Ez da antzezlan bat, ez eta arte instalazio bat ere; bien arteko talkatik jaiotako esperientzia da». Euskal Herrian orain arte egin gabeko formatu bat aurkeztera dator Dejabu konpainia. Begiez eta belarriez gainera, zentzumen guztiak zabaldu, eta gorputza izango da esperientzia berritzaile horretako protagonista nagusia. «Batez ere, bidaia emozionala izatea nahi dugu, norbere esperientziekin eta bizipenekin bat egingo duena», azaldu du Ainara Gurrutxaga Dejabu konpainiako kide eta proiektuko zuzendari artistikoak. Gurrutxagaz gainera, Miren Alcala, Urko Redondo, Arrate Rodriguez eta Carlos Ndumgmandun aritu dira elkarlanean. Emaitza, honakoa: Naon tokin proiektua. Gaur izango da estreinaldia, Errenteriako (Gipuzkoa) liburutegi zaharrean, eta bertan egongo dira asteburu osoan.
Ezohiko antzerki proposamen horrek ikuslea jarriko du obraren erdigunean: «Ikusleak osatuko du pieza, ikusle bakoitzaren esperientzia desberdina izango delako». Ingelesezko site specific ikuskizun formatua landu dute, eraikin jakin baterako sortu baitute obra. Garai batean Guardia Zibilaren kuartela, gerora gaztetxea, eta azken urteotan herriko liburutegia izandakoa da eraikina. Talde txikitan bertara sartu, eta, aurikularren bitartez entzungo duten ahotsak lagundurik, ikusleek oinez egingo dute bidaia, eraikineko lau solairuetan barrena. «Zentzumenei eta sentsazioei arreta berezia jarriz, nork bere buruarekin konektatzea izango da gakoa», azaldu du Gurrutxagak. Hala ere, beste helburu bat ere badute: «Bidaia oso intimoa eta gertukoa izateaz gainera, kolektiboari eta gizarteari buruz gogoeta egitera bultza dezan nahi dugu». Eraikinera sartzean herritarrak «harrituta» geratuko direla aurreratu du Dejabu taldeko kideak: «Liburutegi horrek pisu handia dauka gure artxibo emozionalean; askok ez dute lekua bera ezagutu ere egingo».
Ordubete inguruko esperientzian askotariko usainek, materialek, argiek... bat egingo dute ikuslearekin. Era berean, taularatze minimalistaren bidez, inguruko errealitatea modu poetikoan taularatuko dute. Musikak ere «berebiziko garrantzia» izango du ibilbide osoan. Ander Mujika arduratu da «hasieratik amaierara arteko» soinu banda sortzeaz. «Hitzek eta musikak sostengatuko dute esperientzia osoko bidaia», dio Gurrutxagak.
Bi urte inguru igaro dira jada ideia sortu zenetik, baina, pandemiaren ondorioz, «asko» atzeratu da proiektua: «Oso luze joan da, gorabeherak izan ditugu, baina, oro har, oso gustura aritu gara». Dejabu konpainiako kideez gain Rodriguez eta Ndumgmandun ere lankide izatea «zoragarria» izan dela nabarmendu du Gurrutxagak: «Mundu desberdinetatik etorri arren, oso ondo ulertu dugu elkar, pila bat ikasi dugu, eta, denon artean, asko aberastu gara». Asteburu honetako emanaldien ondoren, irailera arte itxaron beharko dute ikusleek esperientzia bizi ahal izateko.
Bestalde, Dejabu konpainiak hogei urte bete ditu aurten. «Oso harro gaude lortutako guztiarekin», dio Gurrutxagak. Baina, aldi berean, urte «intentsoak» izan direla nabarmendu du: «Pasioz betetako urteak izan badira ere, lan asko egin behar izan dugu, eta, alde horretatik, prekaritateak luze jo du».
Zentzumenen bidezko esperientzia
Dejabu konpainiak norbanakoaren eta gizartearen arteko bidaia sentsorial bat aurkeztuko du gaur, Errenterian: 'Naon tokin'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu