KRITIKA. Antzerkia

Zein da asmoa?

Companyia Solitariaren ‘Mal de coraçon’antzezlanaren irudi bat. COMPANYA SOLITARIA
Companyia Solitariaren ‘Mal de coraçon’antzezlanaren irudi bat. COMPANYA SOLITARIA
2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

‘Mal de coraçon’

Ideia: Companyia Solitaria. Zuzendaritza: Andrea Jimenez. Dramaturgia: Victoria Szpunberg. Aktoreak: Julia Barcelo, Pol Lopez, Pau Vinyals. Eszenografia: Judit Colomer. Jantziak: Adriana Parra. Argiak: Conchita Pons. Soinu espazioa: Lucas Ariel Vallejos. Lekua: Erriberriko gazteluko Cava antzeztokia. Eguna: uztailak 27.

Jaialdiek hori dute, ikuskizunak ikusten dituzula liseriketa egiteko denborarik gabe, eta horra hor nahasten zaizkizula dramaturgia estilo ezberdinak eta ezin aldaratuzko antzezpen motak, esate baterako. Horrela, aitortu behar dut Mal de coraçon-en emanaldiarenbezperan Txileko La villa ikusi genuela —irakurri Agus Perezen kritika—, eta bi ordu lehenago Los Galindos talde paregabeaz gozatzeko aukera eman zigula programazioak. Animoa, punta-puntako antzerki onaz gogoaserik, eta Andrea Jimenez zein Victoria Szpunbergen izen onek akuilaturik, asko espero genuen Kataluniako Teatre Nacionalen muntaiaz, baina emaitzak ez zituen gure aurreikuspenak bete. Zergatia azaltzen saiatuko naiz.

Euriak arazo tekniko andana ekarri zizkien La Solitaria konpainiakoei. Baina hor ez dago koxka, ze era guztiz profesionalean alboratu zituzten traba guztiak: mikrofono bolumenen etenak, proiektorearen matxura, aforoaren erdiak itzulpenak ezin irakurtzea, kanten ordenen nahasketak... Kontua ez zen makala izan, ez, baina hor ez dago koxka. Gainera, nago emanaldia katalanez egin nahi zutela, baina ezin. Hasierako ordu laurdenaren ondoren... hara! Gaztelaniari ekin zioten bukaerara arte. Aktoreak energetiko eta erabakigarriak. Suro filmean ezagutu genuen Pol Lopez arizale apartaren mailara igo ziren Julia Barcelo eta Paul Vinyals. Eszenografia eta zuzendarien lana, primerakoak. Orduan?

Taberna batean elkartzen dira filosofia irakasle alkoholiko bat (Lopez), tabernaria (Barcelo) eta neska-lagunak utzi duen gaztea (Vinyals). Zerbitzaria Teresa de Jesusi buruzko musikal baterako hautaproba prestatzen ari da. Irakasleak testua pasatzen laguntzen dio tarteka-marteka, eta gazteak, irakaslea errudun dela sinetsirik, arrazoi bat bilatu nahi dio bere emaztegaiaren gosthing-ari. Kanpoan gaua euritsua da, ekaiztsua.

Gizonezko biak obra guztian mozkor eta oihuka, hitzezko talkan, ahariak nola. Bi faktore horiek —aitortzen dut— ezin ditut oholtza gainean jasan; ez garrasiak, ez pertsonaien mozkorraldi iraunkorrak (Osaba Vania-koak alde batera utzita, jakina). Baina demagun horiek ere barkatzen dizkiodala Mal de coraçon delakoari. Hori ez baitzen kontua. Kontua da aurretik ikusitako La villa eta Los Galindosen antzezlanek bazeukatela proposamen, asmo, xehe, jomuga argia, eta La Solitaria antzeztutakoan ez dut nik —hain primeran gauzatua egon arren— horrelakorik ikusi.

Posdramatikotasunak ekartzen duen pastitxismoari burla egiten diotela esaten duenik ere badago, eta Mal de coraçon ironikoki ulertu behar dela sinesten duenik ere bai.Nik,berriz, Santa Teresa de Jesusiburuzko enkarguak huts egin duelakoan nago. Ez nion nik harrapatu kritika (meta)teatraletik ezer sendorik. Eta, orduan, hor kakoa: zein da obra honen helburua?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.