David eta Benji lehengusuak dira. Txikitan anaiak bezalakoak ziren, beti zebiltzan elkarrekin, baina orain, 40 urteren bueltan dabiltzala, aspaldian ez dute elkar ikusi. David New Yorken bizi da, emaztearekin eta alabarekin, eta iragarki digitalak saltzen lan egiten du. Arduratsua da, serioa, sentimenduak erraz adierazten ez dituzten horietakoa. Benji, aldiz, desastre samarra da: langabea, lana bilatzeko asmo handirik gabekoa, hazi nahi ez duen haur bat. Azkarra da, umoretsua, eta bere pentsamendu eta sentimenduak kontatzen ditu ezer gorde gabe. Davidek eta Benjik talka egiten duten nortasunak dituzte, eta mundua ulertzeko era guztiz ezberdinak.
Bi lehengusuak aireportuan elkartuko dira. Poloniara doaz, amonaren jaioterria ezagutzera. Amona Dory kontzentrazio esparru batetik ihes egitea lortu zuen judu bat zen, eta, hil baino lehen, bere nahia adierazi zien Davidi eta Benjiri. Lehengusuak, beraz, Varsoviara abiatuko dira Holokaustoaren Tourra deiturikoa egitera. Horretarako, talde batera batuko dira, judaismoarekin eta historiarekin gertuko harremana duten zenbaitekin batera: Marciaren aitona-amonek Holocaustotik ihes egitea lortu zuten, Mark eta Diane senar-emazteek arbaso juduak dauzkate, eta Eloge, berriz, Ruandako genozidiotik ihes egin, eta judaismora batu zen. Eta tourraren gidari James izango dute: Oxforden lizentziatutako gazte bat, judua ez dena.
Jesse Eisenberg aktore moduan da ezaguna zinema munduan. Hogei urte baino gehiago egin ditu aktore lanetan, besteak beste The Squid and the Whale, Zombieland, The Social Network, Now You See Me eta Café Society filmetan parte hartuta. Eisenbergen pertsonaiek energia bera transmititzen dute; normalean pertsonaia frustatuak dira, ironikoak, sozialki trakets samarrak, eta urduritasunez eta antsietatez beteak. 2022an hasi zen Eisenberg zinemagile lanetan, When You Finish Saving the World lana idatzi eta zuzendu zuenean; kritikaren esanetan oso Jesse Eisenberg den filma. Bigarren film luzea, A Real Pain, iazko Sundance jaialdian estreinatu, eta gidoirik onenaren saria irabazi zuen.
Eisenbergek izaera kontrajarriak dituzten bi lehengusu horien bidaiaren istorioa kontatu du A Real Pain filmean, road-trip eran kontatua. Baina Eisenberg berak eta Kieran Culkinek antzezturiko bi pertsonaia horiek umorerako tarte asko uzten badute ere, zinemagile estatubatuarrak ez du arintasunez landu geruza horien azpian dagoena: nola sentitzen dugu gizakiok oinazea? Eta nola alderatzen da tragedia historikoen zamarekin? Zer egin gure arbasoen oinaze eta iraupen istoriekin?
'A Real Pain'
Zuzendaria: Jesse Eisenberg. Gidoilaria: Jesse Eisenberg. Aktoreak: Jesse Eisenberg, Kieran Culkin, Will Sharpe. Argazkia: Michal Dymek. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 89 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak. Estreinaldia: urtarrilaren 10ean estreinatuko da Hegoaldean, eta otsailaren 26an Iparraldean.
Beste estreinaldi batzuk:
'The Human Hibernation'
Zuzendaria: Anna Cornudella. Gidoilariak: Lluis Sellares, Anna Cornudella. Aktoreak: Clara Muck Dietrich, Brian Stevens, Neil O'Neil, Janet Hubbell. Argazkia: Artur-Pol Camprubi. Generoa: zientzia fikzioa. Urtea: 2024. Iraupena: 90 min. Herrialdea: Katalunia.
Erin haurra behar baino lehenago esnatzen da bere hibernaziotik, eta, hura desagertu ondoren, Clarak, haren ahizpa zaharrenak, bidaia bat hasiko du erantzun bila eta gizarteak ezarritako narratibak aurrez aurre jartzeko. Urteko hilabeterik hotzenetan hibernatzen duen gizarte batean kokatu, eta gizakiari, haren kontraesanei eta animaliatasunari buruzko hausnarketa.
'DESMONTANDO UN ELEFANTE'
Zuzendaria: Aitor Echevarria. Gidoilariak: Aitor Echevarría, Pep Garrido. Aktoreak: Emma Suarez, Natalia de Molina, Dario Grandinetti. Argazkia: Pau Castejon. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 82 min. Herrialdea: Espainia.
Marga arrakasta handiko arkitektoa da, eta etxera itzuliko da bi hilabetez errehabilitazio zentro batean egon ondoren. Itzuli eta gero, Marga bere aurreko bizimodua berregiten saiatuko da. Blancak, haren alaba gazteenak, ikusiko du amari ematen dion arretak nola eragiten dien beraren harremanei eta dantzari profesionala izateko ametsari.
'sing sing'
Zuzendaria: Greg Kwedar. Gidoilariak: Clint Bentley, Greg Kwedar, John H. Richardson. Obra: Brent Buell. Istorioa: Clarence Maclin, John Divine G Whitfield. Aktoreak: Colman Domingo, Clarence Maclin, Sean Blackman. Argazkia: Patrick Scola. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 105 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.
Sing Sing Zentzategia munduko segurtasunik handieneko espetxe ospetsuenetako bat. Espetxeratutako preso talde txiki batek bere antzezlan propioa muntatu nahi du, antzerki tailer baten parte gisa. Arte eszenikoen bidez, gizon horiek mundua merezi duen leku gisa ikustea lortuko dute.