Kritika. Musika

Zein ote askatzaile

Marta Garcia
2024ko abenduaren 21a
05:05
Entzun

'THE ENGLISH CONSORT ORCHESTRA & CHOIR'

 

Zuzendaria: Harry Bicket. Bakarlariak: Chiara Skerath (sopranoa), Jess Dandy (kontraltoa), James Way (tenorra), Morgan Pearse (baxua). Egitaraua: G. F. Haendelen Mesias. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abenduaren 18a.

Bere Mesias handia konposatu zuenerako, Georg Friedrich Haendelek ospe eta errokonozimendu handiak ere bazituen Londresen. Izan ere, ongi ezagunak zitzaizkion publiko ingelesaren gustua gidatzen zuten usadio eta modak, eta bazekien nola sortu gustu hura aseko zuten obrak. Charles Jennensen libretoaren zerizana Jaunaren meditazio bat izatea da, pentsamendu eta sinesmen kristauetan duen Mesias izaera funtsezkoa aintzat hartuz, alegia, salbatzaile eta askatzaile ideietan oinarrituz. Ez da lan makala, eta beti da kitzikagarria ideien eta baliabide musikalen arteko hartu-emanean nork irabazten ote duen ebazten saiatzea.

Orkestra eta zuzendaritza orbangabeak parean, bakarlariek daramate zama pisutsuena, kasu askotan, testuaren eta musikaren arteko jolasa emankorra izan dadin. Pearse baxuak izan zituen unerik bizienak, The trumpet shall sound arian, esaterako, tronpeta guztiz distiratsua lagun. Skerathek erraztasun harrigarriz ebatzi zituen Rejoice greatly zoragarriaren koloraturak. Wayere oso fin, Every valley-etik soinu garbiaz. Dandyk tinbre ederra dauka, borobila eta leuna, bular-erregistro zabal eta sakonaz hornitua, baina ibilbide motzegia izan zuen kasu askotan. Abesbatzan lerro baxua izan zen nabarmenena: soinua egonkor, tesitura osoan ezer tenkatu gabe, emisio zuzen eta borobila mantendu zuten une oro. Tenorrak ere bikaintasunaren bidean, nahiz eta uneren batean ahotsaren kokapena zertxobait desegin zitzaien. Ahots zuriak ere behar bezain argi, baina grabeen atzetik geratzen ziren noizean behin, batez ere pasarte fugatuetan.

Orokorrean, eta jakinda zeinen maila altuan aritzen diren interprete guztiak, oso Mesias ona izan zen. Horren adierazgarri argiak izan ziren Worthy is the Lamb eta Amen zatiak, Bicketek tenpo mantsoan gidatuta, barnekoi eta eskuzabal. Musikazaleontzat urteari amaiera emateko erritu funtsezkoa da oratorioaren errepertorioko obra handi bat gozatzeko aukera izatea, eta Kursaalean eman zitzaiguna primerakoa izan zen. Baita askatzailea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.