Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak erakusketa kolektibo bat aurkeztu du, 2019an zentroak Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol Departamentuarekin batera sustatzen dituen arte plastiko eta ikusizkoetarako laguntza programarako hautatu zituzten proiektuekin. Sei artistak bakarka eta lau kideko kolektibo batek aurkeztu dituzte lanak, Habitación: 6+4 izenburupean. Sortzaile bakoitzak erabaki du nola aurkeztu bere proiektua, eta apirilera arte egongo dira ikusgai.
'BESTE ARTXIBO BAT'
Irene Holguinek (Iruñea, 1996) 1940ko hamarkadatik gaur arte «femeninotzat» hartu diren kultur produktuekin lotutako dokumentuak bildu ditu: telenobelak, aldizkariak... Proiektua Espainian frankismo amaieran argitaratutako fotonobelen ikerketa baten hasiera da. «Bizirik» dago, eta, hortaz, Holguinek materiala biltzen jarraituko du.
'KOLAPSOAREN OSTERAKO APUNTEAK'
Jose Castiellak (Iruñea, 1987), «kolapsoaren ostean bizimodu berriak izateko aukera» aztertu du, materiarekiko «espekulazioaren» bidez, ezezagunarekiko haren kezka etegabea islatzeko. Mundu berri bat sortuta, egungo munduaz hitz egin du. «Urteak daramatzat pintura espekulaziorako tresna gisa erabiltzen, idazleek zientzia fikzioarekin egiten duten bezala, mundu berri bat sortzeko», adierazi du egileak. Bere tailerreko zoruan sortzen dituen orbanetatik abiatzen ditu artelanak Castiellak; prozesu «entropikoen» bitartez, narrazioak eratzen ditu irudietatik.
'SOLIDO PLATONIKOETATIK SLIME-AREN FABRIKAZIORA'
«Uste dut espazioan dauden hutsak betetzeak nolabait lasaitzen gaituela», adierazi du Alvaro Gil Soldevillak (Corella, Nafarroa, 1986). Haren proiektua, espazioak eta objektuak kontrolatzetik, «bilatutako kontrolik ezera» igaro da. Material solidoarekin hasi du prozesua, eta material «likatsu eta mugikor» batekin, «aldi berean, gogorra eta geldoa ere baden» slime-arekin, bukatu.
'HE, 2'
Xabier Barrio (Iruñea, 1984) Ma kontzeptu japoniarrean oinarritu da hainbat ekintza edo «joko» erregistratzeko. Ma espazio «kontziente» gisa ulertzen da, eta testuinguruarekin batera soilik konpreni daiteke. Eszenak sortzeko, Barriok heliozko puxikak, airea, denbora eta espazioa erabili ditu, eta gailu teknologikoen bitartez «harrapatu». Proiektuak He, 2 izena du, helioaren ikurrari eta zenbakiari erreferentzia eginez.
'MENDIAK MUGITZEKO BOLUNTARIO BILA'
Alberto Oderizek (Iruñea, 1983) Erreniega Salba Dezagun plataformarekin lankidetzan sortu du haren obra. Erreniega irudikatzen duten 49 moduluk osatzen dute, mendian parke fotovoltaiko handiak egin nahi dituztelako. «Mendia eramango dugu; agian horrela, ez dagoenean, konturatuko gara zer genuen; zer gal dezakegun», esan du. Lanarekin, natur eta gizarte baliabideen zentzuzko erabilera eskatu nahi du; Erreniega eta bere inguruko herrien natur eta kultur ondarearen balioa aitortu dezatela.
'METANOIA'
Metanoia hitzak «aldatzeko, mutatzeko gaitasunaren gaineko prozesuari» egiten dio erreferentzia. Horri jarraituz, Irati Urrestarazuk (Altsasu, Nafarroa, 1989) aztergai izan du egunerokoan aurkitzen dituen material eta elementuek «performatibitaterako» eskaintzen duten gaitasuna. Egileak materialen naturaltasunari eusten dio, eta erabiltzen dituen objektuek beren artean sortzen dituzten tentsioak aztertzen ditu. Halaber, interesatzen zaizkio tentsio horretan berak esku hartzean sor daitezkeen egoerak.
'ERLATOBISMO'
Protokolektiboa izeneko taldearen lanak «informazioaren eta kontakizunaren kapitalismoa» aztertu du, bere existentzia «aktibatu, marraztu eta kamuflatzen» duen tramankulu gisa. Proiekturako hainbat pieza sortu dituzte, eta landu dituzten kontzeptuen artean daude «itxuraz kalterik egiten ez duen kontakizuna, arrakasta, gardentasuna eta bere forma konplexua».
Zazpi proiektu ikusgai Uharte zentroan
Erakusketa bat osatu dute 2019an Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzak jasotako proiektuekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu