begona del teso
Eppur si muove

Zeluloide iraungia, zeluloide bizia

2025eko martxoaren 7a
04:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Amairik ez du zinemaren fenomenoak. Ez sormenaren, ez industriaren, ez merkatuaren, ez negozioaren, ez liluraren aldetik. Berlinaleko esperientzia zeluloidezko-politiko-soziala izan eta gero, Oscarretan, denok sakon maitatu arren, inork espero ez zituen pelikulak suertatu ziren irabazle. Inork ez genuen Anora garaile ikusten, baina Cannesko Palma bereganatu zuen komedia gazi-tristatu-eroa izendatu zuten Akademiakoek beste guztien gainetik.

Horrek esan nahi du, nire irudiko, zerbait (asko) ari dela aldatzen Hollywood aldean. Nola ulertu bestela, gutako malmutzenok baino beste inork ezagutzen ez dituen beldurrezko hainbat bihurrikeriatan trebaturiko Mikey Madison aktore fin-finak Demi Moore bera gainditu izana? Ez bada iraultzarik gertatu Los Angelesen, nola entenditu parekorik ez duen Lituaniako Flow amets/amesgaizto animatuak Inside Out 2 eta The Wild Robot superekoizpenak bazterretan utzi izana? Ez ziren, ez, tronpatu; ez zuten, ez, oker jokatu aberkideek Gints Zilbalodisen film primerakoaren protagonista den katuari eskultura bat eskaini ziotenean Vilna hiriburuan.

Mila eta bat kontu bitxi suertatu ziren Hollywooden joan den igandean. Mila eta bi zeluloidezko gertaeraren lekuko izan ginen gu Iruñean ordu bertsuetan. Sei egunez ibili ginen han Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Ikuspuntu jaialdiak eskainitako proposamen atrebituetan murgildurik. Bertan, igande goizean xuabe-xuabe egin zuen elurbustiaren pean, izugarria suertatu ziren mila eta hiru kontu. Esaterako, Maddi Barberrek eta Marina Lameirok sortutako Cambium izenburuko film ertain misteriotsu bezain organikoak —ez al dira ba bi gauza horiek antzeko oso?— ikusleen saria lortzea. Merezimendu osoz, Nafarroako akelarre fotogramazko horretan zeluloideak berak, materiak berak, alegia pelikulak hartzen baitu ia beti protagonismo osoa. Baliabide izanik, bitartekoa izanik, pertsonaia bihurtzen da, ikusle harritu eta sorginduen aurrean. Pertsonaia nagusia. Cambium horretan, Maddik eta Marinak iraungia zen 16 milimetroko zeluloidea erabili zuten, Nafarroako Lakabe inguruko baso baten antzalda islatzeko. Askok baztertuko zuten lehengai horrek tonu esoteriko eder askoa ematen dio Naturarekin eta gizakiekin bat egiten duen filmari, non pinuek inoiz desagertuko ez den energia bat sostengatzen duten, non heriotzak bukaerarik ez dakarren, non beste munduarekiko bitartekaria den emakumeak oso izaki lurrekoa ematen duen, non bertako gurasoak umeak besoetan harturik igotzen diren arboletara, non zaldi indartsu baten gainean ibiltzen zaren pinuek utzitako lautada zirkularrean.

Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagileen 'Cambium' filmeko irudi bat.
Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagileen Cambium filmeko irudi bat.

Mila eta lau harridura jaso genuen Iruñean, Berlinale bukatua zelarik, Oscarretako gauaren egunsentian. Eta harridura ez zen bakar-bakarrik gurea. Sortzaileak ere txundidura berak harturik sumatu genituen eszenategian. Beren zinema aurrera eraman ahal izateko mila eta ziento bat borrokatan ibiliak diren Txileko Carolina Adriazolak eta Jose Luis Sepulvedak Gazteriaren Saria eta Epaimahaiaren aitortza nagusia lortu zituzten Cuadro negro bere proposamenagatik, eta ezin sinetsirik igo ziren oholtzara jasotzera.

Umorea dario Txileko erretratu anker horri. Umore ozpindua, pozoitsua. Kamera baino gehiago, badirudi egileek kaleidoskopio bat darabiltela tresna, arma, ispilu. Filmak bat egiten du Iruñean zein Berlinen aldarrikatu izan den zinemaren anarkia emankorrarekin, harekin egiten du bidea.

Elurbustia ari zuen igandean kalera atera ginenean. Artean Anora-k ez zuen ezer irabazita. Artean Flow-k ez zituen ez Wallace ez Groomit lagun maitatuak gainditu. Ordurako, baina, ikusia genuen plataformetan ere badagoen Jean Rouchen La chasse du lion à l´arc, 1967an Veneziako Mostran merezi zuen sari handia irabazi zuen dokumentu ezin egiazkoagoa. Jean Rouch ingeniaria zen, antropologoa, zinemagilea. Bere burua honela azaltzen zuen bisita txarteletan: bilaketetan espezializatua. Godarden aburuz, ez da definizio hobeagorik zinema egiten duen batentzat.

Zinemak ez du amairik. Gaur estreinatzen da ez Trumpek, ez Elon Muskek, ez Netanyahuk, ez Zuckerbergek ikusiko duten Mickey 17 zientzia fikziozko parabola satirikoa. Gaur estreinatzen da Albert Serraren Tardes de soledad, non kamerek begiek ikusten ez dutena ikusten duten, non mikrofonoek belarriek entzuten ez dutena harrapatzen duten. Gaur bertan zinema aretoetan dirau The Monkey-k. Beldur galant eta burlatia dastatu nahi izanez gero, ez galdu. Terrorea ari da nagusitzen munduan, hartu deskantsua pantailan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.