Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu kontseiluak aldaketak onartu ditu pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga araudian, eta abenduaren 27ko 4/2024 Foru Araua zabaldu du. Berritasunen artean, artistikotzat jotzen diren jardueren trataera berezitua ezarri dute, eta horrek artisten etekin garbiari eragingo dio. Izan ere, diru sarrerei gastuak kenduta gelditzen den aldeari %40ko kenkaria aplikatzeko aukera ematen du erregelamendu aldaketak. Orain arte aplikatu izan den kenkaria %10ekoa izan da zergaren zuzeneko zenbatespen erraztuan. Gastuen kontzeptuan, berriz, amortizazioak, narriaduragatiko galerak eta justifikazio zaileko xahupenak hartzen dira kontuan.
Trataera berezi horren helburua zera da, jardun artistikoaren ezaugarriak aitortzea eta kultur arloko langile, artista eta sortzaileen egoera profesionala duintzea. Besteak beste, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, idazkuntza, musika, zuzeneko arteak eta Jabetza Intelektualari buruzko legean aintzatetsita dauden jarduera guztiak hartuko ditu kontuan. Halaber, jardun artistiko horiek aurrera eramateko behar diren ekinbide teknikoak ere aintzat hartzen ditu arauak, esate baterako, ekitaldietako muntaketak edo bigarren mailako jardun teknikoagoak. Bizkaiko Foru Aldundiko ogasun departamentuaren arabera, sektore horretan diharduten zergadunen %65ri egingo die mesede.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2023an ekin zion artisten egoera profesionala hobetzeko aldaketa prozesuari. Onartutako lehen aldaketa jarduera ekonomikoen atxikipen tasa murriztea izan zen: %15etik %7ra jaitsi zuen, jarduera horien etekin osoa 15.000 eurora iristen ez ziren kasuetarako, betiere etekin hori artistaren errenta iturri nagusia baldin bazen.
2024an beste zenbait doikuntza egin zizkieten Jarduera Ekonomikoen Gaineko epigrafeei; baita azpiepigrafe espezifiko bat sortu ere, bertsolarientzat.