Maddik zortzi urte ditu, eta bere buruaz beste egiten saiatu da. Jokin Oregi antzerkigileak gertakari horrekin abiatu du Non dira haurrak? antzezlana. Halere, ikusleek helduak baino ez dituzte ikusiko oholtzan, zeren, Maddiren kasutik abiatu arren, ume horren inguruan dauden helduen eta, ondorioz, inguruan daukan gizartearen erretratu koral bat egitea izan baita Oregiren helburua. «Umeengan dugun eraginaz hitz egiten da obra honetan», azaldu du Oregik. «Batzuetan, uste dugu gerrek eta halako gai potoloek izaten dutela eragin kaltegarria umeetan, baina uste dut gertukoengandik iristen zaiela eraginik handiena, eta gurasoak ez badaude ondo, eta ez badago hor nolabaiteko oreka emozional bat, hori ere iristen zaie. Eta zer da, bada, guri gertatzen zaiguna? Horren inguruan josi dut dramaturgia osoa». Maddiren ispiluan ikusten den munduaz ari dela obra, alegia.
Ikusi gehiago
Oregik idatzi eta zuzendu du lana, Tartean teatroak eta BBK Aretoak ekoitzi dute, eta Iraia Eliasek, Getari Etxegaraik, Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatu dute aktore taldea. Irailaren 28an eta 29an estreinatuko dute, Bilboko BBK aretoan. Urriaren 4an, 5ean eta 6an gazteleraz ere emango dute, eta, saio horietan, Sandra Ferrus aktorea arituko da Eliasen ordez.
«Helduentzako obra bat da». Antzezlanari buruzko azalpenekin hasi aurretik, oharra egitera behartuta ikusi du bere burua Oregik. Izan ere, Marie de Jong konpainiako kide ere bada Oregi, eta, hain zuzen ere, nagusiki haurrentzako hitzik gabeko antzezlanak egiteagatik lortu du sona talde horrek. Baina helduentzat eta hitzekin egin du lan oraingoan. Eta, dioenez, pertsonaiei hitz egiten uztea izan da, hain zuzen ere, antzezlana osatuz joateko aukeratu duen modua.
«Batzuetan, uste dugu gerrek eta halako gai potoloek izaten dutela eragin kaltegarria umeetan, baina uste dut gertukoengandik iristen zaiela eraginik handiena»
JOKIN OREGIIdazlea eta antzerki zuzendaria
Oregi: «Pertsonaiek hitz egiten dute obran, eta hitz egiten eta hitz egiten eta hitz egiten utzi nien nik, haien egia atera zedin, edo egiantzekotasuna izan zezakeen zerbait. Eta zer gertatu zen? Bada, pertsonaiak kontraesanez beteta daudela, eta behin esaten dutela gauza bat, eta bi paragrafo geroago kontrakoa esaten dutela, irmotasun berberarekin». Eta pertsonaien konplexutasun horri eustea izan da erronketako bat.
Aparteak eta absentziak
Antzezlanaren bi berezitasun formal nabarmendu ditu Oregik. Izan ere, aktoreek behin baino gehiagotan egingo dituzte aparteak, eta, beraz, zuzenean hitz egingo diote publikoari. Hori alde batetik, eta, bestetik, haurrei buruz arituko diren arren, haurrik ez da izango eszenan. «Umeei hitz egiten diegu, baina oholtzan ez da umerik egongo, nahiz eta aktoreek hitz egingo duten han baleude bezala».
Eta, hain zuzen, horregatik erabaki zuten Bilboko Koral elkartearen haurren abesbatzarengana jotzea: Oregik deskribatutako aldibereko absentzia eta presentzia hori irudikatzeko. Adrian de los Ojos konpositoreak emanaldirako propio sortutako musika eskainiko du zuzenenean 40 haur inguruk osatutako taldeak, eta Miren Agur Meabek idatzitako hitzak baliatu ditu horretarako. Musikari eta konpositoreak azaldu duenez, saiatu da musikaren bidez argi puntu bat sartzen antzezlanaren tonu dramatikoari laguntzeko.
«Irakurri nuenean, oso testu gordina iruditu zitzaidan, baina, era berean, publikoari mintzatzen zaionez, publikoarengan zerbait esnatzeko gogoa ere igartzen zaio»
IRAIA ELIASAktorea
Maddiren psikologoaren rola jokatzen du Iraia Eliasek antzezlanean, eta testuaren gordintasuna nabarmendu du. «Irakurri nuenean, oso testu gordina iruditu zitzaidan, baina, era berean, publikoari mintzatzen zaionez, publikoarengan zerbait esnatzeko gogoa ere igartzen zaio».
Getari Etxegarai aktoreak esan du orain arte nagusiki komedian egin duela ibilbidea. Maddiren amaren rola jokatzen du antzezlanean. Horregatik esan du «opari bat» izan dela kutsu dramatiko horretan ere lan egin ahal izatea. «Bakoitzak bere bakarrizketa balu bezala goaz, eta bakarka egin dugu lan horregatik. Gero, bi egunetan egin dugu lan elkarrekin, eta denak zentzua hartu du».
«Bakoitzak bere bakarrizketa balu bezala goaz, eta bakarka egin dugu lan horregatik. Gero, bi egunetan egin dugu lan elkarrekin, eta denak zentzua hartu du»
GETARI ETXEGARAIAktorea
Ikusleen maila berean jarriko dituzte aktoreak, kasu honetan. Eserlekuak egon ohi diren esparrura jaitsiko dute oholtza horretarako. Edonola ere, BBK aretoan bakarrik izango da haur abesbatza ikusteko aukera, eta bertan bakarrik jarriko dute oholtza jende artean. Gerora egingo dituzten saioetarako, agertokian jarriko dituzte aktoreak, eta musika ere ez da zuzenean eskainiko.
Oraingoz, azaroaren 3an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo dutena da zehaztua duten saio bakarra, baina aurrerantzean emanaldi gehiago ere lotzeko asmoa azaldu du lan taldeak.