Musika

Zea Mays taldeak jasoko du Adarra saria

Bilboko rock taldearen 26 urteko ibilbidea saritu du Donostia Kulturak. Ekainaren 21ean, saria jaso, eta kontzertu bat emango dute Viktoria Eugenia antzokian.

Asier Basabe, Iñaki Imaz 'Piti', Aiora Renteria eta Ruben Gonzalez Zea Mays taldeko kideak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Andoni Imaz
2023ko maiatzaren 12a
10:40
Entzun

Zea Mays taldeak jasoko du aurten Adarra saria, Donostiako Udalak Donostia Kultura elkartearen bidez euskal musikarien ibilbidea omentzeko urtero ematen duen saria. Ekainaren 21ean emango diete, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta kontzertu bat emango dute ondoren. Emanaldi horretarako sarrerak maiatzaren 15ean jarriko dituzte salgai.

Aiora Renteria abeslaria izan da gaur goizean sariaren berri emateko egin duten prentsaurrekoan, haren kideak lanean zirelako. «26 urteren ondoren, horrela gabiltza», esan du. «Musika beharrizan moduan egiten dugu, bihotzetik».

Lau musikarik sortu zuten Zea Mays, Bilboko Errekalde auzoan, 1997an, eta hasierako laukote horrek berak jarraitzen du gaur egun taldean: Aiora Renteria (ahotsa), Iñaki Imaz Piti (gitarra), Ruben Gonzalez (baxua) eta Asier Basabe (bateria) dira. 26 urteotan, 11 disko luze argitaratu dituzte; orain arteko azkena, iaz: aurreko bi urteetan binaka kaleratuz joandako abestiak bildu zituzten Adore, Kemena, Kuraia lanean.

Euskadi Gazteko maketa lehiaketa irabazi ondoren grabatu zuten lehenengo diskoa: Zea Mays (Gor, 1998), Berrizko Lorentzo Records estudioan (Bizkaia), Jose Alberto Batiz gitarrista eta ekoizlearekin. Elektrizitatea (Gor, 2000) diskoaren grabazioan, Jose Lastra soinu teknikariarekin hasi ziren lanean, eta urteetan izan da hura taldearen soinu arduraduna. Diskoari izena ematen dion abestia Zea Maysen ezagunenetako bat da: «Taldearen esentzia jasotzen duena: energia, intentsitatea, harmonia eta, guztiaren gainetik, Aiora Renteriaren ahotsa», idatzi zuen Xabier Doncel kazetariak Badok atarian.

Harrobian (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Sortuz, grabitatearen aurka (Oihuka, 2004) eta Morphina (Bonberenea Ekintzak, 2007) diskoen atzetik iritsi zen taldearen lanik arrakastatsuena: Era (Bonberenea Ekintzak, 2010). Izan ere, disko horretakoak dira Negua joan da ta eta Kukutza III kantu ezagunak, sekulako oihartzuna izan zutenak diskoa argitaratu berritan.

Taldeak berak ekoitzi ditu bere lanak ordutik. 2013an, Da diskoa grabatu zuten, Dave M. Allen ekoizlearekin (The Cure, Depeche Mode...), eta harengana jo zuten Harro diskoa sortzeko ere (2016). Hurrengo diskoa, Atera (2019), New Yorken nahastu zuten, Hector Castilloren estudioan.

2021eko irailean, Kemena bilduma laburra grabatzen ari zirenean, Aiora Renteria abeslariak umetokiko minbizia zuela jakin zuen, eta larrialdiko ebakuntza bat egin beharko ziotela. Dena gelditu zen kolpean. Operazioa ongi joan zen, ordea, eta hilabete gutxiren buruan berriz bueltan zen egunerokoan. «Zorte erraldoia izan dut», esan zuen orduan BERRIAn, taldearen 25. urteurrenean egindako elkarrizketan.

Aurtengoa da hamargarren Adarra saria: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari Alberdi, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria eta Joseba Tapia saritu dituzte aurretik. Marijose Rekalde artista nafarraren brontzezko eskultura bat jaso dute denek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.