«Oholtza gure bizitzako beste esparruak bezala da. Kalean homofobia baldin badago, oholtzan ere bai. Dena kapitalismoaren gidaritzapean baldin badago, oholtza ere bai». Musika Bulegoak bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu egunotan Bilbon, LGTB kolektiboak musikaren esparruan dituen erronkak aztertzeko. Zinegoak jaialdiarekin eta Anitzak elkartearekin lankidetzan antolatu ditu saioak, eta BERRIA da babesleetako bat. Identitate disidenteek oholtzan bizi dituztenez aritzeko batu zituzten Amets Aznarez musikaria, Aner Peritz bertsolari eta BERRIAko kolaboratzailea eta Yogurinha Borova musikaria atzo, La Sinsorga gunean, eta Aznarezek hitza hartu bezain pronto desegin nahi izan zuen eszenatokiaren eta gainerako errealitatearen artean egon daitekeen amildegi sinbolikoa. Gogoratu zuenez, oholtza ez da salbuespena, eta, hain zuzen ere, horregatik da borrokarako esparru bat gehiago. Horregatik, gune hori eraldatu beharra nabarmendu zuten hiru hizlariek, eta eraldaketa horri laguntzeko hainbat jarraibide emanez amaitu zuen saioa Peritzek.
Olaia L. Garaialde kazetariak gidatu zuen saioa, eta hiru hizlariak, sortzaileak ez ezik, militanteak eta sexu/genero disidenteak ere badirela nabarmendu zuen aurkezpenean, eta disidentzia horri buruzko bizipenak eta gogoetak plazaratu zituzten sortzaileek. Esaterako, lan militante horren eta sorkuntza lanaren arteko bidegurutzean bertan jarri zuen begia Aznarezek.
«Oholtza gure bizitzako beste esparruak bezala da. Kalean homofobia baldin badago, oholtzan ere bai. Dena kapitalismoaren gidaritzapean baldin badago, oholtza ere bai»
AMETS AZNAREZMusikaria
Aznarez: «Gaur egun ere oholtza ez da guretzat leku segurua: disidenteontzat, emakumeontzat, arrazializatuontzat... lista luze hori. Eta benetan gogorra da, ze bi lan egin behar dituzu. Batetik, moldatu egin behar zara existitzen den bertso saio molde jakin horretara, adibidez, eta gizon zis hetero bat izan behar duzu ondoan, eta, ikusi behar duzu jendea hura txalotzen eta zu ez hainbeste, eta, horrez gainera, bestetik, azaldu behar duzu zergatik leku hori ez den segurua, eta zuretik egin behar duzu eta zintzoa izan behar duzu, eta, gainera, ahal bada, saiatu behar zara zerbait apurtzen, oholtzan ere apurtu beharreko gauza gehiegi daudelako. Energia eta indar handia jartzen ari gara oholtza leku segurua izan dadin lortzeko».
Legitimitateaz
Eta, hain zuzen ere, ekarpen artistiko horretaz gainerako beste ekarpen horren balioa nabarmendu zuen musikariak: «Nik nahi dut antolatzaile den udalak ulertzea zergatik ez dauden gauza batzuk ongi, edo nire ondoko musikari gizonak ongi hitz egitea emakumezko zerbitzariari, arrazializatua delako. Tronboia jotzea baino askoz ere gehiago inporta zait hori lortzea». Horregatik azpimarratu zuen festa ez-mistoen edo batzar ez-mistoen garrantzia. «Badakizu leku hori segurua dela, eta zure lanean eta zure sorkuntzan zentratu ahal zara».
«Badirudi gure gauzak ez direla orokorrak, eta besteenak bai, besteenak badirela inportanteak. Horregatik da garrantzitsua gu izatea gauza jeneralen ordezkariak ere, nahiz super sarkin sentitzen garen»
ANER PERITZBertsolaria
Peritzek gogoeta egin zuen kulturgintzaz aritzeko legitimitateaz, eta tarteka deserosoa izan arren diskurtsoa sortzen duten esparruetan ere hitz egin beharraz aritu zen. «Denbora guztian gizonak eta heteroak ari dira musikagintzaz, bertsolaritzaz eta performer izateaz, eta gu, berriz, performer LGTBI izateaz ari gara, musikari LGTBI izateaz eta bertsolari LGTBI izateaz. Uste dut inportantea dela guk hartzea genero disidentziarekin loturarik ez daukaten baina gu ere interpelatzen gaituzten gauzen agentzia nagusia».
«Nor irudikatzen dugu euskalgintzaren subjektu inportantetzat?», galdetu zuen bertsolariak, eta euskalgintzaren esparrura eraman zuen gogoeta gero. «Gure herrira norbait eramaten dugunean hitzaldi bat ematera, zergatik eramaten ditugu Iñaki Iurrebaso, Jaime Altuna eta Jon Sarasua, eta zergatik ez gara gu joaten? Ze guk ere euskalgintzaz badakigu, eta euskaran ere militatzen dugu. Baina gu euskara eta LGTBIri buruz hitz egitera joaten gara». Eta horregatik proposatzen du gune horiek ere hartu beharra. «Bestela, gu beti ari gara gure gauzei buruz, eta badirudi gure gauzak ez direla orokorrak, eta besteenak bai, besteenak badirela inportanteak. Horregatik da garrantzitsua gu izatea gauza jeneralen ordezkariak ere, nahiz eta lotsa ematen digun, nahiz eta super sarkin sentitzen garen, nahiz eta sentitzen dugun ez dugula leku hori merezi».
«Ni 2011n hasi nintzen musika egiten eta zabaltzen, eta Durangoko Azokan egon nintzen lehen aldia oso heavya izan zen, heavy-heavya. Orain aldatu egin da hori. Orain jende gaztea oso potente dator»
YOGURINHA BOROVAMusikaria
Borovak gogora ekarri du lehen aldiz Durangoko Azokara joan zenean bizi izandakoa. «Diskoetxekoek eta azokaren antolatzaileek ez zekiten nirekin zer egin». 1994an hasi zen Borova oholtzan, eta bi hamarkadaren ostean egin zuen musika sortzeko jauzia. Trantsizio sasoi hartaz jardun zuen artistak Bilbon. «Ni 2011n hasi nintzen musika egiten eta zabaltzen, eta Durangoko Azokan egon nintzen lehen aldia oso heavya izan zen, heavy-heavya. Orain aldatu egin da hori. Orain jende gaztea oso potente dator, eta gauzak aldatzen ari dira». Edonola ere, aldaketa horiek «oso motel» gertatzen ari direla nabarmendu zuen Borovak.
Oholtzaren ingurukoak
Hain zuzen ere, Aznarezek gogoratu zuen are motelago gertatzen ari direla oholtzaren inguruko aldaketak. «Oholtza eta oholtza inguruko langile guztiak kontuan hartuta, gainean egotea da errazena. MIN elkarteak gidatutako formakuntza saio bat egin genuen aurrekoan, eta han esan zuten gauza bat buruan bueltaka izan dut geroztik. Esan zuten gizarteak espero gintuela oholtzan. Onartuak gaude eta espero gintuzten. Jendeak behar du hori, oso ikusgarria baita Kafe Antzokian azken hogei urteetan nor aritu diren ikustea eta ohartzea 150 artistatik gora aritu direla eta haietako bost izan direla emakumeak, baina badaude beste ñabardura asko». Eta oholtzatik kanpoko esparru horietan eragin beharraz aritu zen musikaria: «Oholtzaren gainean espero gintuzten, baina ez gaituzte espero jai batzordean esanez: 'Aizu, orain arte larunbatean jotzen duen talde handiari ez diogu utziko lekua, eta herriko neska talde txikiari utziko diogu, eta 23:00etan joko dute, eta ez 45 minutuz, baizik eta ordubete».
«Gizonek ez gaituzte entzuten. Berdin zaizkie gure hitzaldiak, gure podcastak. Eta hori ere bada seinalatzekoa. Ei, esklusio ariketa bat egiten ari zara hau ez entzuteko»
AMETS AZNAREZMusikaria
Publikoari ere erreparatu zion Aznarezek. «Askotan pentsatzen dut nor miresten dugun», jarraitu zuen. «Programatzailea ere banaiz beste lan batean, eta emakume pilo bat programatzen ari naiz, eta sinesgaitza da: inoiz ez da gizonezkorik agertzen publikoan. Igual nobioren bat. Baina ez gaituzte entzuten inoiz. Berdin zaizkie gure hitzaldiak, gure podcastak. Eta hori ere bada seinalatzekoa. Ei, esklusio ariketa bat egiten ari zara hau ez entzuteko».
Oholtzak eskainitakoak zirrikituak izan daitezkeela onartuta ere, Peritzek uste du baliatu egin behar direla zirrikitu horiek. Aitortu zuen, esaterako, oholtzan ariko ez balitz zail egingo litzaiokeela bertan esaten dituen gauza batzuk esatea. «Sistematikoki eta egituraz azpiratzen zaituen egitura batean, beste esfera batek, kasu honetan oholtzak, aukera ematen badizu beraiekiko biolentzia batzuk ezartzeko, ba, aurrera. Hartu egin behar ditugu dauzkagun aukerak. Oholtzak boterea ematen badigu, ematen digun hori hartu beharko dugu; ze, bestela, ematen du ez daukagula eskumenik horretarako. Gauza batzuk oholtzan bakarrik esan baditzakegu, ba, oholtzan esan».
Ekintza zehatzak
Oholtza eraldaketarako tresna gisa erabil daitekeela argudiatu zuen Peritzek, eta hori lortzeko puntuz puntuko jarraibide sorta bat ere aurkeztu zuen saio amaieran. Disidenteei dagokienez, esaterako, «konfrontazio transfeminista» horretan jarraitu beharra azpimarratu zuen, eta hori lortzeko egin daitezkeen lau ekintza posible zerrendatu zituen, irribarrea ezkutatu gabe. Bat: «Gizon edo talde edo pertsonaia konkretuen ekintza konkretuak seinalatu eta aldaketa zehatzak exijitu». Bi: «Gizonei betoa jarri». Hiru: «Antolakunde eta mugimendu mistoetan kupo zorrotzak ezarri, plan feministen bidez, eta gero betearazi». Eta lau: «Gure desira artistiko eta festiboak birplanteatu, antolatu eta landu».
«Gizonek ere kupo propioak ezarri ditzakete, adibidez, erabakiz ez parte hartzea emakume eta disidente baino gizon gehiago dituzten saioetan»
ANER PERITZBertsolaria
Eta zer egin dezakete eraldaketan lagundu nahi duten gizonek? Beste lau ekintza posible zerrendatu zituen Peritzek horretarako ere. Bat: «Kupo propioak ezarri eta bete; adibidez, erabakiz ez parte hartzea emakume eta disidente baino gizon gehiago dituzten saioetan». Bi: «Esklusiboki gizonenak diren talde eta elkarterik ez sortzea». Hiru: «Euren lagun guztiak gizonak direla ikusten badute, lagunak alda ditzakete». Eta lau: «Oholtza monopolizatzeari utzi, eta nahi badute oholtzetatik jaitsi».
Gaur izango dute bigarren eguna jardunaldiek. Bilborocken egingo dira solasaldiak, eta 18:00etan hasiko dira. Clubbing kulturaren eta LGTBI kolektiboaren arteko harremanez arituko dira lehenik, 19:00etan Euskal Herriko bideoklipak aztertuko dituzte, queer ikuspegitik, eta 19:30ean Kattalin Barcena eta Miren Narbaiza musikariak gorputza lehen lerroan jartzearen ajeez arituko dira, Oihana Aranak gidatutako saio batean.