Musika

Pello Reparaz: «Zetak aldatu den horretan, Pello aldatu da, eta Pello aldatu den horretan, Zetak ere aldatu da»

2025eko urtarrilaren 4an, 'Mitoaroa' kontzertua emango du Zetak taldeak Nafarroa Arenan. Pello Reparaz gogotsu da, baina aitortu du «bertigo» apur bat ere nabari duela: «Zetak-ek sekula izan duen erronkarik handiena da».

Pello Reparaz, 'Mitoaroa' aurkezteko BERRIAri emandako elkarrizketan. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Oli Artola Apeztegia — Amaia Jimenez Larrea
2024ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun

Zabaldu da berria. Zetak taldeak atzo iragarri zuen azken egunotan isilpean zuen albistea. Mitoaroa ikuskizuna emango dute  urtarrilaren 4an, Iruñeko Nafarroa Arenan. Taldearen bosgarren urteurrena hartu dute aitzakiatzat, eta Pello Reparaz taldeko buruak (Arbizu, Nafarroa, 1990) dioenez, inoiz egin duten «festarik ederrenetakoa» antolatzea da asmoa. Gonbidatuak izango dira oholtza gainean: tartean, Erramun Martikorena abeslaria. Eta hark eta Reparazek elkarrekin abestutako Itzulera kanta lehen aldiz abestuko dute zuzenean eta elkarrekin.

Urtarrilaren 4rako oraindik ere denbora geratzen den arren, datorren astean jarriko dituzte sarrerak salgai, Zetak-en webgunean: asteartean, hain zuzen, ekainaren 4an, 08:00etatik aurrera. BERRIAlagunek aukera izango dute sarrerak merkeago eskuratzeko: 29,5 euroan —sarrera arruntek 34,5 euro balioko dute—.

Arriskuak eta beldurrak

Bai taldeak bai eta Pello Reparazek berak ere sekula izan duten «erronkarik handiena» da. Bost urte ez dira egunero betetzen, eta horregatik, etxetik gertu ospatzea erabaki zuten; etxetik gertu, eta «etxekoekin».

Zetak-eko kideez gain, Nafarroako inauterien iruditeriaren parte diren hainbat gonbidatu izango dira ikuskizunean: Unanuko mamuxarroak, Lanzko ihauteriko pertsonaiak, Kukai dantza taldea, Iturengo joaldunak, Tuterako zipoteroak, Altsasuko momotxorroak, Zubietako joaldunak eta Arbizuko txatarrak. «Esan dezakegu geure euskal eta nafar iruditeria kolektiboa hobekien erakusten duten horiek guztiak hemen izango direla», azaldu du musikariak.

«Harreman ezin hobea dugu gure zaleekin, eta horrek segurtasuna ematen digu, eta indarra».

Mitoaroa ez da taldearen beste kontzertuen gisakoa izango, eta horrek «bertigo» apur bat sortzen dio taldeari; hala ere, ilusioa eta gogoa «ikaragarriak» direla aipatu du Reparazek. Orain, sarreren salmentara begira daude. Kontatu duenez, zenbat sarrera saltzen diren, horren arabera kalkulatuko dute proiektua zenbatekoa izango den tamaina aldetik.

Kontzertua gune handi batean egiteak —kasu honetan, Nafarroa Arenan—, «arrisku asko» dakartzala esan du, arrisku ekonomikoak tartean: «Nola dakizu 10.000 sarreratik gora salduko dituzula, eta nola dakizu ez duzula zulo ekonomiko erraldoi bat izango horrelako apustu bat egiteagatik?». Zetak-ek, ordea, badu galdera horien erantzuna: zaleak.

Reparazek aipatu duenez, taldearen jarraitzaileek eman diete horrelako proiektu bat aurrera eramateko beharrezko sostengua. «Harreman ezin hobea dugu gure zaleekin, eta horrek segurtasuna ematen digu, eta indarra».

Bost urte, arrapaladan

2019an sortu zen Zetak, eta, bost urteko ibilbidearen ostean, taldea norabait heldu den irudipena du Reparazek: musika elektronikoa, euskara, mitologiaren unibertsoa eta beste uztartzen dituen proiektu bat aurrera eramatea lortu dute; beraz, «badago zer ospatu», berretsi duenez. Taldea sortu zenetik bizitza aldatu zaiola iruditzen zaio: «Sentitzen dut bost urte hauetan proiektu honi eskaini diodala nire bizitza».

Denbora gutxian bizipen asko izan dituzte taldeko kideek, pandemia tarteko. Reparaz ohartzen da ez dela ohikoa proiektu musikal bati dagozkion prozesuak hain tarte laburrean bizitzea: «Beste bidea ere egin dudalako». Taldea asko aldatu dela ere nabaritu du, Zetak-en izaeraren parte baita aldaketa bera.

«Musika elektronikoa egiten hasi ginen, euskaraz, eta ikusi dut partikulartasuna bilatzeko prozesua garatuz joan garela gutxinaka».

«Musika elektronikoa egiten hasi ginen, euskaraz, eta ikusi dut partikulartasuna bilatzeko prozesua garatuz joan garela gutxinaka», esplikatu du. Abestiz abesti detaile gehiago sartuz joan dira, euren iruditeria aberastuz. Aldi berean, musikariak uste du bere etxera, Arbizura (Nafarroa), hurbildu dela poliki-poliki. Batez ere Aaztiyen diskoan hurbildu da jaioterrira: «Diskoaren unibertsoak nire bizi guztiko bizipenetatik edaten du: Arbizuko izen propioak daude, etxeen izenak... Unanuko [Nafarroa] iruditeria eta unibertso bisuala erabili dugu».

Aldaketaren parte

«Zetak aldatu den horretan, Pello aldatu da, noski. Edo bestela esanda, Pello aldatu den horretan, Zetak ere aldatu da», adierazi du taldeko buruak. Azken urteetan asko ikasi duela kontatu du, Zetak hasi arte musikan jorratu ez zituen alor batzuk landu behar izan ditu eta. Baina bada zerbait oraindik aldatu ez dena. «Lanarekin dudan harreman toxikoa», aitortu duenez. Izan ere, proiektua hainbestekoa bihurtzeak ez dio lagundu lanarekin duen harremana nahi bezala kudeatzen.

Taldea sortu zenetik, arrakasta hitza behin eta berriz aipatu diote Reparazi, baina iruditzen zaio hitz hori «aldiro» birdefinitu behar izan duela: «Gizartean zabalduen dagoen definizioari so egingo banio, agian ez nintzateke zoriontsu izango». Mitoaroa-ri dagokionez, musikariak espero du arrakasta ez duela lotuko Nafarroa Arenara joango den ikusle kopuruarekin. «Noski, betetzea lortzen badugu, mugarri bat izango da, baina espero dut arrakasta eta zoriontasuna beste leku batzuetan kokatzea».

Reparazi zaila egiten zaio urtarrilaren 4tik aurrerakoak irudikatzea: «Inflexio puntu bat izango da». Gainera, jaialdia pasatu eta egun batzuetara ebakuntza bat egin beharko diote, eta denbora batez eszenatokietatik at egon beharko du. «Hala ere, iruditzen zait aurrera begira berriro ere halako erronka potenteak jarriko ditugula mahai gainean».

'Mitoaroa' aurkeztu du Zetak taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.