Bukaera sortzen

Zer da 'ETAM'?

Ekintzaile feminista. Zutabegile hainbat hedabidetan. Baita BERRIAn ere. 2015eko Igartza saria jaso zuen, eta sari horren emaitza du lehen liburua: Nola heldu naiz ni honaino eleberria. Tene Mujika beka lortu du aurten, memoriaren, suizidioaren eta transexualitatearen inguruko ez-fikziozko lan bat egiteko.

Kattalin Miner.
2018ko maiatzaren 13a
09:17
Entzun

ETAren amaiera abiapuntu gisa hartuta, hainbat kulturgileri obra bat sortzeko eskatu die BERRIAk. Kattalin Minerren testua da hau:

Alabak sei urte inguru ditu eta anbulategitik ateratzera doa amaren eskuari helduta. Garai horietan, dirudienez, medikuari bisita egin eta diagnostikoa entzun hutsak sendatzen omen zuen alaba, beraz, pozik hartu du kalerakoa. Umeak gau txarra egin duela-eta, ama nekatuta dago, alabak ordea, ziztu bizian ahaztu du bart gaueko sukar-festa eta hitz jario amaigabean dihardu. Tartean, halako fase gogaikarri bat igarotzen ari baita, hain zuzen, irakurtzen ikasten ari dena, eta topatzen duen edozer irakurtzen du ahoz gora. Herriko horma bateko pintaketari begira, galdera egin dio amari:

—Ama, zer da ETAM?

“Gora ETA (M)” dioen pintaketari begira geratu dira ama-alabak. Amak badu halako beste neke bat ere, beste sukar sozialago baten eraginez urteetan pilatua, baina hala eta guztiz ere, kalean topatu duen bankuan eseri du alaba, oraindik oinak zintzilik geratzen zaizkion adinean. Galdera bideratu bat egin dio:

—Zu euskal herritarra zara, ezta?

Alabak baietz, nola bestela.

Pentsatu liteke, amak berak ere ez duela aldez aurretik halako hizketaldirik prestatu, eta ahal bezala bota dio egiaren gordina sei urteko alabari:

—Bueno, bada, batzuen iritzitan ez, espainola zara.

Ondoren ipuina dator, badirela borrokalari batzuk, gu geu garena izateko herriarengatik gudan dihardutenak, gu geu euskal herritar oso izateko, ez espainol, ez frantses. Herri jakin bateko bankuan ez-ezik, halako zerbait eskatzen duen garai eta testuinguruan daude eserita ziurrenik.

Alabak dena koadratu du bat-batean. Hasia baita Frantzia eta Espainiaren arteko mugan arreta jartzen, poliziaren presentzia desnormalizatzen, manifestazio eta ondorengoak beldur zein ezinegonez begiratzen, hizkuntza handiaren presentzia usaintzen.

Gerora ikasiko du ETAk zer esan nahi duen, zenbat gauza esan nahi dituen aldi berean. Gerora ikasiko du bere herriaren historia hortik (ere) kontatzen eta bizitzen. Ikasiko du obszenitatez ospatzen, gorrotatzen, eta erraietatik maitatzen, min hartzen eta altxatzen.

Mende laurdena pasa da medikuarenetik irten ziren hartatik. Berriro galdetu nahi lioke orain amari “Zer da ETAM?”. Izan ere, jakin baitaki, denborak, ekintzek eta jakintzek ez dutela erantzuna bere horretan mantendu. Garaiak aldatu dira, ama-alabak ere bai.

Badu bestalde, halako sentsazio bat, presazkoa, osatzeari lotua. Otu zaio, ume hark gogoratzen duela medikuaren diagnostikoak sendatzen zuela, baina ziurrenik ahaztuta dituela iluntzearekin bat berriro etorritako kalenturak, hurrengo gau txarrak. Medikuaren hitzak, sententziak, mina baretzen zuela soilik eta une batez, gero, atzetik amaren zaintzek, medizinek, deskantsuak eta patxadak osatzen zutela.

Geu ere horretan ez ote gauden. Garai baten amaierari hitzak jarri dizkiogu, diagnosia egin diogu, eta horrek bat-bateko lasaitua eman digu akaso, baina sendaketak beste bide batzuk izango ditu. Oraindik badakigu gau luzeak izango ditugula, oraindik badugu zer borrokatua, hainbat min, justizia eta erreparazio behar. Eta honetarako ez dago botika magikorik.

Orain, elkar zainduko dugu, deskantsua hartuko dugu, eutsi egingo diogu, egia ezpainetaratuko dugu, memoria jasoko dugu; eta hurrengoek ETAM zer den galdetzen digutenean, kontatu egingo diegu, nork berea, baita “zu euskal herritarra zara?” galderari “osoki, bai” erantzutea posible den garaietan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.