Zeluloidea, musikaren erritmoan

Bihar abiatuko da Dock of the Bay jaialdia, Donostian, hilaren 12 bitarte. Askotariko hogei film dokumental erakutsiko ditu

Bixa Travesti laneko irudi bat; Brasilgo Linn da Quebrada abeslari transgeneroaren istorioa du ardatzean. DOCK OF THE BAY.
itziar ugarte irizar
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Musika eta zinema gurutzatzen diren eremu libre horri leiho bat irekitzen dio Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdiak, Donostian. Bihar abiatuko du hamabigarren aldia, eta orain arteko «hausnartuena eta landuena» izango da, antolatzaileen hitzetan. Hilaren 12ra bitarte, hogei film dokumental ikusi ahal izango dira, askotarikoak edukiz eta formaz, Antzoki Zaharra eta Trueba aretoetan. Sail Ofizialak erakutsiko ditu lehiaketa barruko lanak, eta beste hiru sailetan izango dira lehiaz kanpokoak: Perfect Day, urte osoan nazioartean nabarmendu diren musika dokumentalak biltzen dituena; Paint it Black, atzera begirako saila; eta Dock Live, aurtengo berrikuntza, filmak zuzeneko musikarekin batera erakutsiko dituena.

Bederatzi lan izango dira aurten musika dokumental onenaren Dock of the Bay saria lortzeko lehian. Askotarikoa da zerrenda.1980ko hamarkadan, Euskal Herriko rock eszenan, lehenengotako emakume abeslaria izan zen Lou Olangua; haren istorioa ardatzean, emakumeek Euskal Herriko eszenan hartu zuten lekuaz hitz egiten du Louk. Zuberoako kantuen kultura lantzen du, bestalde, Elsa Oliarj-Inesen Basahaideak lanak. AEBetatik bi ekoizpen helduko dira: Lee Renaldoren Electrim Trim albuma sortzeko prozesua jasotzen duen Hello Hello Hello dokumentala; eta Milford Graves: Full Mantis, izen bereko perkusionistaren ibilbidea erakusten duen filma.

Brasilgo abeslari eta artista transgeneroa da Linn da Quebrada; haren eskutik, gorputzaren eta bere irudikapenaren gaineko gogoeta bultzatzen du Bixa Trabesti lanak. Oso bestela, Nacho Vegasen urratsetatik, Asturiasko langile eta nekazarien 1934ko altxamendura helduko da ikuslea Cantares de una Revolución-en.

Atala ixteko, Los Fiambres punk taldeko Rober El lado oscuro del rocanrol diskoa grabatu zuten lekura itzuliko da La estrella errante filmean; El ulls no saturan-ek Miguel Serra musikariaren erretratua egingo du; eta O Espirito de Pucho Boedo-k Novedades Carminha taldearen hiru grabaketa egunen lekuko egingo du ikuslea.

Proiekzioak, eta gehiago

Nazioarteko azken musika dokumental aipagarrienen hautaketa bat erakutsiko du Perfekt Day sailak; zazpi lan. Horian artean, ezohiko da I Used to be Normal; zenbait emakumek The Beatles, Backstreet Boys, Take That eta One Direction taldeekin izan duten harremanaz ari da. Matangi Maya M.I.A.-k, izen bereko kantariaren bizitza azalduko du, Sri Lankako gerratik ihes, Londresera alde egin, eta izar bilakatu arteko bidea.

Madrilgo Zombies taldeko abeslaria izan zen Tesa Arranz, eta harekin dago lotuta Aliens film laburra. Trojan Recors zigiluaren ikuspegitik, Jamaikako eta Britainia Handiko gazteen uztartzea kontatzen du Rudeboys a story of Trojan Records-ek. Eta Britainia Handiarekin segituta, bertako Michael Caine zinemako izarra da My Generation laneko protagonista, 1960ko urteetan egindako bidaia bat azalduko du, garai hartako zenbait talderengana itzulita.

Matt Tyrnaurren Studio 54 eta Alexis Moranteren Cameron: flamenco y revolución filmek osatuko dute saila.

Atzera begirakoari gordetako Paint it Blac atalak, aldiz, lan bakarra hartuko du aurten: Fernando Truebaren Mientras el cuerpoaguante, 1982koa. Chicho Sanchez Ferlosio egile anarkistaren figurara egindako hurbilketa bat da, haren kantu eta lekukotzen bidez ondua.

Forma narratibo berrien aldeko apustua egin nahi izan du aurten Donostiako jaialdiak, eta Dock Live saila sortu dute hartara. Hiru film proiektatuko dituzte, zuzeneko musikarekin. Ostiralean izan zen lehena, eta hauek izango dira hurrengo biak: Respirar, correr, mirar filma interpretatuko du Mursegok, urtarrilaren 8an; eta In The Middle of Norway lanaren ondoan joko du, akustikoan, La Habitacion Roja bikoteak, hurrengo egunean, hilaren 9an.

Ohikoa denez, proiekzioez gainera, bestelako jarduerek osatuko dute jaialdia: kontzertuak, mintegi bat eta ikusle gazteentzako saio bat prestatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.