Oso prozesu luzea», biribildu zuen igandean Jon Maiak, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa irabazita. Azken Bertsolari Txapelketa Nagusian kanpoan gelditu zenetik, «zeharkaldi luze bat» egin behar izan du: «Ez bakarrik Gipuzkoan udaberritik jokatutako kanporaketatatik, baita nire baitatik ere: nire beldurrak, nire ezinak, nire konfiantza... Plazetan oso gustura nabil aspaldi, baina txapelketan mamu asko agertu zaizkit hasieratik». Zeharkaldiak 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatzea zuen lehen helmuga, bideari «behar bezalako» bukaera bat edo segida bat emateko: azken txapelketak utzitako «sentipen eskas horrekin» ez gelditzeko. «Gogo hori bai nuela oso presente», zioen Eibarko Astelehenako oholtzatik jaitsi berritan.
Lehen helmuga erdietsita, bigarren bat zeukan: «Hori ziurtatuta, finalera iristeko helburua neukan, argi eta garbi. Batez ere, sentitzen dudalako finalera joango naizela barruak askatuta».Zeharkaldiko bi helmugak igaro ditu porrotari beldurra galdua dion Maiak. «Nire onenetik egiten badut, ez diot mugarik jartzen lor dezakedanari. Nire onenetik egitea lortu behar dut. Hori lortuko banu, edozer izango da posible, noski», aipatu zuen.
«Nebulosa batean» zen Arkaitz Oiartzabal Xamoa. «Aukerak bazeuden, edo hori esaten ziguten behintzat, eta gertatu egin da. Oraindik erabat sinesgaitz nago, erabat asimilatu gabe», zioen finalerako sailkatu berritan. Emaitza, hain zuzen, azken txapelketatik «alferrik igaro gabeko» lau urteokin lotu zuen: «Ez nuke esango orain dela lau urte baino askoz hobeto egiten dudanik bertsotan, ez dakit, baina nire bertsoak nireago balira bezala bizi ditut. Badakit zein den niri gustatzen zaidan bertsokera, eta horren alde egiten dut apustu».
Txapelketa maiatzean hasi zuen Xamoak, eta txapelketa denentzat egin dela luze irizten dio. Hargatik, hilaren 19an Illunben egingo den finala denek merezi duten «festa» gisa ikusten du. «Festa» horretako protagonistak, Maia eta Xamoarekin batera, Alaia Martin, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran izango dira. Ahalik eta gehiena laguntzea nahi luke Xamoak.
Behetik gorako saioa egin zuten biek, Xamoak hasi goi samarrean hasi bazuen ere. Kartzelan nabarmendu ziren biak hala ere. «Ez dut gozatu asko gaurko saioan. Sentitzen nuen ariketa guztiak aurrera ateratzen ari nintzela. Neure burua buzoa jantzita eta lanean ikusi dut, bukaeran, aukera eduki dudanean, askatu naizenera arte», balioztatu zuen egindako lana Maiak. Xamoak bestalde, «gustura eta eroso» sentitzen zuen bere burua.
Xamoa baino koska bat beherago sailkatu ziren Nahikari Gabilondo eta Mikel Artola. «Bertsotan ez dut asmatu nahi adina, nahiz eta nahi bezain gustura jardun: giroarekin gozatzen ari nintzen, gaizki jardunda ere», arrazoitu zuen Gabilondok. Artolak, berriz, «kartzelara arte», nahi zuena egin zuen: «Pentsatuta ekarri dudana. Ez nuen drama handirik egin nahi. Bertsotan ez dut hori egin nahi. Bizi egiten saiatu naiz, eta nik uste kartzelara arte egin dudala».
Iñaki Gurrutxaga eta Felix Zubia sailkatu ziren azken koskan. Gurrutxagak azken ofizioan gaia gaizki ulertuta bertsokidearen paperetik hasi zuen bertsoaldia, eta ezin izan zion bueltarik eman. Kartzelan ere ez zuen lortu azken ofiziora arte txukun egindakora hurbiltzea. Zubiak ondo ekin zion saioari, eta ofiziotan arrazoitzen ere ondo jardun zuen, baina bertsoaldi batean baino gehiagotan nahastu egin zen. Zubia da finalaurrekoetan kantatu dutenen artean 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusirako sartu ez dena, puntuaziorik txikiena erdietsi duelako.
Disimulatu ezinda, negar
«Disimulatzen saiatu arren, zurekin hitz egin eta malkoak atera zaizkio», aurkeztu zien kartzelako gaia Inazio Usarraldek. Xenpelar saria irabazi zuenean gertatua hartu zuen abiapuntu Maiak: «Etorri zait, eta ezin izan dut gainetik kendu. Beldurra neukan gainezka egingo ote zidan, eta une batzuetan egin dit. Azkenean, hori da bertsoa: zure barrutik ateratzen den hori zure barruraino sartzea. Horretan saiatzen naiz ahal dudanetan, eta gaur ere horretan saiatu naiz». Bigarren bertsoan garatu zuen abiapuntua: «18 urte izango nitun/ ondo daukat memoria/ nola aitakin nere ondora/ hurreratu zinen ia./ Ni euskalduna, abertzalea/ eta ni bertsolaria/ denen aurrean erderaz mintzo/ izan zitekeen zauria./ Agurtu gabe joan zineten/ hain serio aurpegia/ eta ni nere barne lotsetan/ zulo baten eroria/ baina gaur berriz izandu degu/ honi heltzeko zoria/ orain ja ez naiz Jon Maia bakarrik/ ni naiz Jon Maia Soria».
Malkoak ezkutatu ezinik alaba izan zuen Xamoak kartzelan. Futbola jolas behar zuen «ttikiak» ez zuen jolas. «Futbol partidan izaten duzu/ sentimendu bat eskasa/ ze gonbidatzen zaituzte, baina/ gero, baloirik ez pasa./ 'Lasai jolasa besterik ez da', esaten hain da erraza.../ Ta egia da, baina tamalez/ zuretzat ez da jolasa», kantatu zuen bigarren bertsoan.
Zeharkaldi luzea, finalean
Iritsi da finalera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Igandean jokatu zen Eibarren azken finalaurrekoa, eta Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal sailkatu dira finalerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu