Jasmila Zbanic bosniarrak zuzendu duen For those who can't tell no tales filma benetako istorio batean oinarrituta dago. Kym Vercoe protagonistak berak Bosnia-Herzegovinara turismoa egitera joan zenean izan zituen bizipenak eraman ditu irudietara.
Balkanetako gerraren (1992-1995) testuinguruan, Visegrad Bosniako herrian gertatutako emakumeen bortxaketez eta hilketez hitz egiten du Zbanicek. «Nire herrialdean gertatutakoaz hitz egin nahi nuen, baina baita gizakien sentimenduez ere», dio zinemagileak.
Kym Vercoe turista australiarra Sydneytik abiatzen da, bakarrik eta motxila hartuta, Sarajevora. Eta handik Serbiarekin mugan dagoen Visegradera doa, hango paisaiaz, monumentuez eta kulturaz gozatzeko asmoz. Egonaldi horretarako, bidaia-gida batek gomendatzen duen Vilina Vlas «hotel erromantikoa» aukeratzen du.
Australiara itzultzen denean, gerran hotel horretan dozenaka emakume bortxatu, torturatu eta hil zituztela jakin, eta horrek ez dio bere bizimoduarekin jarraitzen uzten. Ezinegon horrek Visegradera bueltatzera bultzatzen du, bertako jendearekin hitz egiteko eta biktimei bere omenaldi pertsonala egiteko asmotan.
Hara itzultzen denean, Kym ohartzen da bertako herritarrek beren iragan mingarria lurperatu dutela; herri horretan gertatu diren krimenen oroigarririk ez dagoela; gerra tabua dela.
«Zailtasun handiak izan genituen pelikula filmatzeko. Bertako herritarrek eta agintariek isiltasunaren kode bat dute, inork ez du gerran gertatutakoaz hitz egin nahi. Ahaztu balute bezala jokatzen dute», azaldu zuen zuzendari bosniarrak atzo.
Filmazio osoan urduritasuna zen nagusi. Ez zuten beren benetako asmoen berri eman, ez zirelako «ongi etorriak», Zbanicen iritziz. «Nire izena, gainera, musulmana da, eta proiektua egiteko baimenak lortzeko gezurretako izena eman genuen».
Kym Vercoek bere burua interpretatzen du. Antzerkiko aktorea da bera, eta turista gisa Balkaneetan izandako esperientzia bortitz hori antzezlan bihurtu zuen. «Sarajevon bi aldiz taularatu genuen, eta Jasmilak nire lana ikusi zuenean pelikula egitea erabaki zuen», dio protagonistak.
Turista baten ikuspegia aukeratu izanari buruz galdetuta, horrela argudiatu zuen Zbanicek. «Galdetzen duzue zein autoritate duen turista batek bosniarren oroitzapen mingarriak astintzeko. Kymen antzezpena ikusi nuenean, ederra iruditu zitzaidan gure herriaren historiarekin loturarik ez duen pertsona batek min hori sentitzea. Visigradeko biktimen alde loreak eskaintzea ekintza xumea da, sinbolikoa, baina horrek, pertsonak besteen sufrimenduarekin identifika daitezkeela jakiteak, itxaropena sortzen dit», argitu zuen Zbanicek. Gainera, «historiaren ukapen hori ez da soilik bosniarren arazoa. Herrialde gehienetan gertatzen da hori modu batean edo bestean», gaineratu zuen Kym Vercoek.
Hau ez da Jasmila Zbanicek Balkanetako gerra zinemara eramaten duen lehen aldia. Grbavica (2006) filmean ere emakume musulmanek jasandako bortizkeria jorratu zuen.
Donostiako 61. Zinemaldia. SailOfiziala
Zbanic: «Isiltasun kodea dute bosniarrek gerran jazotakoaren inguruan»
'For those who can tell no tales' filmean Bosniako gerrako krimenak gogorarazi ditu Jasmila Zbanicek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu