Zein emakumeren bizitza bizi

Garazi Goiaren eta Goizalde Landabasoren arteko gutunak biltzen ditu '1.362 km euri' liburuak. Itzalean egon diren hainbat emakumeren istorioak azaleratu dituzte

Goizalde Landabaso eta Garazi Goia, aurreko ostiralean, elkarrekin idatzi duten 1.362 km euri liburuaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Lerro zuzen bat eginez gero, 1.362 kilometro daude Bilbotik Londresera, Goizalde Landabasoren (Bilbo, 1970) etxetik Garazi Goiaren (Segura, Gipuzkoa, 1978) oraingo etxera. Hortik dator izenburuaren lehen zatia. Bigarrenaren zergatia, berriz, hau da: kasualitatez, aldi batean ez beste guztietan, euria egin zuela elkarri gutuna idatzitako egunetan. 1.362 km euri (Elkar) ez baita eguraldiari buruzko liburu bat, gutun liburu bat baizik. «Bigarren bizitza bat bazenu, bizitzeko beste bizitza bat... Zein emakume izatea aukeratuko zenuke zuk?» galderatik abiatu dute eskutitzen trukea.

«Komunikazio ariketa zintzo bat egin nahi genuen», esan du Landabasok. Denbora hartu pentsatzeko, hausnartzeko eta besteari zer esan jakiteko; eta, era berean, besteak esan beharrekoaren zain egoteko. Alde horretatik, ia «ahaztutako sentsazio» batzuk ere bizi izan dituela aipatu du Goiak. «Gaur egun, badirudi ahaztu egin zaigula zer den gauza batzuk jasotzeko zain egotea». Emakume bat aipatzen dute gutun bakoitzean, eta guztiek dute ezaugarri komun bat: «Norbaiten itzalean egon ziren beti, eta horregatik ez dira hain ezagunak. Iruditu zitzaigun emakume horiek guri sortzen zizkiguten sentsazioak kanpora ateratzeko aukera bikaina zela».

Eulalia Abaitua argazkilaria aipatzen du Landabasok lehen gutunean. «XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako argazki gehienak harenak dira, baina ez dakigu Begoñan bizi zen emakume aberats batek egin zituela». Goiaren estreinakoak, berriz, Paula Modersohn-Beckerri buruzhitz egiten du. 1876an jaio zen Alemanian, eta arte modernoaren aitzindarietako bat izan zen, besteak beste, biluzik zeuden emakumeen erretratuak margotu zituen lehen emakumea. «Barne borroka ugari zituen artista izateari, amatasunari eta erronka pertsonalei lotuta. Bizitza txundigarria izan zuen, baina ez zen erreferentzia bat izan haren alabak Bremenen museo bat jarri zuen arte». Hain zuzen, 30 urterekin hil zen artista, ama izan eta egun batzuetara.

Ezagutzen zituzten elkarri aipatutako emakumeetako batzuk; beste batzuk, ez. Izan ere, proiektua abiatu aurretik, ez zuten zerrendarik adostu bakoitzak zeini buruz hitz egingo zuen jakiteko. «Sorpresa kontzeptu hori ere garrantzitsua da, aberasgarriagoa egiten zuen guztia», dio Goiak. Cristina Khalo, Lydia Delectorskayak, Josephine Butler, Maurizia Aldeiturriaga eta Natalia Sedova izan dira batak edo besteak hautatutako beste emakumeetako batzuk. Hain zuzen, artearen mundukoak dira gehienak, «guri hala interesatzen zitzaigulako, batzuk gure alter ego-ak direlako, eskutitza idazteko unean haiei erreferentzia egiteko beharra sentitzen genuelako...».

Itzalean egondako emakume horiekin nahasita, bi idazleen sentimendu intimoak ere ageri dira. «Ariketa zintzo horretan, gu nola sentitzen ginen bizitzako une horretan, gure kezkak, une horretan gertatzen zitzaiguna eta abar ere islatu nahi genuen». Ametsen atzetik joateak daukan garrantzia da Goiaren gutunetan agertzen den gaietako bat, eta atzerrian bizitzeak sortzen dizkion korapiloak ere bai. «Amatasunaren, bizitzaren eta erronka pertsonalen arteko gatazka hori ere oso presente dago nire eskutitzetan». Landabasorenetan, berriz, bakardadearen inguruko hausnarketak eta aurreko belaunaldietako emakumeenganako miresmena agertzen dira askotan. «Iruditzen zait aurreko belaunaldi hurbilenek guk bizi izan ez ditugun gauzak bizi izan zituztela, eta gure bizitzak nahiko errazak izan direla neurri batean. Emakume izateak esan nahi zuena, gerra, gerraostea, espetxea eta abar bizi izan zituzten, eta ikusten duzu zer adoretsuak ziren, nolako balentria zuten». Balentria hori lausotzen ari ote den galdetu du.

Urtebete iraun du bi idazleen arteko gutun trukeak, 2017ko uztailetik 2018ko uztailera arte. Liburuaren aurkezpenean, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aipatu du oso hizkuntza gozoan idatzita egon arren, Googlen kontsulta asko egitea eskatzen duela lanak. Goiarentzat, irakurlea Googlera joatea seinale ona litzateke: «Esan nahiko luke emakumeak atentzioa eman diola eta zerbait gehiago jakin nahi duela. Gure asmoa ez zen gutun horietan izugarrizko orri piloa idaztea emakume horren bizitzari buruz, interesa piztea bera arrakasta da».

Dokumentazio lana

Alde horretatik, dokumentazio lan handia egin behar izan dutela kontatu du Landabasok, oso informazio gutxi dagoelako «apartak» izan ziren emakume askori buruz: «Gizonezkoen erreferentziak bonbardatu egiten dizkigute; aldiz, emakumeenak bilatu egin behar dira, norberak egin behar du lan bat».

1.362 km euri lanaz gain, beste zenbait liburu dituzte argitaratuta bi idazleek. Goiarenak dira Bi hitz (Alberdania, 2008) eta Txartel bat (des)herrira (Elkar, 2013) eleberriak nahiz Mrs Hemingway itzulpena (Txalaparta, 2015); Landabasok, berriz, Korte bat mesedez kronika (Alberdania, 2000), Bränskint narrazio ilustratua (Txalaparta, 2011), eta Jat (Elea, 2005) nahiz Babeserako kopia (Elkar, 2015) poesia liburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.