Koronabirusak eragindako krisiaren amaiera abiapuntu hartuta, Zeinen ederra izango den kantua sortu zuen Reparazek, artean Euskal Herria itxialdi betean zela. Kantu horri tiraka, 2022an egin zuten aurrenekoz ZEID Zeinen Ederra Izango Den jaialdia, arrakasta handiz. Bigarren aldia egin zuten iaz Barakaldoko BECen (Bizkaia), eta hirugarrenez egingo dute jaialdia aurten, apirilaren 13an, leku berean.
Erlazionatuta
Zer esan nahi du zuretzat ZEID jaialdiak?
Oso berezia da. Jaialdiaren jatorria ez da nolanahikoa; jendeak bilakatu du jaialdi hau gaur egun den erraldoi hori, eta uste dut alde horretatik nik ez dudala hain nirea sentitzen jaialdia; jendearena da jadanik, bere egin baitu, forma eman baitio. Jaialdi ikaragarri eder bat da non Euskal Herriko jende asko elkartzen den leku berean, eta ospatzen duen modu batera edo bestera bizirik gaudela.
Aurtengo karteletik zer nabarmenduko zenuke?
Askotan euskaldun izatearen konplexu moduko bat dago Euskal Herrian, eta jaialdien programazioan, kanpotik datozen taldeei presentzia handiagoa ematen zaie hemengo taldeei baino. ZEID Festek buelta eman nahi dio horri, eta, kanpoko proiektu handiekin batera (La Plazuela, Tanxugueiras, ZOO,...), kartelaren goiko zatian ikusi ahalko ditugu Izaro, Gatibu, Bulego... Badago demokratizazio eta aitortza ariketa garrantzitsu bat kartelean. Horiekin batera, Euskal Herrian dauden musika talde gazteen loraldiak ere isla izango du.
Jarraitzeko bokazioa du?
Horrelako jaialdi bat antolatzeak ardura eta buruhauste handiak dakartza. Aurtengoa benetan polita izango da, baina ez naiz hasi hurrengo urteetan pentsatzen.