Zea Maysen kemena, aitortua

Bilboko musika taldeak jasoko du aurten Adarra saria. 26 urteko ibilbidean erakutsitako «kalitatea» azpimarratu du epaimahaiak. Ekainaren 21ean jasoko du saria, Donostian

Zea Mays taldeko lau kideak, joan den urteko argazki batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Lau ertzeko ezkontza moduko bat da hau, familia bat, familia arraro bat. Nik ez dut ikusten neure burua beste era batean. Musika egiten bai, eta musika egiten, ba, hemengo hauekin, eta gustura», zioen Aiora Renteriak, Zea Mays taldean kide dituen hiru lagunei begira —Asier Basabe, Ruben Gonzalez eta Iñaki Imaz Piti—, orain dela hamalau hilabete BERRIAri emandako elkarrizketan. 26 urte daramatza Bilboko taldeak oholtza gainean, eta denbora horretan kaleratu dituen diskoek eta emandako ehunka kontzertuek talde ezagun eta maitatua bilakatu dute Euskal Herri osoan. Publikoaren aitortzari bestelako bat gehituko zaio oraingoan, baina. Mende laurden pasako ibilbidean egindako lanagatik, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak ematen duten Adarra saria jasoko du Zea Maysek heldu den ekainaren 21ean, Musikaren Egunean. Egun horretan, Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra jasoko dute Viktoria Eugenia antzokian, eta, segidan, kontzertua eman.

«Poztasun handiarekin eta harrituta». Horrela jaso dute taldekideek sariaren berri, Renteriak atzo Donostian egindako agerraldian azaldu zuenez. «Guretzat, musika beti izan da beharrizan bat, eta, gure ibilbidean zehar, barrutik eta bihotzez sortzen saiatu gara». Taldean lau kide izan arren —aldaketarik ez da izan urte hauetan guztietan—, Renteriak gogoan ditu bandaren inguruan izan diren gainerako lagunak ere. «Harro gaude ekipoaz eta taldeko jende guztiaz. Ez dago 26 urtetan aurrera egiterik haiek gabe».

Zea Maysek joan den udazkenean argitaratu zuen bere azkeneko diskoa, Adore, Kemena, Kuraia, eta lan hori aurkezten aritu dira azken hilabeteotan. Ekainaren 21eko kontzertua nolakoa izango den orain hasiko dira pentsatzen. Badakite berezia izango dela, eta nahiko lukete taldeaz kanpoko musikariek ere parte hartzea bertan, baina jakin badakite ez dela erraza izango: «Adibidez, gure azken diskoan Rozalenek hartu du parte, baina agenda oso itxita dauka, eta ez dut uste posible izango denik». Hala ere, «hurbil» dituzten pertsonak nahiko lituzkete oholtza gainean beraiekin.

Juan Gonzalez Andres kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako taldeak erabaki du Adarra saria Zea Maysi ematea, eta, horren berri emateko orduan, taldeak 26 urteko musika ibilbidean kalitateari eta arrakastari dagokionez «oso maila altuari» eutsi diola adierazi dute: «Ikus-entzuleek eta musika munduko kideek aitortu egin diote eman duten guztia eta jarri duten bihotza». Epaimahaiaren arabera, «euskal rockean eragin handienetakoa» izan duen taldea da, «eta Euskal Herritik kanpo gehien estimatutako euskal banden artean kokatzen da; eurek plazaratutako 11 diskoak dira horren erakusgarri».

Mende laurdeneko bidea

Zea Mays 1997an sortu zuten, Bilbon, Renteriak (ahotsa), Gonzalezek (baxua), Pitik (gitarra) eta Basabek (bateria), eta urte hartan bertan kaleratutako maketa Euskadi Gazteak antolatutako lehiaketako garailea izan zen. Ez zen estreinako maketa harekin irabazitako sari bakarra izan, Bilbo Hiria pop-rock lehiaketan euskal talderik onenari zegokiona jaso baitzuen taldeak.

1998an publikatu zuen taldeak lehenengo diskoa, Zea Mays (Gor), eta segidan etorri dira Elektrizitatea (Gor, 2000), Harrobian (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Sortuz, grabitatearen aurka (Oihuka, 2005), Morphina (Bonberenea Ekintzak, 2007), Era (Bonberenea Ekintzak, 2010), Da (Egilea editore, 2013), Harro (Garden Records, 2016), Zea Mays 20 urte remixen bilduma (Garden Records, 2017), Zea Mays eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (Garden Records, 2017), Atera (Garden Records, 2019) eta Adore, Kemena, Kuraia (Garden Records, 2022).

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko urtero, eta lehenengo saritua Mikel Laboa izan zen. Gerora, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak-ek, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.