Taldea bera da oraingoan garrantzitsuena, eta, horregatik, taldearen izen bereko diskoa kaleratu du Hesian-ek. Izan ere, dagoeneko hamar urte igaro dira 2006ko udan talde nafarra sortu zela. Hori ospatzeko kaleratu dute Hesian (Baga-biga) diskoa, eta, zazpi abesti berri biltzeaz gain, aspaldiko bi abesti ezagun berreskuratu dituzte. Horrez gainera, igandean kontzertu berezia emango dute Durangoko Plateruena antzokian (Bizkaia), eta hamaika lagun gonbidatu dituzte haiekin batera oholtzan aritzeko.
«Beti biluzten gara gure abestietan, eta lan honetan are gehiago», iragarri du taldeko abeslari Zuriñe Hidalgok. Kantu «sentimentalak eta pertsonalak» bildu dituzte oraingoan. Argitu du diskoa sortzeko orduan ez dutela lortu nahi estilo zehatzik. «Emaitza ikusitakoan konturatzen gara zein estilo mota landu dugun».
Fran Urias abeslari eta gitarra jotzaileak ere Hesian «barrutik ateratako» lana dela baieztatu du. «Taldeak ezaugarri hori du, eta lan honetan sakondu egin dugu alderdi horretan». Diskoa urrian grabatu eta nahastu dute, Paxkal Etxepare grabaketa teknikariak Bardozen (Lapurdi) duen estudioan, eta taldeak berak ekoitzi du.
Sorkun eta Petti
Diskoak dituen bederatzi abestien artean, taldearentzako «oso enblematikoak» diren bi berreskuratu dituzte. Haien hitzetan, Behar Zaitut kantak ate asko zabaldu zizkien duela hamar urte, eta Hesian-en abesti «bereizgarria» da. Kanta horixe sartu dute berriz diskoan, baina, oraingoan, Sorkun eta Pettik abestutako bertsioa izango da. «Bi artista horiek erabateko erreferenteak dira guretzat, eta ilusioa egiten zigun kolaborazio bat egiteak», zehaztu du Hidalgok.
Behar Zaitut kantaz gain, 2010ean argitaratu zuten Borrokatu eta irabazi diskoko Ezin Ahaztu ere berreskuratu dute. «Hori taldearen bigarren etapako kanta arrakastatsu bat izan zen», adierazi du Uriasek. Disko honetan ere haiek abestu dute kanta hori, baina abestiak jatorrizkoaren batere antzik ez duela azaldu dute, instrumentalki desberdina baita.
Oraingo diskoak aurreko lanek baino pop ukitu handiagoa duela onartu dute taldekideek, baina ez dute haien «esentzia» galdu. «Zahartzen ari gara, zorionez edo zoritxarrez», esan du txantxetan Uriasek. Zenbait kritika ere jaso dituztela onartu dute, musika «komertziala» egiten dutela leporatzen dietelako batzuek. Urias: «Ba, oso ondo».
Kontzertu berezia
Kritikak gorabehera, hamar urte bete ditu uda honetan taldeak. Hori lortzeko lokalean ordu mordoa sartu eta ahalegin ekonomiko «handiak» egin behar izan dituztela azaldu du Uriasek, eta asko arriskatu dutela. Hidalgoren hitzetan, orain dela gutxira arte, irabazten zutena taldean inbertitzeko gordetzen zuten. «Hala, askatasuna genuen nahi genuenean disko berri bat ateratzeko», arrazoitu du.
Aldaketa garrantzitsu bat ere iragarri du taldeak. Baxu jotzaile berria dute: Ane Bastida. Orain arte Bruno Zubizarreta ibili da lan horretan, eta teknikari lanetan arituko da aurrerantzean. Taldekideak oso pozik azaldu dira Bastidaren etorrerarekin; dagoeneko aritu dira berarekin entseatzen, eta oso pertsona «langilea» dela diote. Bestalde, taldean bigarren emakume bat sartzearen garrantzia ere nabarmendu dute.
Hamar urte horiek ospatzeko, igandean kontzertu berezia eskainiko dute Durangoko Plateruena antzokian. Disko berria aurkeztuko dute, eta hainbat artista gonbidatu dituzte, besteak beste, Aitor Gorosabel, Ines Osinaga, Naroa Gaintza eta Xabi Solano. «Kartel ederra prestatu dugu, eta oso harro gaude», esan du Hidalgok. Harago joan da Urias: «Duela hamar urte esan izan baligute haiekin abestuko genuela, ez genukeen sinetsiko».
Zazpigarrena, «intimoena»
Hesian taldeak izen bereko diskoa kaleratu du; baxu jotzaile berriarekin hasiak dira lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu