«Gu». Zirrikitu, indargune, itzal eta deklinazio guztiak ezagutzen dizkio bi hizkiko hitz soil horri Idoia Zabaletak (Gasteiz, 1970). Behin eta berriz darabil ahotan plurala, eta ez da kasualitatea; pluralean jokatzen baita bere sorkuntza lana ere nagusiki. «Taldeak kitzikatzen nau», aitortu du barrez. Duela hamar urte jarri zuen martxan Azala espazioa Arabako Lasierra herrixkan, Juan Gonzalez bikotekidearekin batera, eta hamaika sortzaileren ostatu izan da geroztik. Funtsean, erdi landetxe eta erdi sorkuntza laborategia da Azala. Hogei pertsonarentzako lo lekua eskaintzen duten bost etxez gain, lanerako tailerrak eta gelak ere baditu. Ixiar Rozas idazle eta irakaslearekin batera darama espazioaren zuzendaritza artistikoa Zabaletak, eta hamarkada batez gune horretan egindako saretze lan hori da orain, hain zuzen ere, Gure Artea sariarekin aitortu nahi izan diotena. 30 gradu inguruko tenperatura, eguzkia landak argitzen, txorien kantuak, eta eraikinetariko baten gerizpean Zabaleta, BERRIArentzat bere «gu» guztiak aletzen. «Nire sorkuntza propioa hirugarren planoan dago oraintxe, baina ez zait batere axola. Azala ere proiektu artistikotzat dut».
Ezin da kasualitatea izan Biologia ikasketak egiteko orduan ekosistemetan espezializatu, eta, azkenean, halako espazio bat sortzen amaitu izana.
Ez da kasualitatea, ez. Hasteko, landa eremu betean dago Azala, baina ez da horregatik bakarrik. Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko beste espazioekin oso erlazionatuta dagoen espazio bat ere bada gurea: etengabe gabiltza sarea sortzen. Hori da gure erronka. Horrek lotura handia du biztanlerien dinamiken kontzeptuarekin, eta garrantzitsua da iraunkortasun kontzeptua ere, denboretan eta esfortzuetan iraunkorrak izaten saiatzen garelako, eta kontzeptu horiek ekologiarekin eta ekosistemarekin oso lotuta daude. Gure proiektuaren oinarri-oinarrian ekologiatik datozen kontzeptu asko daude. Azken batean, gauza bera dira: sistemak dira, eta artea ere sistema bat da. Horregatik, proiektuak eurak baino gehiago, proiektuen arteko erlazioak interesatzen zaizkit.
Zu zeu dantzaria eta koreografoa ere bazara. Arte sorkuntzan, ibilbide indibiduala lehenetsi ohi da. Noiz apurtu zenuen ikuskera horrekin?
Arte eder tradizionaletan eta literaturan sustatu ohi dira ibilbide indibidual horiek, baina zinema, esaterako, ezberdina da, taldean lan egiten delako. Ni dantzaria naiz, eta dantzak eta arte eszenikoek dutena da sorkuntza prozesuak hasiera-hasieratik direla kolaborazio prozesuak. Autoritatea hor dago, baina ni dantza berritik eta inprobisaziotik nator, eta hor autoritatea asko kuestionatzen da hasieratik. Gainera, arte eszenikoetan badaude garrantzitsuak diren bistako gauza batzuk ere: aldagelara heldu eta arropaz aldatzea, adibidez. Errutina eta kode horiek guztiek talde lan bilakatzen dituzte lanak, eta oso naturala zait taldearena horregatik.
Eta ez duzu izaten bakarrik gelditzeko irrikarik?
2000. urte inguruan nekatu egin nintzen, baina ez taldean egoteaz, baizik eta imajinarioa negoziatu behar izateaz. Nik esaten badut «zuria», ez da zuk esaten duzun zuri bera, eta saiatzea hori ulertarazten nekagarria da batzuetan.
Zure munstro propioak lasai atera nahi zenituela, alegia.
Hori da, horiek ez dira negoziatzen. Bat-batean, horretarako beharra neukan. Bakarrik egiten ditudan lanak, horregatik, taldean egiten ditudanak baino muturrekoagoak dira. Delirioak muturrera eramaten ditut, hain justu ere, ez dudalako nire imajinarioa negoziatu beharrik.
Etengabe darabilzu plurala; Azala espazioaz ari zarenean, adibidez.
Juan Gonzalez eta biok jarri genuen Azala abian. Bi ildo ditu. Turismoaren ildoa da bata, eta prestatzera datozen taldeak dira gure bezero nagusiak: yoga prestakuntza, terapiak eta horrelakoak. Ezinbestekoa da ildo hori autofinantzaketarako, eta Juanek kudeatzen du, nagusiki, beste hainbat lagunen laguntzarekin. Eta horrez aparte ildo artistiko ere badu Azalak. Ixiar Rozas hor sartzen da. Hasieratik dago, eta bion artean pentsatzen dugu parte artistikoa. Hiruki hori dago proiektuaren atzean.
Kultura legitimitate faltan igartzen zenuela esan zenuen orain hiru urte telebistan emandako elkarrizketa batean. Aurten Gure Artea saria eman dizuete Azalan egindako lanagatik. Sentitzen duzu aitortza handiagoa?
Sariarena erabateko sorpresa izan da. Hamar urte egingo ditugu, eta oso garai aproposean dator saria, proiektua berriz pentsatu nahiko genukeelako. Jakin badakigu ondo ari garela lanean, baina oso pozik gaude kanpotik ere errekonozimendu hori jaso dugulako. Baina sintomatikoa ere bada nola eman diguten sari hau arte ederren esparrutik. Nik hemen ez dut diziplina hitzik sekula ere aditzen, eta diziplinartekotasun hori da, hain zuzen ere, saria eman digutenek baloratu dutena. Baina aipatzen nuen sintomatikoa dela saria arte mundutik jaso izana, ni dantzaria naizelako azken finean, eta nahiz eta badakidan dantzen munduan ere proiektua errespetatzen dutela, haiek nirea ez dute dantza proiektutzat hartzen. Artetik gertuago ikusten dute, eta hori sintomatikoa da. Eta are nabarmenagoa da hori aurten Sra Polaroiska ere saritu dutelako, eta haiek ere antzerkia ikasiak eta dantzan arituak dira. Haiei gauza bera gertatu zaie: beren lana errespetatzen da dantza munduan, baina askok ez dute dantzatzat hartzen. Eta, noski, hori ez da egia.
Esan izan duzu erakundeek gehienbat produktuak laguntzen dituztela, baina zuek prozesuak eta laborategi lana sustatzen dituzue.
Laborategiaren espazio hori oso beharrezkoa da arte sorkuntzan, eta baita hezkuntzan eta beste esparru askotan ere. Laborategian lan egiten nuen garaia dut gogoan, etengabe probak eta erroreak egiten, eta Azala ere horrelakoetarako lekua da.
Erakundeen jarrera aldatu al da?
Formak aldatzen doaz. Ez dakit muinean aldatu ote diren. Horizontaltasuna eta antzeko hitzak oso modan jarri dira orain, eta erakundeek ere erabiltzen dituzte, baina ez dakit bene-benetan alor horri balioa aitortzen ote dioten. Nik ez dut alaitasuna galtzen, baina nahiko eszeptikoa naiz. Ez dut uste gaurko gizarteak benetan kulturari balioa aitortzen dionik. Beti da eskolaz kanpoko ekintza moduko bat. Kultura politiketan ere ikusten da hori.
Badirudi, maiz, publiko zabalak ere berrogeialdian jarri duela artea. Nola ikusten duzu zuk hori?
Etsigarria da batzuetan, bai, eta nekagarria da etengabe zeure buruaren balioa demostratu beharrean egotea. Ni oso makarra jartzen naiz halakoetan.
Zeri esaten diozu makarra jartzea?
Nik uste gero eta gauza erradikalagoak egiten ditudala, eta gero eta gauza errotikoagoak egiten ditudala esan nahi dut gauza erradikalagoak egiten ditudala esatean. Baina hori ere arazoa izan daiteke, are zailagoa bilakatzen delako zubiak eraikitzea, makarra jartzean. Gertatu zait askotan, azken garaian ere bai,politikariekin eta hainbat kultur zentrotako zuzendariekin bildu, eta beti bukatzea bizkarreko bat jaso izanaren sentsazioarekin. Horrek amorru handia ematen dit: ez nazazu tontotzat hartu, mesedez. Hori sentitzean jartzen naiz makarra, eta erabakitzen dut nire aterpera eta nire gauzetara bueltatzea, Azalara itzuli eta gure gauzak egiten jarraitzea. Badago bestelako sentiberatasun batez jokatzen duen jendea ere, noski, baina emakumea izanda, azkarra izanda, indartsua eta handia izanda, eta artegintzan arituta, askotan gertatzen zaidan zerbait da hori. Jende askok ez zaitu berdintzat tratatzen, beti dago halako «nik lagunduko dizut» edo horrelako zer edo zer. Eskolaz kanpoko ekintza gara edo umeentzako zerbait bestela.
Zenbateraino da utopia bat Azala?
Gaur hori irakurri diot egunkarian 80 urtetik gora dituen Jonas Mekas zinemagileari: «Huts egingo duten arren, ameslariak behar ditugu». Orain ja ez, baina gogoan dut duela zortzi urte Lapueblatik etortzen ginenean, errebueltan, ikusten genuela hau eta pentsatzen nuela: «baina nola bururatu zaigu halako kontu batean sartzea?!». Amets bat izan zen, eta ametsa badoa betetzen, eta badoa beste amets batzuk sortzen ere. Nik beharrezko ikusten nuen halako zerbait sortzea.
Bazenuten erreferenterik?
Gure ahizpa nagusitzat jotzen dugu Gironako L'animal a l'esquena proiektua (Herrialde Katalanak). Horren oso hastapenetan egon ginen han, gu ere espazioa eraikitzen. 24 urte neuzkan orduan, unibertsitatea bukatu berri, eta gaztaro horretan halako zerbait bizitzea inflexio puntu bat izaten da. Inolako talenturik badut, perspektiba izatea da dudan talentu horietako bat, eta ordurako banekien Euskal Herrira bueltatuko nintzela, familia eta amodioa bueltatuko zirelako, eta ez nuen ikusten neure burua konpainia bat egiten eta urtero lau edo bost emanaldi egin ahal izateko diru laguntzak eskatzen. Garai hartarako jada ikusten nuen neure sorkuntza pentsatzeko modua ez zetorrela bat horrekin. Artean aritu nahi nuela banekien, eta zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen. Nola egin zerbait anbiziotsua, beste artista batzuk gonbidatu eta haiei nire lana erakustea ahalbidetuko zidana, eta, aldi berean, parte esperimental horretan sakontzeko aukera emango zidana. 24 urterekin Gironan izandako esperientziak erakutsi zidan egin zitekeela halako zerbait, eta garrantzitsua izan zen hori. L'animal a l'esquena dago proiektu honen bihotz-bihotzean.
Badago espazioen eta sortzaileen arteko harreman sarerik?
Bai. Izan zitekeen askoz ere sendoagoa, baina existitzen da. Azala sortu zenerako, bazegoen sare hori, ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta baita estatuan ere. Ezin dugu sare hori mitifikatu, baina existitzen da. Badago konplizitate bat, eta badago joera besteen proiektuak ere defendatzekoa. Politagoa eta aberatsagoa izan zitekeen, baina polita da. Gu geu ere hainbat proiekturekin gaude elkarrizketan, baina ez zaiguna gustatzen da halako gauzak sistematizatzea. Goazen egitera, goazen frogatzera; baina gauzak itxi bilakatzen diren aurreko une hori gustatzen zait. Ez dut uste gauza ideologikoa denik, agian bada hori ere, baina halako erreakzio moduko bat da: ez.
Urteak eman zenituen kanpoan dantzari eta koreografo, etaEuskal Herrira itzuli zinen gero. Esana duzu inoiz, une batez, zama sentitu zenuela euskal dantzaren ordezkaritzat hartuko ote zintuzten sentitu zenuelako.
Orain jada ez, baina halako gauzak gertatzen dira. Guk gure gainean ere jartzen ditugu halako zamak batzuetan, baina halako operazioak egiten dira. Politikoek eta kudeatzaileek halako operazioak egiten dituzte, eta, momentu batean, baginen hiru edo lau koreografo, eta ni hor egon nintzen, ea izan ote nintekeen ordezkari. Nik gauza horiek ez daramatzat ondo, badakit eta gezurra direla, eta nik ez dut inoren ordezkari izan nahi. Politikariez eta kudeatzaileez gain, jendeak ere bultzatzen ditu halakoak batzuetan. Nik garai batean eskola asko ematen nituen Bilbon, eta une batez ikusi nuen ikasleek ere halako zerbait nahi zutela. Eta nik ezin dut rol hori hartu, eta inorentzat guru moduko bat bilakatu. Niretzat hezkuntza da auto-ikasketa prozesu bat. Autonomoa izateko hezi behar da jendea: tresnak eman, eta gero bere kasa ibil dadin lagundu. Nork ordezkatzen duen nor, hori ere gai oso garrantzitsua da, baina ez dugu lantzen. Azala espazioa oso ongi datorkit halakoetatik ihes egiteko: geografikoki eta fisikoki zentrotik kanpo gaude.
Halako egoeretatik ihes egiteko gogoaren emaitza ere bada Azala, beraz?
Bai. Baina garai bateko kontua izan zen soilik. Orain adin bat badut, eta baretu zaizkit tentsio horiek.
Idoia Zabaleta. Koreografoa eta Azala espazioaren sortzailea
«Zentrotik kanpo gaude»
Orain hamar urte jarri zuen abian Azala espazioa Arabako Lasierra herrian Idoia Zabaleta koreografo eta dantzariak, eta bere proiektu artistiko nagusitzat du geroztik. Gure Artea saria jaso du harengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu