Inprobisazioa... metafisika da!». Etengabeko lan tresna du inprobisazioa Jone San Martin dantzari eta koreografoak, eta, horregatik, ez zuen arazo handirik izan hari buruzko definizio bat inprobisatzeko Donostian apirilean eskainitako emanaldiaren aurretik. «Inprobisatzean, jakitearen eta ez jakitearen artean zaude, eta oreka horri eustean datza. Kontua ez da dakizuna frogatzea, baizik eta ez dakizunarekin jokatzea». Horrek bilakatzen du erakargarri inprobisazioa sortzaileentzat. Bertsolarientzat argi, baina baita beste diziplinetako artistentzat ere. Nola dantzatzen da zer dantzatuko duzun ez dakizunean? Nola jotzen da zer joko duzun ez dakizunean? Nola antzezten da zer antzeztuko duzun ez dakizunean? Gustatzen zaie beren burua puntu horretan jartzea Josetxo Goia-Aribe saxofoi jotzaileari, Olatz De Andres dantzariari eta Pablo Ibarluzea antzerkigileari, eta bakoitzak bere erantzunak inprobisatu dizkio BERRIAri.
«Arauak haustea». Inprobisazio hitza entzun, eta aditz hori datorkio burura berehala Goia-Ariberi. Dioenez, ezarritako bideetatik atera, eta musikariaren sakoneko izaera azaleratzen laguntzeko balio du inprobisazioak. Edo, behintzat, horregatik zaio berari hain liluragarri. «Inprobisatzean, zure gogoa halako zuritasun batean uzten duzu. Yoga munduan gertatzen den zerbait da hori, eta hori da lortu behar duzuna. Egon behar duzu erlaxatuta, oso lasai, eta kontuan hartu behar duzu zurekin badirela musikari gehiago, eta hor biltzen direla elkarri, elkarren, elkarrekiko eta elkar hitza deklinatzeko forma guztiak. Zu zaude, eta daude bertzeak. Eta saiatu behar duzu pentsamendua ahalik eta zuriena eta lokartuena edukitzen, eta, lokartze horretatik ernatzean, suertatuko dira gauzak, edo ez. Inportanteena da, inprobisatzen ari zarelarik, poltsikotik mugikorra lapurtzen badizute zu konturatu ere ez egitea».
Baina sorkuntza oro da bat-batekotasun klaseren baten emaitza, Goia-Aribek dioenez. Haren hitzetan, denbora da inprobisazioa eta sortze prozesua bereizten dituen bakarra. «Ideia bat etortzen zaizunean, bat-batekotasun batek eraginda, lapitza hartu eta idatzi egiten duzu. Zer gertatzen da? Musikariak, esaterako, agudo egin behar duela hori, eta jendeari erakutsi ahala landu behar du sorkuntza prozesu hori. Konpositoreak, berriz, inprobisazioak eraginda etortzen zaion ideia hori mantso eta poliki hartzen du, paperera eramaten du, idatzi, eta hori landutakoan erakusten dio publikoari. Denbora da kontua».
Musikari izateaz gainera, musika irakasle ere bada Goia-Aribe Musikene goi mailako musika eskolan, eta hain zuzen ere inprobisazio eskolak ematen dizkie ikasleei. «Atrila pasilloan uztea da egiten dugun lehen gauza, eta horrek sorrarazten du halako bertigoa, baina sorrarazten du halako erakargarripintasuna ere». Erakargarripintasuna? Barrez eman du erantzuna musikariak. «Bai, erakargarripintasuna, fabrikatu egin dut oraintxe hitz bat». Bada, halere, inprobisatzen ikasteko ezinbesteko beste elementu bat ere. «Inprobisatzeko behar-beharrezkoa da inprobisatzeko gogoa izatea, eta, hortik aurrera, bada Nafarroan erabili ohi dugun gaztelerazko esaldi bat zer egin behar den azaltzen duena: 'Nola ikasten da zikiratzen? Ba potroak mozten eta mozten'. Praktikatu egin behar da, baina betiere hor gibelean horretarako gogoa duzulako, bertzenaz jai; ez du zentzurik».
Ia-ia, dantzan ari den bitartean mintzatu da dantzaz Olatz de Andres dantzaria. Bilboko Azkuna zentroan aritu da herenegun estreinatu zuten pieza prestatzen, eta atsedenaldian inprobisatu du bere definizioa. «Inprobisatzea da... orainaldian egotea. Orainaldiak esaten duena irakurtzen saiatu, eta hori mugimendua sortzeko baliatzea». Eten bat egin du hor, eta baina bat gehitu dio gero esandakoari. Dioenez, badirelako inprobisazioa lantzeko hainbat modu. «Zerotik has zaitezke, edo behintzat zero moduko batetatik. Ahalik eta punturik zurienera heldu, eta mugimenduari hortik sortzen uztea da klabea halakoetan. Baina has zaitezke inprobisazioan kontsigna edo pauta bat ezarrita ere. Pauta horiek izan daitezke espazioan diagonalki mugitzea, mugimenduak artikulazioetatik edo hezurretatik abiatzea, mugimenduak lurrerantz bideratzea... Baina hala aritzean ere, aurrez zehaztu gabea da gertatuko dena».
De Andresentzat, inprobisazioa ez da helburua, halere. Sorkuntzarako tresna da harentzat. Inprobisazio bidez hasten du lana, baina zorroztu, findu eta zehaztu egiten du gero ariketa horien bidez lortutakoa. Argia da bere kasuan prozesua: inprobisaziotik hasi, eta koreografian buka. Dioenez, teknika bezain ezinbesteko zaio inprobisazioa lanerako. «Ahaldundu egiten zaitu. Inprobisazioan murgiltzean, beti dago galtzeko arriskua, baina lagungarria da zeure burua gorputz bakan gisa kokatu, eta zeure mugitzeko modua topatzeko». Bat dator horretan Goia-Ariberekin: dantzariaren alderik propioena azaleratzen laguntzeko balio du inprobisazioak.
Bi muturren artean
«Inprobisatzean etengabe zabiltza erabakiak hartzen», dio dantzariak. Koreografoa den lagun bati entzundako dantzari buruzko definizioa hartu du oraingoan ahotan: «Dantzatzea jo eta su pentsatzea da». Eta, dioenez, are muturrekoagoa da sentsazioa inprobisatzerakoan. «Kontzientearen eta inkontzientearen arteko egoera moduko batean sartzen zara. Erabakiak hartzen zabiltza etengabe, baina ikaragarri polita da egiten ari zarenak ihes egiten dizula sentitzea. Bi mutur horien artean zabiltza nabigatzen; erabakiaren eta jitoaren artean». Ohiturak ere badira, halere. Mugimendu zehatz batzuetarako berezko joera moduko bat du gorputz bakoitzak, eta horrek ere badu bere garrantzia dantzak inprobisatzean. «Batzuetan, halako momentu sublimeak izaten dira, zeintzuetan ez duzun zeure burua ere errekonozitzen. Baina, beste batzuetan, zu zara egiten ari zarena eutsi behar duena, eta zu zeu mugitu beharra duena».
Iturri askotatik edaten du Goia-Aribek musika sortzean, baina jazzarekin lotzen ditu gehienetan. Asko lantzen da inprobisazioa jazzean, eta, adierazi duenez, zuzeneko emanaldietan birtuosismorantz jotzen dute sarri musikariek. Txandaka egiten dituzte bat-bateko saio horiek askotan. Bukatu batak inprobisazioa, jendeak txalo, hurrengo musikariak are luze eta zailago, txalo gogorrago jendeak... «Jazzak badu bere marka hori, baina ez dezagun pentsa birtuosismo horretan bakarrik. Hori gertatzen da, bai. Inprobisazioak badu bere nartzisismo puntua ere. Gauza bat da psikologoek erraten duten Ni hori, eta, gero, bada Egoa! [Barre]. Arriskutsua izaten da hori. Adibidez, Xalbador bertsolaria, inprobisatzen ari zelarik, ez zen nartzisismo ariketa bat, zen eduki mamitsuz eta umiltasun ikaragarriz jantziriko bertsoa. Horra adibide bat; horrantz joan nahi nuke. Erreferentzia marko handia da Xalbador niretzat».
Tresna modura darabil inprobisazioa Pablo Ibarluzea antzezle, antzerki zuzendari, clown eta antzerki irakasleak ere. Esplorazio ariketa bat da harentzat. «Barruan dagoena ateratzeko balio du. Norbait jartzen duzunean egoera baten aurrean, eta eskatzen diozunean erreakzionatzeko, aktorearen inpultsurik sakon eta organikoenak atera nahi dituzu. Asko landu nuen hori ikasle nintzela, eta orain ere asko lantzen dut irakasle naizenean». Zuzendari lanetan ere inprobisazioa baliatzen du antzezlanetarako materiala biltzeko. De Andresek bezala funtzionatzen du berak ere horretan: inprobisazioarekin hasi, pieza itxiarekin bukatu.
Baina nola erabaki zein material erabili eta zein baztertu? Matrix metodoa dei dezakeguna erabiltzen du Ibarluzeak. «Matrix filmean gertatzen denaren moduko zerbait da bilatzen dudana: irudia argi ikusten da gehienetan, baina, bat-batean, pixel arraro bat sartzen da tartean, irudiarekin erabat bat egiten ez duena, eta horrek esan nahi du hor zerbait gertatzen dela. Une horretan, aktorea aurrez planteatua zuen horretatik ateratzen da. Aktoreari gain hartzen dio gertatzen ari denak, eta zerbait organikoa gertatzen da. Kalkulatu gabeko adierazpen bat». Puntu hori da Ibarluzeak bilatzen duena. «Momentu horretan, aktorearen barru-barruan gaude. Aktorea formak apaintzen baldin badabil, mugimendua dekoratzen ari baldin bada, polit aritu nahian baldin badabil, seinalea zer egin eta zer ez egin hautatzen ari dela, eta, hain zuzen ere, zeure burua zuzentzera heldu aurreko momentuan kokatu behar da inprobisazioa, sakonean zer dagoen ikusi ahal izateko».
Nork bere burua «ezabatu»
Ez du gogoan bizitzan egindako lehen inprobisazioa, baina bai Parisen antzerki ikasketak egiten zebilela eginiko lehena. «Eskolako lehen eguna zen, baita eguneko lehen eskola ere. Ni eta beste neska bat izan ginen inprobisazioa egitera atera ginen lehenak, eta gogoan dut jarri ziguten egoera ere: kalean doazen bi pertsona gurutzatu, eta zerbait gertatzen da». Zehatz gogoratzen du eszenan egin zutena. «Israeldarra zen nirekin eszenan zegoen neska, eta puntu dramatikoa izan zuen inprobisazioak». Izan ere, nor bere motxilarekin heltzen da bakoitza inprobisaziora, Ibarluzeak dioenez. Eta, hain justu, motxila horrekin jolasten jakitea da aktorearen lana. «Zeure burua ezabatzen ere jakin behar duzu. Garrantzitsua da tresna asko eta bizitza handiarekin heltzea inprobisaziora, baina era berean kideak egiten duenak eralda zaitzan utzi behar duzu. Inprobisazioak hasi behar dira zalantzekin».
Tresna du egun inprobisazioa, baina helburu ere izan zuen inoiz. Eta ariketa bakoitza pasioz bizi badu ere, onartzen ditu metodoaren mugak. «Ni neu aritu naiz aktore inprobisazio emanaldietan Bartzelonan bizi nintzenean. Badaude inprobisazio emanaldietarako formula batzuk, eta nazioarteko lehiaketak ere egiten dira. Aritu naiz formatu horietan, baina urteekin bide hori utzi nuen. Gertatu zitzaidan une batetik aurrera formatu hori motz gelditzen zitzaidala esateko neukana esan ahal izateko. Berdin gertatu zitzaidan kale antzerkiarekin. Oso erritmo bizikoa da kale antzerkia; bost segundotik behin harrapatu behar duzu ikuslea, bestela beste norabait joaten delako. Unean-uneko inprobisazioari hain loturik egoteak batzuetan sakontasuna galtzera baitzaramatza».
Argi du, halere: inprobisatzea da inprobisazioa ezagutzeko modu bakarra. «Inprobisazioetan bilaketa da klabea, ez ezer topatzea. Bilaketa bera da emaitza».
ZER SORTU JAKIN GABE SORTZEN DENA
Nork bere baitan duen propioena ateratzeko bide da batzuentzat, eta sorkuntza landuagoak abiatzeko tresna beste askorentzat, baina diziplina guztietako sortzaileak liluratzen ditu inprobisazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu