«Musika tresna bat izaten hasi zen, eta gure heriotza iragar dezakeen zarata bihurtu da». Gerrak zer zarata duen galdetu zioten Euskal Herriko Unibertsitateko MHLI ikerketa taldeko kideek Xabier Erkizia soinu artistari, eta Aire errea erakusketa izan da haren erantzuna. Gernika-Lumoko Bakearen Museoan (Bizkaia) muntatu du, eta sirenen soinuari buruzko «arkeologia lan bat» da funtsean, egileak berak azaldu duenez. Sirenen kantuari eusteko Ulises heroia belarriak argizariz estalita eta itsasontziko mastari lotuta erakusten duen Kristo aurreko Greziako zeramika lan baten irudiarekin abiatzen da ibilbidea, eta une honetan Gazan lehertzen ari diren misilen lekukotza ematen duten bideoak ere txertatu ditu aretoan. «Bizirik ateratzen direnek entzuten dute leherketa». Uztailaren 7ra arte egongo da zabalik.
«2.000 urte baino gehiagoko ibilbide bat egin dugu sirenaren soinua nondik datorren eta zer erranahi izan dituen ulertu nahian», laburbildu du Erkiziak. Zeren eta, azaldu duenez, denborarekin eta testuinguruaren arabera, aldatuz joan baita soinu horri eman zaion zentzua. Lehen aretoan, horregatik, panel informatibo batzuen bidez izango du bisitariak asmakizun horren jatorriaren eta garapenaren nondik norakoen berri. Sortu, musika egiteko sortu zirelako sirena modernoak, baina bestelako aplikazio batzuk ere topatu zizkiotelako gutxira, eta Bigarren Mundu Gerran jo zuelako gailurra haien aplikazio militarrak.
«2.000 urte baino gehiagoko ibilbide bat egin dugu sirenaren soinua nondik datorren eta zer erranahi izan dituen ulertu nahian».
XABIER ERKIZIAArtista
Luigi Russolo artista futuristak 1913. urtean sirenekin sortutako kontzertuaren irudi bat topatuko du bisitariak lehen areto horretan. Teknologiak eta industrializazioak liluraturik, tresna berri haien hotsa baliatu zuen artistak bere pieza sortzeko. Milango La Scala famatuan ere eman zuen emanaldia, baina, Erkiziak gogoratu duenez, eten egin zioten. Eta, gaur egun, saio hori jo ohi da soinu artearen aitzindaritzat.
Europan egiaztatuak
Gernikan egonik, 1937ko apirilaren 26an herritarrei bonbardatzearen berri eman zien sirena ere ikus daiteke erakusketan. Lobak elkartekoek topatu eta berreskuratu zuten, eta egun martxan jartzen dute oraindik ere. Erkiziak gogorarazi duenez, bonbardaketa baino hilabete batzuk lehenago erosi zuen Astra enpresak, eta enpresaren iragarki baten azpian ikus daiteke sirena orain erakusketa aretoan. «Ez bizi beti ikaraz, Lesa alarma sirenak iragarriko dizu arriskuaren gertutasuna».
Eta kartel gehiago ere ikusiko ditu bisitariak sirena dagoen guneko hormetan. Bonbardatze bat egonez gero nola jokatu azaltzen dute batzuek. Propaganda afixak dira beste batzuk. Eta bada AEBetan sirenak saltzeko baliatutako beste iragarki bat ere, tartean, Gernikako sirena dagoen lekutik metro eskaseko distantziara. «Garaitu bonbardatzaileak. Salbatu bizitzak. Europan probatu eta egiaztatuak!».
Gernikako bonbardaketa ezagutu zuen lekuko baten hitzak hartu ditu oinarri Erkiziak erakusketari izenburua emateko. Haren arabera, sua piztu baitzuten bonbek herrian, eta su horrek erre egin baitzuen airea. Lekukotza horren moduko beste batzuk ere irakurri ahalko dituzte bisitariek aretoetako baten ertzean jarritako pantailan. Soinurik gabe. Idatziz. Gernikakoa bai, baina baita Salvadorrekoak, Kurdistangoak edota, berrienak, Palestinakoak ere.
Palestinako gerra hotsak
Birziklatutako egurrekin eta hogei bozgorailu ingururekin osatutako eskultura bat ere sortu du Erkiziak erakusketarako, eta hori da bisitariak aretora jaistean aurrez aurre topatuko duen lehen elementua. «Erakusketak irauten duen bitartean, besteak beste, entzungo dira Gazako biztanle batzuek bidali dizkiguten soinuak, eta, beraz, sirenen hotsa entzun ordez, droneen soinuak entzungo ditugu, adibidez».
Erkiziak gogora ekarri duenez, arrisku abisua zabaltzea ez ezik, izua zabaltzea ere izan da zenbait sirenaren funtzioa. Eta, kasu horretan, Gernika bonbardatu zuten hegazkinak hartu ditu gogoan. Azaldu duenez, naziek Jerikoko tronpetak deitutako sirena batzuk eraman zituztelako herria suntsitu zuten abioiek, zarata harekin herritarrengan beldurra eragitea beste funtziorik ez zutenak.
Herrialdez herrialdeko hainbat sirenek egiten duten hotsak biltzen dituen gela bat ere badu erakusketak, bestetik. Zarata horien irudia erakusten duten espektrograma batzuk daude zintzilik hormetan, eta zarata entzuteko aukera eskaintzen diete bisitariei haien ondoan jarritako QR kodeek. Gernikakoa ez ezik, Filipinetako, Txileko zein Txinako sirena batzuen hotsak ere entzun ahalko ditu horrela.
«Filmetako bonben jaurtiketen hotsa tranpa bat da. Bonbak jaurtitzen dituenak entzuten duen soinua da hori, ez bonba jasotzen dutenek entzuten dutena».XABIER ERKIZIAArtista
Gerraren zaratari buruzko saiakera moduko bat da erakusketa osoa, eta gogoeta horiek biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere ikus daiteke, horregatik, azken aretoan. Eta, hain zuzen, zinemak gerraren zarata entzuteko dugun moduan izan duen eraginaz egin du gogoeta. Azaldu duenez, filmetan bonba baten erortzea irudikatzeko txertatu ohi den soinu gero eta grabeago eta apalago hori ez baita neutroa. «Tranpa bat da soinu hori», esan du. «Imitazio horrek ere jartzen gaitu leku batean: bonbak jaurtitzen dituenak entzuten duen soinua da hori, ez bonba jasotzen dutenek entzuten dutena. Jaurtitzailearen lekua hartzen dugu, eta, nahi edo ez, gure narratiba hortik abiatzen dugu».
Gernikari buruzko kongresua
MHLI ikerketa taldeko hiru kide aritu dira erakusketako komisario lanetan: Andere Larrinaga, Mikel Onandia eta Ismael Manterola. «Erkizia erreferente bat da guretzat», azaldu du Manterolak, «soinu artearen esparruan bereziki, eta erakusketa egiteko puntako artista bat nahi genuen aldamenean».
Ikerketa taldeak Gernikari eskainitako programa zabalago baten parte da erakusketa, halere. Gernikako bonbardaketari eta haren trauma historikoari buruzko kongresu bat ere antolatu dutelako ekainaren 13an eta 14an. Gernika(k) jarri diote izena, Gernika-Lumon bertan egingo dute, eta, 1937ko erasoaren errepresentazio kulturala ez ezik, Pablo Picassoren koadroaren eguneratzeari buruzko hausnarketak ere jasoko dituzte.