Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Zehaztu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal sailkatu dira azken finalaurrekotik finalera. Finalistak: A. Martin, U. Agirre, Jon Maia, B. Gaztelumendi, A. Laburu, I. Apalategi, O. Iguaran eta A. Oiartzabal 'Xamoa'.

Jon Maia nagusi Eibarko saioan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Beñat Zamalloa Akizu.
2015eko abenduaren 7a
07:21
Entzun

Alaia Martin, Unai Agirre, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak. Azken finalaurrekoa Eibarko Astelena pilotalekuan jokatu da gaur arratsaldean, eta gaurko saiotik Maia eta Xamoa sailkatu dira finalera. Maia (500,5 puntu) eta Xamoa-ren (481 pt.) ondotik sailkatu dira: Nahikari Gabilondo (468 pt.), Mikel Artola (463,5 pt.), Iñaki Gurrutxaga (447) eta Felix Zubia (440,5 pt.). Finalaurrekoetan kantatu dutenetatik Zubia da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartel gabe geratu dena.

Maia zuzen aritu da saioan zehar, eta kartzelan jo du goia. Bide bera egin du Xamoa-k ere. Ofiziotan final-laurdenetan erakutsitako distira plazaratzea falta izan du. Gabilondo ez da seguru sumatu saioan. Behin baino gehiagotan trabatu da, eta final-laurdenetan erakutsi zuen sakontasunik ezin izan du erakutsi. Artolak ideietan nabarmendu da, eta indartsu sumatu da ofizioetan. Gurrutxagak saioa ongi hasi du, baina saioaren azkenean behera egin du: zortziko txikian rolarekin nahastu da, eta kartzelan ez du gora egiterik lortu. Zubiak arrazoitzen asmatu du gehien. Estualdi batzuk ere izan ditu saioan zehar, zenbait punturekin nahastu denean.

Txukun hasi dute saioa ia guztiek. Hamarreko handian ideia politak izan dira; batez ere lehen bi lanetan. Gabilondo eta Zubia izan dira lehenak. Gabilondok lehen bertsoa trabatuz hasi du. Hirugarren bertsorako zuzendu du bidea. Egokiago ekin dio saioari Zubiak, eta eutsi egin dio. “Herriko ikastolako lehenengo belaunaldia izan zineten Nahikari eta Felix. 50. urteurreneko ospakizunean elkartu zarete”, jarri die gaia Inazio Usarraldek. “Kultura jolas bihurtu zuten / eta jolasa kultura”, izan du lehen bertsoaren azken bertsoa Zubiak, eta bide horri txukun eutsi dio bertsoaldian zehar.

Orain dela hiru urte nekazaritza ekologikoaren alde egina zuten nekazariak izan dira Artola eta Gurrutxaga. Baratzen gaitzengatik uzta galtzeko arriskuan kokatu ditu gaiak. Gaiari lotutako ekarpen politak egin dituzte biek, bertsoz bertso. “Munduko gaitza konpondu nahi ta / baratzean sartu zaigu”, kantatu du lehen bertsoaren bukaeran Artolak. Honela ireki du bidea Gurrutxagak: “Sarri askotan pentsatu izan det / dana albora uztea: / guk baratzean gaitz bat daukagu / ta merkatuan bestea”. Bigarrenean, konponbidea proposatu du Gurrutxagak: “… ta prezioak jetsi zaizkigu / nahiz eta gastuak igo / behingoatik sulfatatuta / hasi gaitezen berriro”.

Bikotea izan dira, aldiz, Maia eta Xamoa, kezkatuak ziren euren 15 urteko semeak ez zuelako euren lagunekin irten nahi. Bakoitza bere bideari eusten saiatu dira, tarteka lotzeko ahalegina eginez, eta nahasi joan da. Gaia bera ere ohikoena izan dute, eta berritasuna ekartzeko lan handiagoa izan dute.

Maila berean
Hamarreko handikoen mailan joan dira sei puntuko motzekoak. Lehen puntuak erantzuten nekezago aritu dira Gabilondo eta Zubia, eta oparoago gainontzekoak. Sei puntuko motzean Gabilondo eta Gurrutxaga izan dira aurrenekoak. Gabilondok gaur aurkeztuko zion bikotekide berria Gurrutxaga aitari, eta Gurrutxaga aitaren adinkidea izango zen. Topikoetatik abiatu dira, eta umore beltzez bukatu du Gurrutxagak. “Ez dizut ezer esango, baina / badakizu dana”, bota du lehen bertsoan Gurrutxaga aitak. Topiko batekin erantzun dio Gabilondok: “Beti entzun dut maitasunean / adinik ez dela”. “Tokatzen zaigun gisara / ondoan izango gara / baina aurretik esaten dizut / aukera txarra da”. Umore beltzera egin du  Gurrutxagak bere azken bertsoan. “Nahiko etorkizun txarra / daukat argitu beharra / aita baino lehen sartuko dezu / zuloan senarra”.

Indartsu hasi du saioa Artolak, eta sei puntuko motzean erakutsi du bere onenetik gehien. Zentratuta segitu du Xamoa-k, baina ez da gorenera iritsi. Ikasketak ordaintzeko bi bide: prostituzioa asteburutan, Artolak; hoteleko zerbitzari egunero, Xamoa-k. Lehen puntua emandako ariketan, liraina eta lerdena dela zioen puntua egokitu zaio Artolari. Hura baliatuz, era honetatara bukatu du lehen bertsoa Artolak: “Zerbaitetako nago Xamoa / lirain eta lerden”. Hauek izan dira Artolaren azken sei puntuko motzeko puntuak: “Oso ona naiz jakizu / bezero ere izan zintezke / gustatzen bazaizu”. Sindikalistak izan dira Zubia eta Maia, eskatzen dituzten lan baldintzak lortu ezinda. Arrazoitzen ondo aritu dira biak, saio zuzenean.

Zortziko txikian guztiek utzi dute barrea eragin duten bertsoren bat ala beste. Gabilondok egindako gazta Artolak aurkeztuko zuen lehiaketa batera, eta irabazi egingo zuen. Gabilondok marketinerako hartuko zuela kantatu dionean, bota ditu bere punturik onenak Artolak: “Zure gazta zegoen marketinaren zai / orain hobea da ta / proba zazu lasai”. Sariarekin irabazitakoa eskatuko zion ondoren, eta era honetara bukatu du bertsoaldia Artolak: “Salbatu nahi baduzu / zure miseria / astezkenean dezu / Ordizin peria”. Eginbeharreko hau ez da Gurrutxagaren onena izan, rolak nahastu dituelako hasieran, eta ez duelako buelta ematea lortu.

 

Disimulatu nahi, baina ezin

“Disimulatzen saiatuen arren, zurekin hitz egin eta malkoak atera zaizkio”, izan dute kartzelan bakarka aritzeko gaia. Maiak eta Xamoa-k kartzelan egin dute lanik onena. Xenpelar saria irabazi zuenekoa hartu du abiapuntu. Bigarren bertsoan garatu du: “18 urte izango  nitun / ondo daukat memoria / nola aitakin nere ondora / hurreratu zinen ia. / Ni euskalduna, abertzalea / eta ni bertsolaria / denen aurrean erderaz mintzo / izan zitekeen zauria. / Agurtu gabe joan zineten / hain serio aurpegia / eta ni nere barne lotsetan / zulo baten eroria / baina gaur berriz izandu degu / honi heltzeko zoria / orain ja ez naiz Jon Maia bakarrik / ni naiz Jon Maia Soria”. Hau izan du bertsoaldiaren amaiera: “Buelta ematen joan naiz horri / pixkana eta astiro / ja kontzientzia nola ez dudan / lehen neukan bezain txiro / nola disimuloz hitz egin degu / behar den aldiro / zuk nahi badezu batera negar / egingo degu berriro”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.