«Baldin eta inoiz —eta hori guztiz litekeen gauza da— poema labur baina hezigarri honen egileari zentzugabea idaztea leporatuko balitzaio...», ekin zion idazteari Lewis Carrollek Snarkaren ehizan poema liburuaren hitzaurrean (1876). Bere buruaz ari zen, ironiko. Bera zen aipatzen zuen egile hura, eta ederki zekien zer leporatuko zioten obra kaleratutakoan: zentzugabekeria izatea, forma sintaktiko eta semantikoak modu absurdoan korapilatzea, logika galarazteraino. Ordurako jakina baitzen besteak beste halakoak maite zituela Carrollek. Alizia herrialde miresgarrian plazaratu zuenetik, are eta nabarmenago. Askotariko lanetan utzi zituen idatzita gertatu ezinezko pasadizoak, asmatu zituen esamolde eta hitzak, eta horiekin konforme ez zirenei buruz zera esan zuen inoiz, umorez: «Zer egingo zaio, halakoa da Giza Makurkeria». Garai hartan ezagun ziren Carrollen abileziak, eta halaxe dira orain ere, idazlearen heriotzatik mende eta laurden joana dela. Euskaraz ere bai. Eta lehen baino gehiago orain: Manu Lopez Gasenik euskarara ekarri du haren Snarkaren ehizan lana, eta Pamielarekin eman.
Ingalaterran jaio eta zendu zen Carroll; Daresburyn sortu, 1832an, eta Guildforden hil, 1898an. Idazle ez ezik, matematika irakasle ere izan zen urte luzez; ondotik, diakono, eta argazkilaritzan ere aritu zen. Matematikaren arloan, batez ere aljebran, geometrian eta logikan murgilduta jardun zuen, eta, are, sarri aitortu zaio horiek guztiak dibulgatzeko eginiko lana. Haurrentzako zein helduentzako baliagarri ziren joko eta buruketak sortzen zituen maiz. Eta, hala, matematika ulertzeko eta irakasteko maneran ere agerian gelditzen da haurren mundura hurbiltzeko haren nahia.
Carrollen literaturaren ezaugarri nagusi dira zentzugabekeria, forma sintaktiko eta semantikoen korapilatzea, eta logikaren lausotzea.
Ipuinak eta olerkiak idatziz ekin zion literatur bideari; aldizkarietan argitaratu zituen horietako franko, eta, askotan, umorea eta satira izaten zituzten ezaugarri nagusi. Zehazki, 1856ra arte plazaratutako lanak bere benetako izenez sinatzen zituen idazleak: Charles Dodgson. Urte hartantxe The Train aldizkarian argitaratutako Solitude poema izan baitzen luma izenez sinatutako aurrenekoa: Lewis Carroll.
Eta urte horretan berean ezagutu zituen bere lanik arrakastatsuena piztuko zuten txinpartak. Christ Church kolegioan zebilen orduan, Henry Liddell dekano berria ailegatu zen bertara, eta haren hiru alabekin harreman estua egin zuen idazleak: Lorina, Alice eta Edithekin. Justuki, haiei kontatzen zizkien istorioetako bat garatuta sortu zuen Alizia herrialde miresgarrian, azkenerako 1865an plazaratuko zuena. Neskato protagonistaren identitatearen harira, oso zabaldua da Carrollek Alice Liddell irudikatu zuelako ustea. Ordea, idazleak gezurtatu egin zuen hori.
«Fantasia berriaren» aita
Liburu horretan biltzen den kontakizuna haur literatur klasiko ezagunenetako bat da: zulo batetik erori eta mundu estrainio eta bitxia ezagutzen zuen neskatoaren istorioarena. Eta, hain justu ere, batez ere Aliziari buruzko lanengatik esaten da Carrollek sortu zuela «fantasia berria». Era berean, aitortu diote lan horietan guztietan baliatutako logikari, nonsense estiloari —estilo zentzurik gabeari— eta parodiari esker itxuraldatu zuela, nabarmen, haur literatura. Zantzu horiek ere bistaratu baitzituen Alizia herrialde miresgarrian plazaratu eta zazpi urtera emandako Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena obran (1872), eta baita, adibidez, 1876ko Snarkaren ehizan lanean ere. Azken horren euskarazko itzulpena aurkeztu du Pamiela argitaletxeak iragan apirilean.
Manu Lopez Gasenik euskaratu du lana, eta, gainera, harenak dira Carrollen beste zenbait libururen itzulpenak ere. Ordena honetan plazaratu dituzte, Pamielarekin guztiak: Ispiluan barrena (1990), Alizia haurrentzat (2004) eta Alizia herrialde miresgarrian (2015). Azken horri dagokionez, Imanol Berriatua fraide frantziskotarrak are lehenago eman zuen euskaraz: 1968an ekarri zuen, Alizia gauza miragarrien munduan izenburupean eta La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxearen Ipuiñik ederrenak izeneko sailean. Edonola ere, Berriatuak euskaratutakoa laburpen bat zen, eta ez lan osoa.
Carroll itzultzea ez da nolanahiko ariketa, Lopezek aitortu duenez. Are eta gutxiago azken lanari erreparatuta. «Adore berezia behar da The Hunting of the Snark den idazlan orobat berezia euskaratzeko», onartu du itzultzaileak liburuaren gibelsolasean, esaterako. Bertan eta Donostian eginiko aurkezpenean aletu ditu Snarkaren ehizan obrari buruzko bitxikeriak eta beste.
Istorioa zortzi kapitulutan dago kontatua; zehazki, euskaraz «eroaldi» bat da atal horietako bakoitza. Atalok ballad measure neurriko bertso narratiboak biltzen dituzte, eta horrekin du ikustekoa Carrollena itzultzeko zailtasunetako batek, batik bat. Lopezek, dioenez, estuki eutsi die jatorrizko formei, hala nola ahapaldien egiturari, bai eta ohiko eta barreneko errimei ere. Neurriei dagokienez, berriz, «euskal moldeetara» egokitu ditu batzuk.
Hau da lanaren trama nagusia: tripulazio bat uharte batean bizi omen den Snark delako izaki fantastiko baten bila abiatu da, hura ehizatzeko, eta, bidean, dozenaka egoera «zentzugabe» gertatuko dira. Zehazki, hamar kidek osatzen dute tripulazioa. Horiek guztiek dute besteengandik diferente egiten dituen ezaugarriren bat. Baita propio berezi bihurtzen dituenik ere: ehoziri lanak egitea maite duen kastorea da bat, eztei tartak besterik egiten ez dakien okina beste bat —Carrollen alter egoa omen—... Dena dela, denek dute ezaugarri bat komun: guztien izenak hasten dira b letraz.
Tripulazio baten abentura kontatzen du 'Snarkaren ehizan' liburuak: Snark delako izaki fantastiko baten bila abiatzen dira hamar kide aski bitxi.
Lander Majuelo Pamielako editorearen arabera, Snarkaren ehizan liburua da «genero zentzugabearen adibide gorenetako bat». Besteak beste, dioenez, genero horrek aldarrikatzen duelako istorioak ez duela zertan mezu argi eta zuzen bat eduki, eta hori ageri-agerikoa delako Carrollenean. Idazleak berak argudiatu zuen obrak ez dakarrela mezu ezkuturik gordeta, edo, «baldin bazuen halakorik», berak ez zekiela zein zen. Editorearen hitzetan, akaso hori da obraren alderdi erakargarrienetako bat: deus ez dela oso argi. «Ariketa bera da interesgarria», erantsi du.
Bestalde, Lopezen esanetan, eta Carrollek berak aitortu zuenez, autore beraren Ispiluan barrena-ko lehenbiziko kapituluan ageri den poema batean du abiapuntua liburuak: Jabberwocky. Horregatik, eranskin modura gehitu dute, eta hau du azken ahapaldia: «Erretsaldea zela, tobo likarinek/ mazelan giroskopa eta ginbaleta;/ borogoboak zeuden abahulduta eta/ arrata etikatek marrusin zegiten». Egiazki existitzen ez diren hitz batzuk ere jaso zituen olerki horretan Carrollek, «maleta-hitzak» direlakoak. Alegia: bi esanahi biltzen dituzten eleak.
Norentzat idatzi
Liburua zer generotan sailkatu, horra poema bildumak berekin dakartzan «anbiguotasunetako» bat, itzultzailearen esanetan. Majuelok kontatu duenez, idazleak haurrak zituen buruan. Haiek irakur zezatela zuen desira, eta propio ere adierazi zuen nahi hori. «Ziur nago ume askok irakurriko dutela [Snarkaren ehizan] atseginez eta bihotzez, eta nik idatzi nueneko adore berberaz», idatzi zuen liburuari jarri zion bi orrialdeko eranskinean. Are gehiago, Carrollek eskaintza berean adierazita utzi zuen poema bilduma Gertrude Chatawayrentzat zela, urtebete lehenago ezagututako neskatoarentzat. Berdin jokatu zuen Alizia herrialde miresgarrian emandakoan ere: Alice neskatoari eskaini zion liburua.
Edonola ere, liburu hau soilik haurrentzako idatzi zelako ideiak sor dezakeen harriduraren jakitun-edo, Majuelok iradoki du litekeena dela orduko haurren irakurketa maila «oraingoena baino handixeagoa» izatea; irakurzaletasuna bederen. Eta, gainera, iritzi dio seguruenera helduentzat ere aritu nahiko zuela Carrollek. Haren lanek helduengan sor dezaketen erreakzioari buruz, ezagun dira Virginia Woolfen hitzok: «Soilik Lewis Carrollek erakutsi digu mundua atzekoz aurrera, haur batek ikusten duen bezala, eta soilik berak eragin digu irri haurrek irri egiten duten moduan».