Kritika. Literatura

Zelulosazko plaza bat

Uxue Alberdi eta Begoña Durruty / 'Belarriko kilkerra'
Irati Majuelo.
2024ko otsailaren 18a
05:15
Entzun

'Belarriko kilkerra'

Idazlea: Uxue Alberdi. Ilustratzailea: Begoña Durruti. 

Argitaletxea: Elkar.

Istorio bihurriak, anekdota sinesgaitzak, auzokide arteko txutxu-mutxuak, txiste gogoangarriak. Halakoxeak dira Uxue Alberdik bere azken liburuan bildu dituen kontakizunak, ahoz aho pasatakoak denak, azkenerako, orri zurira iritsi arte. Elkar argitaletxearekin eman du argitara Belarriko kilkerra, memoriaren ertz batean kir-kir kir-kir dabiltzan pasadizoak bilduta.

Ahozko literaturaren tradizioa oinarri hartuta osatu du, beraz, liburua Alberdik. Ahotik belarrira behin eta berriz bidea egiten duten kontakizunek ez dute, sarri, egile ezagunik, ez eta sorburu zehatzik ere. Hala, kontalariaren gaitasun komunikatiboei eta istorioaren mami gatzdun edo harrigarriari zor zaie haien arrakasta, euskarri fisikorik gabe denboran irautera daramatzan zera horri. Horretarako, baina, hizlari trebeak eta entzule arretatsuak behar dira. «Eskas ditugu elkarri istorioak kontatzeko lekuak eta momentuak» adierazten du idazleak hitzaurrean, eta hala, ordainetan, zelulosazko plaza bat eratu du liburu honen bidez. Bide batez, akaso, irakurleari ere bere gertakizun xelebreak gogorarazi eta aditzera emateko gogoa piztuko diolakoan.

Ahozkotik paperera zerbait galduko zen, ia seguru, baina hizkuntza joriaz, malguaz, jostariaz idaztea lortu du Alberdik, ahozkotasunetik gertu-gertu. Hiztegia aberastu nahi duenarentzat aukera bikaina eskaintzen du lan honek; hitz jokoak, ateraldi burutsuak, kale hizkera, antzinako berbak, denetarik biltzen baitu. Askotarikoak dira kontamoldeak ere, badira metafora poetikoak darabiltzaten istorioak, muinera iritsi arte itzulinguruka abiatzen direnak edo tentsioa azken lerrora arte mantentzen dutenak. Guztiek dute, finean, helburu bera, entzulea (eta kasu honetan, irakurlea) entretenitzea.

Hori hala, umorea, nazka, lilura zein zirrara eragiten dute kontakizun laburrek. Lau ataletan banatuta daude, biltzen dituzten narrazioen izaeraren arabera. Lehenengo atalean, Marrubi-lapurretan izenekoan, istorio ipurtarinak gailentzen dira, lagunartean egindako gaiztakeriak, apustuak eta amarruak. Bigarrenean, aldiz, heriotza da gai nagusia, eta harekin batera, umore beltzez tindatutako gertakizun xelebreak. Minaren gela hirugarren atalak biltzen ditu, akaso, kontaketa ilunenak, lotsagabekeria eta aldarte bihurria erabat galdu gabe, baina. Azkenik, Ispilua-k erakusten ditu giza gorputzaren arrunkeria naturalak, umore handiko anekdoten bidez.

Ahoz ahokoak indartu ohi duen naturaltasunak eta gaiztakeria puntuak lagunduta, beraz, epai moraletik urrun azaltzen dira pertsonon aldrebeskeriak, ezintasunei aurre egiteko burutazioak eta ondokoa xaxatzearen poza. Alberdik gaur egun ezohiko zaigun liburua kaleratu du, kontaketaren garrantzia eta dibertsioa erdigunean jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.