenak bestelakoa adierazten duen arren, Islandian jaio den musika elektronikoko taldea ere.
DJ eta beste artista batzuek, berriz, Irisarriko pentzearen bigarren agertokia beteko dute. Bertan arituko dira, orain arte jakinarazitakoez gain, J Martina, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D.
Horrela, egunez eguneko egitaraua ere zehaztu dute.
Ostirala, 30: Habia, Muare, Liher, J Martina, Kuma No Motor, Willis Drummond, François del Mundo, Mandarine, Belako, Akts eta Madmadmad.
Larunbata, 1: Alarma Morea, MICE, Dia DJ's, Billie Brelok, Ixabe, Arima, Ada Oda, Nize, Gatibu, Aho Zakil Konekxion, Zetak, Ztah, Krav Boca eta Vapa.
Igandea, 2: Atzarbale, Afrika Bibang, Daudane, Sofa, Kolinga, Pisoo & OPH, Kristonak, Estelle D, Soulfly eta FM Belfast.
Animazioa plazan, egun osoan
Pentzeko kontzertuez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira larunbat eta igandez, Irisarriko plazan.
Larunbatean, Otxo bikoteak irekiko du eguna. Ondotik, bertso-poteoak errimaz koloreztatuko du herriko plaza, Txiki bakarkako umoristak eszena hartu aurretik. Hika Teatroak eta Oinkarik dantza eta antzerki ikuskizuna eskainiko dute arratsaldez, eta Iparraldeko hainbat rap musikari biltzen dituen RTZ kolektiboak saioa emango du zuzenean. Tartean, Ixtaklok eta Zozongo txarangek eguna alaituko dute.
Igandean, eguna erraldoi eta gaiteroekin hasiko da. Txingili’k taldeak Lehen txinka ikusgarria eskainiko du, eta, dantzarekin segitzeko, Ertza konpainiak Otempodiz sorkuntza berria aurkeztuko du. Arratsalde bukaeran, Bilabalko musikariek animatuko dute dantzaldia. Horrez gain, Cumbiam’bero, Txaranga Jaia, Goxua’n salsa, Patxaranga eta Bahez taldeek plaza girotuko dute egun osoan.
Bestalde, antzerki gune berezi bat antolatuko dute aurten. Larunbatean, Cie ZeC zirku konpainiak Segime bere sorkuntza berria emango du, eta, igandez, Tartean teatroak Ez dok ero ikuskizuna eskainiko du.
Haurrek egitarau berezia izanen dute Haurren Xokoan: Gaia elkarteak jokoak animatuko ditu larunbatean, eta igandean Oreka zirku elkarteak tailer bat emanen du. Egun guztian puzgarriak, egurrezko jokoak eta beste hainbat animazio izanen dira bertan.
Ospitalea eraikinean, bestalde, hainbat erronkaren inguruan eztabaida eta mintzaldiak antolatuko dituzte. Horren egitaraua aurrerago emango dute antolatzaileek.