mikel p ansa

Zergatik da horren garrantzitsua Lantzeko inskripzioa?

2024ko urriaren 22a
10:06
Entzun

Erromatarren aurreko hizkuntza batean, erromatarren aurreko idazkera batean egindako zirrimarra batzuk, erromatarrek ustiatzen zuten meategi bateko pareta batean, Lantzen (Nafarroa), baskoien lurraldean. Duela bi mila urte inguruko grafiti bat agian; meategian lanean ari zirenentzako ohar bat beharbada: zer den, zehazki, ezin da seguru jakin, konparatzeko ere ez dago ia adibiderik eta. Garai horretako meategietan, Iberiar penintsulan bederen, ez da antzeko inskripziorik topatu orain arte. Eta Europan ere ez dira adibide asko izango. Horrek egiten du aurkikuntza berezi, hasteko: ez du parekorik.

Meategia induskatzen ari den taldeko buruak, Jesus Sesma arkeologoak, esan du «Nafarroan azken urteetan egin den aurkikuntzarik zirraragarrienetako bat» dela, baina zergatik? Aipatutako testuinguruarengatik, bistan da. Antzekorik ez delako ia. Baina latina ez den hizkuntza batean idatzita egoteak are interesgarriago bihurtzen du aurkikuntza, eta, horretaz jabetzeko, garai hartako testuinguru linguistikoa aintzat hartu behar da.

Erromatarren garaiko hizkuntza asko, gehienak, desagertu egin ziren. Iberikoa eta etruskoa, esate baterako. Erromak latinizatu zituen herri horiek, eta bertako hizkuntzak galdu zituzten. Etruskoaren kasuan, Kristo ondorengo lehen mendeko inskripzioetan, ikusten da elebitasunerako joera, eta badira Kristo ondorengo lehen mendeko Erromaren aurreko hizkuntzetako grafitiak Italian —oskeraz, esaterako—, baina, azkenean, latinak gaina hartu zien hizkuntza horiei guztiei. Erromak erroak bota zituen lurralde gehienetan gertatu zen horrela. Eta pentsatu behar da iberiarrak eta etruriarrak potentzia lokalak zirela garai hartan, baskoiak ez bezala.

Lantzeko meategiko inskripzioak erakusten du orain Nafarroa esaten zaion lurretan Erromaren aurreko hizkuntza batean idazten jarraitu zutela Erromaren administrazioa ezartzen hasia zen garaian. Ez hori bakarrik: Erroma iritsi aurretik erabiltzen zen alfabeto bat —zehazki esateko, signario bat— erabiltzen jarraitu zutela bertakoek, latina ongi zabaltzen ari zen garai batean. Nafarroako Gobernuko prentsa oharrak, ez jakin zergatik, ez du zehazten, baina signario iberikoan idatzia dago meategiko inskripzio hori.

Eta, beraz, ezinbestean, Irulegiko Eskuarekin harremanetan jarri behar da Lantzeko meategiko inskripzioa: signario iberikoan idatzita daude biak, eta euskararekin harremanen bat izan zezakeen hizkuntza batean. Hizkuntzalariek ez dute buruhauste gutxi eduki behar. Irulegiko Eskua bertako hizkuntza batean idatzita zegoela zalantzarik ez da, eta Lantzeko meategikoa hizkuntza beraren beste arrasto bat izan liteke. Gero, beste kontu bat da erabakitzea zer harreman gradu zuen hizkuntza horrek gaur egungo euskararekin, baina begien bistakoa da akitanierarekin eta egungo euskararekin senidetutako hizkuntza bat zela.

Irulegiko Eskuari data zehatza jarri zitzaion, zalantza handirik gabe, Sertoriok Erromako Senatuaren kontra eraman zuen gerran suntsitu zutelako herrixka, Kristo aurreko 80ko hamarkadan. Lantzeko meategiak, lehenagotik ere ustiatzen zirela ezagun den arren, erromatarren garaian hasi ziren modu antolatuagoan ustiatzen, eta meategia ikertzen ari den taldeak uste du Pompelo (Iruñea) eta Oiasso (Irun) arteko errepidea eraikitzeko garaitsukoa izan litekeela aurkitu duten inskripzioa. Hortaz, Erroma Hego Euskal Herrian hiri berriak eta errepideak eraikitzen hasi zen garaikoa da, Irulegiko herrixka suntsitu eta handik 50-60 bat urte geroagokoa; mende bat zaharragoa, gehien jota eta borobilduz.

Horrek adierazten du Irulegin —Erroma lurraldearen zati horretara iritsi berria zen garaian— erabiltzen zen idazkera bera erabiltzen jarraitu zutela Lantzen —Erroma bere administrazioa eta lurralde antolaketa ezartzen ari zen garaian—, hizkuntza berarentzat.

Zalantzak badira, noski. Hitz bakar bat da meategian topatu dutena, eta esanahi iluna du, nahiz eta XVII. mendean Arnaud Oihenartek erabilitako hitz batekin alderatu duten —beste buruhauste bat hizkuntzalarientzat—; ikae edo igae jar lezake, eta malda esanahia izan omen dezake. Irulegiko Eskuaren aldean, zehazki zer urtetan idatzia izan zen jakitea ere gaitza da. Baina aurkikuntza honek indartu egiten du Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren garaian egindako hipotesia: baskoien artean ohikoa zela signario edo idazkera iberikoa erabiltzea beren hizkuntzan idazteko, eta Erromak bere administrazioaren ezarpenean urratsak egin zituen garaian ere jarraitu zutela hala idazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.