Zeharkaldi intimo bat

Bertol Arrietak eta Sandra Garaioak 'Hodeien gaineko aldean' argitaratu dute: doluari aurre egiteko bidean dagoen pertsonaia bati buruzko komiki bat

Bertol Arrietak idatzi eta Sandra Garaioak marraztutako Hodeien gaineko aldean komikiko pasarte bat. SANDRA GARAIOA.
Andoni Imaz
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

Mutil lagunaren suizidioak eragindako mina jasan ezinda, bidaia batean abiatuko da Leire, Hodeien gaineko aldean komikiko protagonista. Ez du luze iraungo bidean, ordea, ezinegonak errepideko hotel batean geratzera eramango duelako, ihesari berari ere ihes egingo balio bezala, eta handik mugitu gabe egingo du liburuko bidaia emozionalik handiena. Bertol Arrietak idatzi du komikia, eta Sandra Garaioak marraztu; Txalapartaren eskutik kaleratu dute.

Dena dela, istorioak protagonista nagusi bat izan arren, azalean ez da hura ageri, ezta hark ibilitako tokirik ere: pertsonaia txiki bat baizik, elurrezko paisaia bat zeharkatzen, ibai ilun baten ondoan. Izan ere, urruneko kontu bat dirudien arren, Annapurnako maldizioari buruzko artikulu batek piztu zion Arrietari komikia idazteko abentura hasteko gogoa. Alpinista baten istorioa ezagutu zuen, Annapurnara ez ezik Artikora ere joan zena, bidaia txundigarri batean: 800 kilometro egin zituen, bakarrik eta oinez. Baina idazleari beste zerbaitek ere eman zion atentzioa: «Hori egin zuen pertsona batek, 30 urteren ondoren, depresioan erorita, bere buruaz beste egin zuen».

Hortik abiatuta, Artikoko bidaia irudikatu dute, eguneroko baten bidez, eta bidaia hori erabili dute Leire protagonistaren «egoera emozionalaren metafora» gisa, Arrietaren hitzetan, haren istorioaren narrazioan elur arteko pasarteak tartekatuz. Bi bidaia horien arteko kontrastean eratu dute komikia: «Bata Artikoko bakartasun eta isiltasun erabatekoan gertatzen da, eta bestea, gasolindegi bateko eguneroko mugimenduan», azaldu du idazleak.

«Artikoko bidaia istorio paralelo bat da, edo ispilu bat, baina baita baliabide bisual bat ere», Garaioarentzat. Kontakizunean eten bat egiten dute pasarte horiek, eta bi orriko irudi handiek arindu egiten dute protagonistaren prozesu sakona.

Leire «ezleku» batean dago, eguneroko hamaika joan-etorriren arteko toki galdu batean. Mugimendu handi horren erdian, ordea, han daude beti hoteleko harrerako langilea, gasolindegiko jatetxeko zerbitzaria eta eguneroko bezeroa, eta pertsonaia horiekin sortutako harremanak lagunduko du protagonistaren egoera gozatzen: «Ezezagunen artean sortzen den gizatasunak», Arrietaren hitzetan.

«Nobela grafikoa beltzetik zurirako bidaia bat da; zuri-zurirakoa ere ez, baina argi printzak ikusterainoko gris baterakoa bai behintzat», idazlearentzat.

Bi egileek Biko-Tekan ezagutu zuten elkar, Galtzagorri elkarteak liburu grafikoak sortzeko antolatzen duen narrazio eta ilustrazio tailerrean, eta, Arrietari Garaioaren marrazkiak gustatu zitzaizkionez, elkarrekin komiki bat egitea proposatu zion handik denbora batera. Testuak «hunkitu» egin zuen Garaioa, eta soinez soin aritu dira lanean azken bi urteetan; pozik dira prozesuarekin berarekin.

Hizkuntzara egokitzea

Garaioaren marrazkien estiloa deigarria da: trazuek eta koloreek ezohiko bihurtzen dituzte irudiak. «Badu ahots propio bat, estilo bat, oso originala: gauza gutxirekin asko adierazteko gai da», Arrietaren ustez. Garaioa saiatu da komiki batzuen «hiperrealismotik» urruntzen, bere buruari jarritako mugetatik aparte ibiltzen.

Pastelak, arkatzak eta olio teknikak erabili ditu, proba asko egin eta gero. «Istorioan murgildu ahala, banekien teknikak atmosfera hori behar zuela: pixka bat lausotua, onirikoa ere bai moduren batean, zehaztasunik gabea, eta goibel puntu bat duena. Pastelak iruditu zitzaizkidan egokienak hori adierazteko», esplikatu du irudigileak.

Beltzaz eta grisez gain, bi kolore dira nagusi: berdea eta arrosa. «Hasieran pila bat ziren, eta kendu egin nituen, istorio osoan koherentzia bat izateko; beste baliabide bat da».

Arrietak eta Garaioak lehenengo aldiz egin dute komiki bat, eta, lehen aldi konpartitu horretan, biek izan dituzte lanak adierazpide horren hizkuntzara egokitzen. «Ni oso elipsizalea naiz; literaturan asko erabiltzen dut, baina komikia elipsiaren artea da. Bineta batetik bestera elipsia dago, denbora guztian», kontatu du Arrietak. Garaioak «erreferentzia asko» behar izan ditu eskura: «Irudiak, nire gorputzari begiratzea ispiluaren aurrean, argazkiak ateratzea...».

Arrieta batez ere narraziogintzan aritu izan da (Txikira beti hordago!, 2004; Alter ero, 2012), eta 2021ean argitaratu zuen lehen nobela, Gezurra berdaderoa. Garaioa haur eta gazte literaturan murgilduta dago. Hanka, moko eta buztan (2021) eta Lorerik gorriena (2020) liburuak ditu argitaratuak.

Hodeien gaineko aldean komikiaren gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenak prest dituzte dagoeneko, eta gaur bertan aurkeztuko dituzte Angulemako komiki azokan (Frantzia), komikiaren Europako topaketa nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.