EHZ Euskal Herria Zuzenean festibala egiteko hilabete falta den honetan, antolatzaileek osatutzat eman dute aurtengo egitaraua, atzo iragarritako artistekin. Ohar baten bidez adierazi dutenez, azken asteetan «hedatu diren zurrumurruak gezurtatu edo egiaztatzeko» ordua da oraingoa, eta, prestatu duten egitarauaren bidez, «belaunaldi eta gustu guziei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko» xedea dute. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean eta 2an Irisarrin (Nafarroa Beherea) egingo dute jaialdia.
Egitaraura gehitzen azken artisten artean daude Zetak eta Daudane euskal taldeak, Krav Boca Tolosako (Okzitania) punk-rap talde independentea, Billie Brelok Nanterreko (Frantzia) rap kantari «antikonformista», eta FM Belfast, izenak bestelakoa adierazten duen arren, Islandian jaiotako musika elektronikoko taldea.
DJ eta beste artista batzuek, berriz, Irisarriko pentzearen bigarren agertokia beteko dute. Bertan arituko dira, orain arte jakinarazitakoez gainera, J Martina, François del Mundo, Ixabe, Nize, Ztah, DIA DJ's, Atzarbale, Sofa, Pisoo & OPH eta Estelle D.
Horrela, egunez eguneko egitaraua ere zehaztu dute: hilaren 30ean, ostiralez, Habia, Muare, Liher, J Martina, Kuma No Motor, Willis Drummond, François del Mundo, Mandarine, Belako, Akts eta Madmadmad ariko dira; uztailaren 1ean, larunbatez, Alarma Morea, MICE, Dia DJ's, Billie Brelok, Ixabe, Arima, Ada Oda, Nize, Gatibu, Aho Zakil Konekxion, Zetak, Ztah, Krav Boca eta Vapa. Eta uztailaren 2an, igandez, Atzarbale, Afrika Bibang, Daudane, Sofa, Kolinga, Pisoo & OPH, Kristonak, Estelle D, Soulfly eta FM Belfast.
Animazioa plazan
Pentzeko kontzertuez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira larunbat eta igandez, Irisarriko plazan. Larunbatean, Otxo bikoteak irekiko du eguna. Ondotik, bertso poteoak herriko plaza errimaz koloreztatuko du, Txiki bakarkako umoristak eszena hartu aurretik. Arratsean, Hika Teatroak eta Oinkarik dantza eta antzerki ikuskizuna eskainiko dute, eta Iparraldeko hainbat rap musikari biltzen dituen RTZ kolektiboak saioa emango du zuzenean. Tartean, Ixtaklok eta Zozongo txarangek eguna alaituko dute.
Igandea erraldoi eta gaiteroekin hasiko da. Txingili'k taldeak Lehen txinka ikusgarria eskainiko du, eta, dantzarekin segitzeko, Ertza konpainiak Otempodiz sorkuntza aurkeztuko du. Arratsalde bukaeran Bilabalko musikariek animatuko duten dantzaldia. Horrez gain, Cumbiam'bero, Txaranga Jaia, Goxua'n salsa, Patxaranga eta Bahez taldeek plaza girotuko dute egun osoan.
Bestalde, antzerki gune berezi bat antolatuko dute aurten. Larunbatean, Cie ZeC zirku konpainiak Segime sorkuntza berria eskainiko du, eta, igandez, Tartean teatroak Ez dok ero ikuskizuna.
Haurrek egitarau berezia izanen dute Haurren Xokoan: Gaia elkarteak jokoak animatuko ditu larunbatean, eta Oreka zirku elkarteak tailer bat emanen du igandean. Egun guztian puzgarriak, egurrezko jokoak eta beste hainbat animazio izanen dira.
Ospitalea eraikinean, bestalde, hainbat erronkaren inguruko solasaldiak egingo dituzte; aurrerago zehaztuko dute egitaraua.
Zetak, J Martina, Krav Boca eta FM Belfast batu dira EHZ jaialdiaren egitaraura
Aurrez iragarritako artistei beste zenbait gehituta, osatua dute egitaraua. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean eta 2an egingo da festibala, Irisarrin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu