«BEC mugara eramango dugu». Pello Reparaz musikari eta ZEID Fest jaialdiko antolatzaileak esaldi horrekin azaldu du apirilaren 13an gertatuko dena. Hirugarren urtea du jaialdiak Barakaldoko erakustazokan (Bizkaia), eta aldiro egon da beteta. Atzo jakinarazi zuten sarrera guztiak bukatu zirela, baina, «aforo sistema berri baten bitartez» eta «segurtasun arduradunekin hitz egin ondoren», jende gehiago sartu ahal izango dela iragarri dute orain. Bihar jarriko dituzte salgai azken sarrera horiek, eta 08:00etan zabalduko dute salmenta, zeidfestgaztea.eus webgunean.
Esker ona ere adierazi die Reparazek orain arte sarrerak erosi dituzten guztiei.
Egun osoko egitaraua du jaialdiak, eta ondorengo musika taldeek osatzen dute kartela: Izaro, Gatibu, Eire, Bulego, Etxepe, Merina Gris, Tatta eta Mutiko, Eusko Princess, Sara Zozaya, Janus Lester, Yadam, Zoo, Tanxugueiras, La Plazuela, Delaporte, The Tyets, Lia Kali, Fillas de Cassandra eta Yadam. Horrez gainera, zuzeneko marrazketa saioak ere izango dira, bai eta trabesti showak ere. Albina Sturdust, Xarma Leone, Divina Comedia eta Yogurinha Borova ere egongo dira jaialdian.
Naizen elkarteak egingo du ohorezko ate irekiera.
Zetak taldea eta Panda Artist Management dira jaialdiaren antolatzaileak, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta EITB eta Gaztea irratia dira babesle nagusiak. Eta laguntzaile zerrenda zabalagoaren barruan, BERRIA ere ageri da komunikabide laguntzaileen artean.