Negua indarrak hartzen igaro ostean, udaberriarekin batera loratuko da berriro Zea Mays. Taldea agertokietatik kanpo egon da hilabete batzuez, Aiora Renteria abeslariak umetokiko minbizia izan duelako. «Oholtzan eusten didan gorputzak lehentasunez zaintzeko deia egin dit», esan zuen azaroaren 1ean albistea ematearekin batera. Urgentziazko ebakuntza bat egin behar izan zioten, baina, "atseden hartu ondoren eta zaintza pertsonalari denbora bat eskaini ostean", bueltan direla iragarri dute gaur arratsaldean. Taldeak 25 urte beteko ditu aurten, gainera, eta hori ospatzeko lehen kontzertua apirilaren 9an eskainiko dute, Bilboko Santana aretoan, 25 urte joan dira ta! izenpean.
Itzulera eta kontzertua soilik ez, single berria prest dutela ere aurreratu du taldeak, zeina martxoaren 3an argitaratuko duten. Kontzerturako sarrerak, berriz, etzi jarriko dituzte salgai, otsailaren 23an, 12:00etatik aurrera, zea-mays.com helbidean. Bidenabar, zaleei esker ona adierazteko ere baliatu nahi izan dute oharra taldekideek: "Oso eskertuta gaude orain arte jasotako babesagatik, eta denok batera abestiek duten indarra partekatzeko gogotsu gaude".
Renteriak (ahotsa), Iñaki Imaz Piti-k (gitarra), Ruben Gonzalezek (baxua) eta Asier Basabek (bateria) 1997ko ekainean sortu zuten taldea, Bilboko Errekalde auzoan. Orain bi urte argitaratu zuten bederatzigarren diskoa, orain arteko azken lan luzea: Atera. Laurek elkarrekin grabatu zituzten kantak estudioan, soinua zuzeneko emanaldi baten ahalik eta antzekoena izan zedin. Izan ere, urte hauetan guztietan, ehunka kontzertu eman dituzte, eta une horietako indarra bihurtu da taldearen ezaugarri nagusietako bat. Sendoa eta energia bizikoa da haien musika, eta askotariko bideak ibili ditu rockaren lurralde zabaletan.
Disko gogoangarri ugari egin dituzte. Elektrizitatea (Gor, 2000) lanarekin izan zuten lehen arrakasta handia. Xabier Doncelek honela azaldu zuen Badok atarian: «Diskoari izena ematen dion abestia da ziurrenik Bilboko laukotearen ezagunena eta taldearen esentzia jasotzen duena: energia, intentsitatea, harmonia eta, guztiaren gainetik, Aiora Renteriaren ahotsa».
Haren ondoren egin zituzten barnera begirako Harrobian (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Sortuz, grabitatearen aurka indartsua (Oihuka, 2004), soinu astuneko Morphina (Bonberenea Ekintzak, 2007) eta Era (Bonberenea Ekintzak, 2010). Aipatutako azkena bilakatu zen taldearen diskorik arrakastatsuena, Negua joan da ta eta Kukutza III kanten oihartzun handiari esker. Denbora luzean ibili ziren zuzenean aurkezten.
Izenburu laburreko lanak egin izan dituzte, oro har; musikaren moduan, kolpe bakarrean entzulearengana iristeko modukoak. Horrelakoa izan zen hurrengoa ere: Da (2013), taldeak berak editatutako lehenengoa, kantu zuzenez eta soinu berrituz osatua, betikoak eta berriak zirela iradokitzen zuena. Hurrengo lanean, Harro diskoan (Garden Records, 2016), sintetizadoreek beste leku bat hartu zuten: «Guk geuk sortutako programazio eta sintetizadore gainean jolastuz sortu ditugu diskoko kanta erdiak edo. Eta, horri esker, freskotasuna mantentzea lortu dugu», azaldu zuen Pitik. Soinu horien presentzia areagotu egin zuten Atera-n, gainera.