Zentauro itxurako eleberria

XXI. mende erdialdean kokatu du 'Berriz zentauro' izeneko antizipazio eleberria Katixa Agirre idazleak, errealitate fisiko eta birtuala zeharo nahasten dituen mundu batean

Katixa Agirre idazlea, atzo, Bilbon, Berriz zentauro eleberria aurkezteko egindako prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
«Pixka bat zaila da azaltzeko, gauza asko daudelako, baina nik uste, azkenean, denak egiten duela klik nolabait». XXI. mendearen erdialdean girotu du Berriz zentauro eleberria Katixa Agirrek. Erabat nahasian doaz hartan errealitate fisikoa eta birtuala: klima larrialdiak hondamendi sorta bat eragin, eta biztanleria mugimendu handiak izan dira; turismoa ia-ia desagertu egin da; sexu birtualak arrakasta izan du munduaren luze-zabalean; egungoak baino askoz ere lausoagoak dira genero sistemaren mugak, eta medikuntzak nabarmen murriztu du minbiziaren ondoriozko hilgarritasun tasa. Hori da sasoia, eta, giro horretan, Mary Wollstonecraft idazle eta eragile feministaren bizitza eta lana ikertzera joan da Parisera Paula Pagaldai izeneko protagonista, egile hari buruzko proiektu pedagogiko bat sortzeko. Eta plano horiek guztiak bildu ditu Agirrek eleberrian. Elkar argitaletxeak eman du argitara.

«Nahasketa da gai zentraletako bat nobela honetan», onartu du Agirrek. «Horregatik titulua eta azaleko irudia ere. Erdi gizona eta erdi zaldia den norbait da zentauroa: ez dakigu bata edo bestea den, edo bata gailentzen zaion besteari, eta hori da liburuan etengabe errepikatzen diren ideietako bat, eta, ez bakarrik generoari dagokionez, izan zaitezkeelako emakumea mundu birtualean eta gizona mundu errealean, baizik eta baita etorkizuna eta iragana nahasten direlako ere».

Elkarri itsatsita dirudite iraganak eta etorkizunak liburuan; Agirrek dioenez, urteetan eduki du buruan iltzatuta Wollstonecraft idazlearen biografia batean irakurritako pasarte bat, eta hura ere badago eleberriaren oinarrian. «Pasarte horrek kontatzen du Wollstonecraftek Parisko bere etxeko leihotik nola ikusi zuen gurdian pasatzen Louis XVI.a erregea, dekapitatuko zutena, epaiketaren azken egunean, sententzia irakurri behar ziotenean, eta hori nola kontatu zuen eskutitz batean. Historian gertatzen diren halako txokeek beti eragiten didate zirrara berezi bat, nola izan ziren sasoikideak Wollstonecraft eta Louis XVI.a, eta nola egon ziren kale berean, eta nola ikusi zuen batak bestea. Horrelakoek errealago bihurtzen dute historia».

«Faszinazio historiko» hori ez ezik, Agirrek dioenez, hiru bulkada nagusi ere izan ditu liburua idazteko. Etorkizuna irudikatzeko bulkada izan da lehena, eta, zehazki, «etorkizun hurbila» irudikatzekoa. «Nire seme-alabak, adibidez, helduak izango direnean».

Hiru bulkada, iturburuan

Iraganari begiratzeko bulkada bat ere izan du, ordea, eta horregatik txertatu du Mary Wollstonecraft idazlearen figura. «XVIII. mendeko idazle bat, ilustratua, lehen feministatzat jo izan dena, Mary Shelley idazlearen ama, eta, gainera, Mary Shelleyz erditzean hil egingo dena».

Eta, azkenik, Parisen ikusitako adin ertaineko emakume baten irudia izan da hirugarren bulkada. «Etxetik alde eginda bezala zegoen, ihes antzeko batean, bere bizitzarekin pozik baina ez hainbeste, baina jakin gabe nondik datorkion insatisfakzioa».

Elkarrengandik erabat bereizita ziruditen hiru ildo horiek lotzea izan da idazlearen erronketako bat, baina teknologiak eman dio horretarako bidea. «Ematen du nahikoa erronka, esan behar nuen zaila, baina gehiago da zoroa, edo absurdoa; konplexua, inkluso, baina, azkenean, errealitate birtualaren elementua sartuz askatu nuen korapilo hori».

Max Dox izeneko pertsonaia ere garrantzitsua da eleberrian. Parisen ezagutuko du protagonistak. «Ez dago oso argi neska den edo ez, ze oso queer-ak izango dira denak etorkizun horretan». Argi dago, ordea, protagonista baino gazteagoa dela, eta, hain zuzen ere, belaunaldi talka hori irudikatuko du haien arteko harremanak. Nolabait ere, Paula Pagaldai sortzen ikusi duen teknologiarekin liluratuta baitago,eta Max Dox, berriz, teknologiarekiko harreman horretatik libratu nahian dabilen belaunaldi berriaren parte baita.

Testuarekin batera, liburuan badira tartekatutako marrazki batzuk ere. Agirre: «Liburuko etorkizun horretan, errealitate birtuala bakarrik ez, errealitate areagotua ere badago, eta pertsonaia, daramatzan betaurrekoekin, etengabe ari da sekulako estimulu bisualak jasotzen, eta horri egindako keinuak dira irudi horiek».

Ipuin bat aipatu du Agirrek nobelaren jatorrian. Azala sorkuntza guneak eskatuta idatzi zuen egileak Loratze perimetroa izeneko fabula 2020an. Narrazio espekulatiboak idazteko eskatu zieten hainbat idazleri, eta Gasteizko Errekaleor gune okupatuan girotu zuen berea Agirrek. Hura izan zen etorkizunean girotu zuen lehen narrazioa, eta esperientzia haren ondorengo da eleberria, dioenez. «Mundu berri bat deskubritu nuen. Asko zor diot enkargu hari».

Are gehiago. Idazleak Azala gunean bertan egindako egonaldi batean idatzi baitu Berriz zentauro eleberriaren parte handi bat.

Hamabost urteko ibilbidea

Xabier Mendiguren editoreak oroitu duenez, hamabost urte dira aurten Agirrek bere lehen lana, hau da, Sua falta zaigu ipuin bilduma argitara eman zuela, eta haren ibilbidea laudatu du. Azken hiru eleberriekin egindako lana goraipatu du bereziki. «Esango nuke hiru nobelak direla onak, baina, batez ere, hirurak direla oso diferenteak teknikaz, eta gaiez ere bai». 2015ean, Atertu arte itxaron izeneko road trip sentimentala argitaratu zuen Agirrek; 2018an, saiakeraren eta thrillerraren mugan dabilen Amek ez dute, eta, orain, berriz, antizipazio nobela bat kaleratu du, editorearen esanetan. «Aldiro, zerbait berria exijitzen eta oparitzen dio bere buruari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.