Zer den bizi eta zer den iraun

Igor Legarreta zinemagilearen bigarren film luzea da 'Ilargi guztiak'. Betirako bizitzearen inguruko fantasiazko kontakizuna da. Eten egin dute filmaketa, behin-behinean, koronabirusaren ondorioz

Igor Legarreta zuzendaria Josean Bengoetxeari eta Haizea Carnerosi azalpenak ematen. NICO DE ASSAS.
aitor biain
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun

«Filmaketaren laugarren astean ginen, eta beste hiru aste genituen oraindik aurretik, baina bat-batean etorri zen dena». Igor Legarreta zinemagilea (Leioa, Bizkaia, 1973) eta haren lantaldea Ilargi guztiak filmatzen ari ziren koronabirusaren krisia iritsi aurretik. Otsailean hasi zituzten lanak, baina, beste kultur ekoizpen ugariren antzera, filmaketa ere eten egin behar izan dute, behin-behinean, gaitzaren hedapena saihesteko. Erabaki zaila eta gogorra izan dela aitortu du zuzendariak. «Martxoaren 13an, ostiralean, jaso genuen ekoizleen abisua, eta penaz hartu genuen, egia esateko. Horrela dena geratzea ez da erraza». Etenaldia orain arte egindakoa errepasatzeko eta geratzen dena antolatzeko baliatzen ari da Legarreta, egoera onbideratzen den heinean, filmaketari berrekiteko nahiari eusten baitio. Oraindik ezin du aurreratu datarik, ordea, eta hori du zuzendariak kezkarik handiena.

Izan ere, etenaren iraupena dena delakoa izan da ere, Legarretak ez du espero kalterik. «Goizegi» da, haren hitzetan, ezer aurreratzeko: «Ezin dugu jarri eperik». Zuzendariak aitortu du, hala ere, aurrekontuan aldaketak izan daitezkeela. «Filmatzen hasi aurretik, ziur aski, prestalan batzuk egin beharko ditugu. Horrek denbora eskatzen du, eta dirua. Beraz, aurrekontua berrikusi beharko dugu agian».

Bigarren lan luzea

Cuando dejes de quererme (2018) filmaren ondotik, bigarren lan luzea du Legarretak Ilargi guztiak. Erronkaz beteriko proiektua izaten ari da zuzendariarentzat, baina pozik da orain arte egindakoarekin. «Beti dago zer hobetu, baina gustura gaude, ez baita erraza izan orain artekoa. Kokapen zailak izan ditugu, eguraldiak ere ez du lagundu, eta ordu asko eman ditugu lanean. Protagonista nerabe bat izateak ere are gehiago zailtzen ditu gauzak».

Zuzendariak ez du kontatu nahi istorioaren xehetasun askori, misterioari eutsi nahi dio. Ezaguna da abiapuntua, nolanahi ere: fantasiazko filma da, eta 12 urteko neskatila umezurtz bat du protagonista. XIX. mendean hasiko da istorioa, azken gerra karlistaren garaian. «Umea hilzorian geratuko da, baina emakume misteriotsu batekin topo egin, eta sendatu egingo da. Are gehiago, hilezkor egingo du, baina berehala konturatuko da betirako bizitza kondena hutsa dela».

Aurreneko lanean ez bezala, Legarreta bera arduratu da gidoia idazteaz oraingoan, eta Jon Sagalaren laguntza izan du horretarako. Aspaldiko lagunak dira, eta urteak dira elkarrekin lan egin nahian ari zirela. Hizketaldi batean hasi zen istorioaren mamia osatzen. «Banpiroen gaia atera zen hizpidera halako batean; oso gustuko ditugu biok. Haien ezaugarrietako bat da hilezkorrak direla, eta hari horri tiraka hasi ginen istorioa osatu asmoz». Banpiroak ditu oinarrian, baina ez da banpiroen pelikula bat, zuzendariak azaldu duenez. «Fantastikoa izanagatik ere, sinesgarritasuna izatea nahi dugu».

Hizkuntza da beste berritasunetako bat, euskara hutsean ari baitira filmatzen. «Ekoizleek galdetu ziguten ea ausartuko ginatekeen, eta pozik jaso genuen proposamena. Uste dut sinesgarritasun gehiago emango diola filmari, eta izaera handiagoa». Legarretarentzat ere, arlo pertsonalean, «erronka polita» da euskaraz filmatzea, euskaldun berria baita.

Istorioa Nafarroa iparraldeko herri ezezagun batean kokatzen bada ere, Euskal Herriko hainbat txokotan aritu dira orain arte filmatzen: hala nola Orozkon (Bizkaia), Mutrikun (Gipuzkoa), Gaintzan (Gipuzkoa) eta Baztanen (Nafarroa). Beste hiru aste geratzen zaizkie oraindik amaitzeko, eta egoerak ahalbidetzean berrekitea nahiko luke. «Zizurkilen (Gipuzkoa) filmatuko dugu geratzen denaren gehiengoa», erantsi du zuzendariak. «Asmo horri eusten baitiogu. Gaur bertan jarriko ginateke filmatzen».

Etenaldia, lasaitasunez

Josean Bengoetxeak badaki zer den Legarretarekin lan egitea. Zuzendariaren aurreko filmean ere parte hartu baitzuen aktoreak. «Uste dut biok geratu ginela gustura bata bestearen lanarekiko, eta horregatik errepikatu dugu». Zuzendariaren lan egiteko modua eta haren «eskarmentua» nabarmen du ditu aktoreak: «Oso argi dauka zer kontatu nahi duen eta nola». Madrildik Donostiarako bidean irakurri zuen gidoia, eta helmugara iritsi bezain azkar idatzi zion zuzendariari parte hartuko zuela esateko.

Kandidoren rola jokatzen du Bengoetxeak. «Emaztea eta alaba galdu dituen artzaina da. Neskatilarekin topo egingo du, eta iraultza handia suposatuko du haren bizitzan, barne askatasuna berreskuratuko baitu». Gustura azaldu da pertsonaiarekin Bengoetxea; areago, «opari» baten gisara definitu du. «Pertsonaia polita da. Esango nuke azken urteotan eskaini didatenetatik bitxienetakoa dela».

Protagonistaren rola, berriz, Haizea Carnerosek hezurmamitzen du. Aurreneko lana du zineman, baina Bengoetxeak haren dohainak azpimarratu ditu. «Aurkikuntza itzela izateaz gain, film honek daukan harribitxirik handienetarikoa da. Harrituta gaude haren antzezteko gaitasunarekin. Izango du zeresana gerora ere, ziur». Itziar Ituño da hirugarren protagonista; neskatoari bizia oparituko dion emakume misteriotsuaren rola egiten du.

Bengoetxeak lasaitasunez hartu du etenaldia. «Aktoreok ohituta gaude, eta gauzak datozen moduan hartu behar dira». Era batera edo bestera, etenaldiak pelikulan eragina izango duela uste du aktoreak, baina dio ez duela zertan izan txarrerako. «Formari, ilusioari eta prestakuntzari» eusten saiatzen ari da Bengoetxea bitartean. «Begiratu bat jotzen diot gidoiari tarteka, baina obsesionatu gabe; gehienbat, ez dakigulako noiz berrekingo diogun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.