Gabonak magiari lotu ohi bazaizkio ere, zentzu handiagoa du diruari lotzeak. Eguberrietako loteriarekin hasten da eta Errege Egunekoarekin amaitu. Batzuek aparteko ordainsaria jasotzen dugu, eta denok gastatzen dugu ohi baino gehiago. Eta bitartean, erakundeek balantzeak eta aurrekontuak luzatzen dizkigute. Halako sarrera-gastu-betekadan oharkabean pasatu ahal izan zaizkigun kopuru batzuk berrartzea komeni da, garbiketatxo bat eginez, urtarrileko dietan bezala: oinarrizkoenetara joz.
5.415.000 euro dira Jaurlaritzak Guggenheim Bilbao Museoari funtzionamendurako ematen dizkionak. Bilboko Arte Ederretako Museoak, aldiz, 2.247.227 euroko diru saila du; Tabakalerak, 1.740.000 eurokoa, eta Artium Museoak, 1.355.000koa.
Horretaz gain, Jaurlaritzak 1.471.411 euro ematen dizkio Guggenheim Museoari New Yorkeko Fundazioari izenaren erabilerarengatik ordain diezaion. Alegia, Guggenheim deitu dadin.
Artelanak erosteari dagokionez, Guggenheimek 1.500.000 euro jasotzen ditu. Artiumek, kontzeptu berdinarengatik, 200.000. Laburbilduz, Jaurlaritzak Guggenheim Museoari ematen dion urteko diru saila 8.386.411 eurokoa da; Artiumena, 1.555.000koa.
160.000 euro jaso ditu Bidartek 2024an Guggenheim Museoa zuzentzeagatik.
Aurrekontuetan bada Euskadiko Museo eta Bildumen laguntza izeneko diru sail bat, 1.000.000 eurokoa. Uste dut erkidegoko museo txikiago guztien artean (20 inguru) banatzeko kopurua dela, baina zehaztuta ez dagoenez, ezin dut ziurtatu.
560.000 euro dira Jaurlaritzak urtero Sorgune programari eskaintzen dizkionak, hau da, artearen sorkuntza bultzatzen duten espazio alternatiboentzako bi urteko laguntzei. Azpeitiko Dinamoak, esaterako, 107.247 euro lortu zituen 2022ko deialdian, 53.600 inguru hurrengo bi urte bakoitzeko. 2024ko deialdian, aldiz, kanpoan geratu da eta hurrengo bi urteetan ez du laguntzarik jasoko.
Artista plastikoen diru-laguntzei dagokienez, Eremuak programak 240.000 euro banatzen ditu. Horiekin erakusketak antolatzen dira, publikazioak egiten dira eta proiektu zehatzei produkziorako dirua ematen zaie.
Bestalde, Jaurlaritzak 290.000 euro banatzen ditu artisten proiektuen ekoizpenerako, diru-laguntza zuzenetan. Banaketa honakoa da: 5.000 euroko 22 laguntza, 8.000 euroko hemezortzi eta 12.000 euroko hiru. Laguntza bakoitzean, artistek kopuruaren %60 har dezakete gehienez ordainsari gisa (lan egiten emango duten orduengatik, alegia) eta beste %40a gutxienez produkziora bideratu behar dute.
1.027,05 euro da euskal sortzaileen hileko batez besteko soldata, Lanarteak abenduan jakinarazi zigunez. Aparteko ordainsaririk gabe, noski.
Kopuruei begiratuta, ez dakit kulturako dirua banatzeko orduan Jaurlaritza eta loteria hain desberdinak ote diren. Milioiak batzuek, osasuna besteek.