Zenbateraino dugu gure ahaide zaharrek egindako krimenen edo gaizkiaren erantzukizuna? Galdera hori planteatzen du, besteak beste, Erein argitaletxeak plazaratu berri duen Collini auzia nobelak, Ferdinand von Schirachek idatzi eta Anton Garikanok euskaraturikoak. «Eman dezagun gure aitona-amonek izugarrikeriak egin zituztela dela Espainiako gerran, dela Bigarren Mundu Gerran. Askotan, itzal hori gaur egunera iristen zaigu. Zenbateraino gara gaur egungoak garai bateko krimenen erantzule?», egiten du galde ahoz-goraz Garikanok, itzuli duen liburutik abiatuta. Eta Von Schirach egilea kontuan hartuta, zera dio: «Askotan jartzen du mahai gainean arduraren ideia. Kulpa da bere gai nagusietako bat. Liburu honetan ere horixe gertatzen da. Protagonistetako baten aitona krimen handien egilea da Alemanian. Protagonista horrek galdetzen du: 'Nirea ere ba al da guzti horren ardura? Nire aitonak egin zuena neu ere ba al naiz?'». Egilearen erantzuna argia da. Honela azaldu du itzultzaileak: «Elkarrizketa askotan esana dauka: 'Zarena zara. Ez zara haiek izan zirena, eta ez duzu bizkar gainean zama hori eraman beharrik'».
Ferdinand von Schirachek (Munich, 1964) oihartzun dezentekoa lortu du azken urteotan, nola Alemanian hala nazioartean ere, bere kontakizun beltzei esker. Euskarazko letretan ere ezaguna da Krimenak ipuin liburuaren arrakastarengatik (Erein, 2012), hura ere Garikanok itzulia. Collini auzia da bere lehendabiziko eleberria. Zigor legeetan abokatu defentsari da Berlinen 1994az geroztik. Zazpiehun kasu baino gehiagoren ardura izan du;eta horien artean daude, hain zuzen, azken urteotan Alemanian gertatutako krimenik bihurrienetako batzuk.
«Epaiketa asko bizi izan ditu, eta azkar konturatu zen nazi askok egindako delitu izugarriengatik bost minutuko kondena baino ez zutela jasotzen proportzioan; justiziak zituen lege eta mugengatik ezin zela justizia egin. Justiziak bere mugak dituela eta ez dela behar bezala iristen krimen guztietara, alegia».
Garikanoren iritzian, egilearen ezaugarri aipagarrienetako bat da nobela beltza idatzi arren ez dela mugatzen krimenen zerrendatze bat egitera. «Pentsarazi egiten du. Ez zaio inporta hainbeste nork eta nola egin duen krimena, baizik eta zergatik. Eta galdera egiten du: 'Zuk zer egingo zenuke epaile izanez gero?'». Idazleak ez ditu, gainera, gertakariak epaitzen: «Erakusten digu askotan ongiaren eta gaizkiaren arteko muga hori apur bat lausoa dela. Alegia, edonor izan gaitezkeela gaizkile zenbait inguruabar egokitzen bazaizkigu. Guztiok dugula gaizkile txiki bat barnean».
Ez du epaitzen, eta, hargatik, darabilen idazketa estiloa zorrotza eta gogorra da aldi berean. «Errukirik gabekoa da. Esaldi batean ari zaizu txorien kantuari buruz idazten, eta, bat-batean, ez dakizu nondik, aizkora bat agertu da eta norbaiti burua moztu diote. Sekulako ustekabekoak hartzen dituzu irakurtzen zoazela. Estilo bortitza du, latza, alferrikako hitz gutxi dituena. Hasi eta bukatzeko liburu bat da, zehatza, argia... Badirudi forentse bat ari zaizula kontaketan. Hilketa bat gertatu da, eta kontatzen dizu baita gibelak, hesteek, bihotzak zenbat pisatzen duten ere... gorputzak orbanak non dituen, zehaztasun guztiz. Ez da itzulinguruka ibiltzen».
Arretatsua eta fidatzekoa
Fabricio Collini du protagonista nobelak. 1950eko urteetan joana da Italiatik Alemaniara, lanera. Lantegiko espedientean ez dago ia batere aipamenik; arretatsua da, fidatzekoa eta gutxitan gaixotzen dena. Egun batean, ordea, Berlingo Adlon hotelera joan eta bertan ostatu hartuta dagoen adineko gizon bat hilko du, ustez arrazoirik gabe. Guardiako abokatua Kasper Leinen da, eta hark hartuko du Collini defendatzeko lana.
Liburuaren atzealdean dator argitaletxearen oharra: «Zer pentsa uzten du, bera inplikatu gabe eta gure interesa piztuz».
Zer den on eta zer gaitz
Ferdinand von Schirach idazle alemaniarraren 'Collini auzia' nobela kaleratu du Ereinek, Antton Garikanok itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu