Zentsurari edo autozentsurari aurre egin dieten sortzaileen esperientziak bildu nahi ditu Eusko Ikaskuntzak. Kulturgintzako eta artearen esparruko testigantzak jaso nahi dituzte horretarako, eta, gero, webgune batean bistara jarri. Era anonimoan argitaratuko dira kontakizun horiek, edo izen-abizenekin baldin eta lekukotza eman duena ados badago horrekin. Oraingoz, jendearen bizipenak jasotzeko helbide elektronikoa zabaldu dute: [email protected].
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioak eta Recreakult enpresak abiarazi dute proiektua, eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Sailaren laguntza izan dute horretarako. Bildutako lekukotzak «adierazpen askatasuna ikusarazteko eta defendatzeko tresnak» izango direla azaldu du Eusko Ikaskuntzak, hedabideetara bidalitako prentsa oharrean. Eta, zehaztu dutenez, testigantzak biltzeaz gain, «hausnarketa jarduera» batzuk ere egin asmo dituzte.
Hausnarketa guneak
Hedabideei helarazitako oharrean zehazten denez, kulturan eta artean dabiltzanak adierazpen askatasunari buruz hausnartzera bultzatzea da proiektuaren helburuetako bat. Oinarrizko eskubide hori «ulertu eta defendatu» nahi dutela diote oharrean, eta, beraz, asmoa dutela ikerketarako, hezkuntza sentsibilizaziorako, elkarrizketarako eta hausnarketarako guneak sortzeko.