Zea Mays taldeak 2000. urtean plazaratu zuen bere bigarren diskoa, Elektrizitatea (Gor), eta izen bereko kantua bildu zuen lan hartan. Bai albuma eta bai abestia mende laurden betetzear diren honetan, Elektrizitatea 25 izeneko bertsio berria plazaratu du taldeak. Urteurrena modu berezian ospatu nahi izan dute, eta 33 emakumezko abeslarirekin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu dute kantua, baita bideoan zabaldu ere.
Aiora Renteriak, beste askoren artean, Libe Garcia de Kortazar, Olatz Salvador, Itziar Ituño, Izaro Andres, Olaia Inziarte, Josune Arakistain, Sara Zozaia, Zaloa Urain, Lide Hernando, Jone Laspiur, Kattalin Barcena, Esti Markez eta La Basu izan ditu ondoan kantuan. Zea Mayseko musikariek, halaber, BOSekoak izan dituzte lagun, eta Fernando Velazquezek zuzendu ditu azken horiek. Urdulizko (Bizkaia) Tio Pete estudioan grabatu zuten abestia, irailean, Jose Lastra teknikariarekin.