Ez zeru eta ez infernu; hil, eta zeru-infernuan agertzen da Armando Zerura Eroria komedia absurdoan; hilda bai, beraz, baina ez bakean. Izan ere, zeruak infernua xurgatu eta monopolio beraren menpe dira aspaldi bi munduak Anodino konpainiaren piezan.Eta deskribatu du horko biztanleria ere Aitor Fernandino aktoreak. «Hor agertzen dira Jainkoa, Luzifer, Ama Birjina, Virgilio, Herio eta beste hainbat pertsonaia; muturreko pertsonaiak dira guztiak, eta leku batetik bestera daramate etengabe Armando». Egitekoak utzi ditu lurrean Armandok, eta bizirik duen Beatriz neska-lagunaren laguntzaz saiatuko da konpondu gabe utzitakoak konpondu eta bakea lortzen. Bihar estreinatuko dute pieza Leioako Auditoriumean, Kultur Maratila programaren barruan.
Mikel Fernandinok Bilboko 6 Pabiloirako sortutako antzerki labur bat dago piezaren oinarrian: Dios ©. Areto horretan egindako Antzerki Laburren II. Jardunaldietan aurkeztu zuen lana gazteleraz lehen-lehenik beraz, eta han izandako harrera beroak bultzatu zituen pieza luzeago eta landuago bat egitera Anodino taldekoak. Euskaraz, oraingoan. Hasierako pieza laburrak bezala, zerura heldu berri den pertsona baten komeriak kontatzen ditu moldaketak ere, baina izan dira aldaketa batzuk Aitor Fernandinok kontatzen duenez. «Dibertimento bat zen 6 Pabiloian egin zena, eta, orain,saiatu gara zerbait landuagoa eta ezberdina egiten». «Entseguetan egindako lanarekin ibilbide bat egin du piezak, eta hori ere ikus daiteke moldaketan».
Florentino Badiola, Aiora Sedano eta Aitor Fernandino. Hiru aktore baino ez dira izango oholtzan, baina pertsonaia sorta jokatuko dute, eta clown eta bufoi teknikak erabiliko dituzte horretarako. Hori, eta baita umorea ere; umore beltza eta umore absurdoa, Fernandinok zehaztu duenez. «Ezinbestekoa da hori heriotzaz hitz egiteko, ez dakigulako zer dagoen bizitzaren beste aldean, eta, beraz, absurdoa erabili behar».
Jainkoaren irudia
Jainkoa, adibidez. Gizona den galdetu, eta ezetz Fernandinok; emakumea ote den galdetu, eta berriz ere ezetz. «Animalia bat da», dio. «Baina antzezlana ikustera etortzea izango da zer motatako animalia den ikusteko modurik onena, eta zer motatako jaungoikoa den jakiteko».
Zerua eta infernua, Virgilio eta Beatriz. Etengabeko erreferentzia da Dante Alighieri idazlearen Jainkotiar komedia lana antzezlanean. Testu hori hartu zuen oinarri Mikel Fernandinok antzezlana idazterakoan, eta hortik hartu ditu pertsonaietariko batzuen izenak ere. Aitor Fernandino aktoreak eman du azalpena: «Istorioa sortu, eta pertsonaiak lantzeko oinarri gisa erabili du lan hori; azken batean, bere zeru-infernu propioa sortzeko». Eta nolako zeru-infernua da hori? «Dibertigarria, zoroa, irreberentea eta memeloa». Pablo Ibarluzea aritu da zuzendari lanetan, eta Iñaki Ziarrustak prestatu du jatorrizko testuaren euskarazko bertsioa. Eta moldaketa batzuk izan dira prozesu horretan ere.
Izan ere, Aitor Fernandinoren hitzetan, Ziarrustarena ez da itzulpen lan hutsa izan. Bere zeru-infernua ere gehitu dio jatorrizko testuaren zeru-infernuari. «Euskarara itzuli du testua, baina horrez gainera, euskal mundura ere gerturatu du lana». Eta aktoreek ere antzera, Fernandinok dioenez, haiek ere bakoitzak bere ikuspegia gehitu baitio hasierako zeru-infernuari, eta ikuspegi pilaketa horren ondorio izan da azken emaitza. «Zeru-infernu garaikide bat».
Antzezlanaren estreinaldia izateaz gainera, taldearen estreinaldia ere izango da biharko emanaldia, Zerura eroria baita Anodinokoek sortutako lehen pieza. Eta pozik horregatik taldekideak, Kultur Maratilan parte hartu ahal izateagatik. Aurrez beste talde batzuetan ibilitakoak dira konpainia osatzen duten Florentino Badiola, Aiora Sedano eta Aitor Fernandino aktoreak, baina hau da elkarrekin sortutako lehen lana. «Zerbait kontatu nahi genuelako elkartu gara, eta batez ere antzerkia egiteko modu bat probatzeko: umore beltza eta umore absurdoa dituena eta bizia dena».
Zeruetarako jaitsiera
Armando pertsonaiaren heriotza ostekoak kontatzen dituen 'Zerura eroria' komedia estreinatuko du Anodino taldeak bihar Leioako Kultur Maratilan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu