Pauline Guelle. EHZko presidentea

«Zer da festibal ttipia izatea? Lanjerra ez da horretan»

Bere oinarriak berresteko baliatuko du 20. aldia EHZ festibalak, asteburuan. Esperimentazio gune kolektiboa izatea, sistematik kanpo, eta musikan ere usaiaz kanpoko sareetatik elikatzea du xedea.

EHZ.
Nora Arbelbide Lete.
2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Pauline Guelle (Paue, Okzitania, 1992) Lekornen dago azken egun hauetan, besteekin batera, muntaketa lanetan. Buru-belarri. Aitortu du 18 urteak arte ez zuela ezagutzen jaialdia, ez dela etorri «batere familia euskaldun batetik». Lagunen bidez ezagutu zuen. Lehenik, bestan; gero, laguntzaile, zirkulazio taldean. Zientzia politikoak ikasten aritu eta ari dela, Quebec, Bilbo eta Tolosan (Okzitania) gaindi, azarotik da EHZko presidentea, 20 urteren bozeramaile. 4 urte zituen EHZren Arrosako lehen aldian.

«Musika proposatzen duzularik, antzerkia, jatekoa, edariak eta beste, ari zara proposatzen proiektu bat, jendarte egituraren ikuspegi bat, eta horretarako behar duzu gogoetatu zein jendarte egitura nahi duzun», azaldu izan du EHZz lantaldeko Loretxu Bergouignanek. Zein ikuspegi duzue proposatzen?

Euskal mikrogizarte ideal bat proposatzen du, ene ustez, kolektiboa dena eta balioak dituena, sistematik kanpo diren balio batzuk.

Adibidez?

Adibidez, euskara ez da sisteman integratua gaur egun. Orduan, festibala euskaraz egitea sistematik kanpo izatea da. Gero, logorik gabeko festibala ere bada. Horrez gain, aurrekontuaren %10 da bakarrik diru laguntzei esker osatzen. Hori ere sistematik kanpo izatea da. Festibal anitz ikusten dira diru laguntzen menpe. Horregatik dira hiltzen. Ez dira autoeratuak. Autoeratu hitza erabiliko nuke jendarte horren irudikatzeko, hain justu: autoeraketa oinarri eraikitzen den kolektibo euskaldun bat. Eta, ene ustez, ez da ahantzi behar esperimentazio gune bat ere bilakatua dela EHZ. Horrek du gehien definitzen EHZ, agian. Anitz proiektu hortik abiatu dira. Zenbait aipatzekotan, irratien Arrosa sarea, Busti emankizuna, Baso Berriak edo beste.

Sistematik kanpo diren balioak dituzuela diozu. Sistema hitzarekin zer duzu gogoan?

Sistema kapitalista. Horren barnean gauza anitz sartzen ahal dira. Ekonomikoki, merkatuaren legea baldintzatzen du sistema horrek. Sozialki, banakoa da nagusi, eta ez kolektiboa. Politikoki, bakoitzak bere interes propioentzat aritzera bultzatzen du.

Aurten EHZren 20. urtea ospatzen duzue. Anitz komunikatzen duzue balio horiez. Zein musika talde ariko den ez da kasik aipatzen ere. Zergatik hautu hori?

Alde batetik, musikari dagokionez, argi da aurten bihurgune bat hartu dugula. Aurten ez dugu afixa buruetan ematen diren talde handi horietarik ekarriko. Talde berriak ezagutaraztea eta talde engaiatuak ekartzea dugu xedea. Guretzat, bihurgune hori hartzea da aitzineko proiektuari urrats bat gehiago eginaraztea. Hasierako leloa irudikatzea: Herrien rocka World Company-aren aurka leloa. Horrek zer erran nahi du, azken finean? Ezin garela sartu beste jaialdien sisteman. Musika tresna bat da guretzat, bai. Baina tresna bat baino gehiago ere izan behar da. Ekarri behar diogu zerbait.

Aspaldiko eztabaida du hori EHZk: talde handiak bezainbat jende erakartzeko, jaialdiaren mezuak ahal bezainbat zabaltzeko; edo joko horretan ez sartu, baina jaialdi konfidentzialagoa bilakatzeko arriskua hartu.

Azkenaldian, eta bereziki iaz, alde hau harrigarria egin zitzaigun: jende batzuk etortzen zirela bakarrik kontzertu baten ikusteko. Eta horrek gogoetak pitzarazi zizkigun, ea zer nahi genuen egin: festibal bat edo kontzertu plataforma bat? Ez, festibal bat gara, eskaintza andana bat duena. Kontzertu handiak eskaintzea aurrekontuari begira ona litzateke; dirua sartuko litzateke. Baina jende hori zeren bila etortzen da? Eta zerekin sartuko da etxera? Hiru ordu egonen da bakarrik; guk ez diogu deus ekarri. Kontzertu bat eta kito. Aurten erabaki dugu ez dela hori egin nahi duguna.

Jaialdi ttipi bat bilakatzeko arriskuaz zer diozu?

Zer da festibal ttipia izatea? Lanjerra ez da horretan, ene ustez. Ez dugu sartu nahi hazkunde sistema horretan. Handia izatea ez da proiektua. Guk ez dugu horrela ikusten, behintzat. Gure proiektua da zinez proposamen koherente bat egitea, gure balioekin bat egiten duena, gure balioekin bat egiten duten bideak segitzea. Eta bai: aurten txikiagoa izanen da festibala. Nahiz eta hiru eszena izanen diren aurten ere, gunea txikituko dugu; goxoago izanen da. Ez da gehiago izanen azpiko gunea kontzertuei dedikatua, eta gainekoa ikusgarri eta konferentziei. Helburua da festibal orokor bat bilakatzea. Programazio aldetik ere osotasun bat ekartzea.

«Talde engaiatuak» ekarri nahi dituzuela diozu. 2015ean zer erran nahi du talde engaiatu bat izateak?

Random Recipe Quebeceko taldea, adibidez, engaiatua da. Gero, Skip & Die taldeko kantariak bere burua feminista gisa aldarrikatzen du. EHrZtan parte hartu dutenek beren nazioen ordezkari izan nahi dute. EHrZ populu zapalduei zuzendu ekinaldia da. Dantzan, Iron Skulls dantza talde katalana engaiatua da.

Taldeen etorrera negoziatzeko orduan, oholtza gibeleko kontuetan engaiamendu hori agertzen da?

Gehienetan bai. Gero, ni ez naiz programazioaz zuzenean arduratzen den taldean. Baina talde horretan direnek diote askoz errazagoa dela horrelako taldeekin lan egitea. Ez dakit kasualitatea den, baina ez dut uste hala denik. Kasu horretan, engaiatua izateak eragin handia badu. Taldeek badakite nora etortzen diren eta zergatik.

Talde ezezagun batzuen ezagutzeko parioa ere indartu nahi du EHZk. Ezezagunak diren puntutik aurkitzea zailago, agian? Lan gehiago erran nahi du horrek?

Justuki, musika programazioaz arduratzen den taldea horretarako sortu da aurten. Aitzineko urteetan, elkarteko langilea zen bereziki taldeen kontaktatze lanaz arduratzen, nahiz eta talde zabalago batean aipatzen zen zein musika talde ekarri. Aurten gure bihurgunea dela, zinezko talde baten sortzea erabaki dugu. Lanketa horren egiteko denbora gehiago hartu ahal izateko. Lan gehiago da nonbait, sare ezberdinak baitira. Xerkatu behar dira zinez taldeak, hautu onak egin behar dira. Baina horren egitea gustukoa dute lan taldekoek, ene ustez. Programazio taldean sartzen bazara da nonbait musika maite duzula, eta beraz, lan horretan plazera hartzen duzula pentsatu daiteke. Hautu honekin, kontua ez da gehiago managerrekin-eta borrokatzea. Denbora gehiago hartzen du, bai, baina gauza anitz deskubritzen dituzu memento berean.

Kontu hauen guztien erdian besta ere bada EHZ; bada zer goza; eta alkohola ere bada, nahiz tokikoa izan, kalitatezkoa, berdin-berdin mozkortzeko aukera ekartzen du EHZk.

Eta bada kanpaleku bat autoz etxera sartzeaz ez behartua izateko! [irriak], ez istripurik ukaiteko. Eta, bide batez, mikrogizarte hori ere sortzeko aukera ematen du kanpalekuak. Giro bat gehitzen baitu.

Inportanta da besta hori, ez?

Ez da ahantzi behar bizian horrelako denborak hartu behar direla. Lagunekiko harremana inportanta da, eta horretarako denbora hartu behar da.

EHZ xutik atxikitzeko 600 laguntzaile daude; lanaren bidez ere harreman sendoagoak egiteko aukera ere bada EHZ, ez?

Lasterrago lotzen duzu harremana. Lanean ari zarela, arazo bat agertzen bazaizu, norbait etorriko da zure laguntzera, adibidez. Elkartasuna sortzen da. Ez duzu zuretzat lan egiten, baina EHZrentzat. Ez zara hor gizabanako gisa: kolektiboaren parte zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.