Marina Abramovitxek lore usaina du. Baina gero jakingo dut hori. Orain Serpentine galeriara iritsi berria naiz, antzarek hartutako Hyde Park gurutzatu eta bost milioi biztanleko hirian bakar-bakarrik nagoela sentitu ondoren. Goizeko bostetan baino ezin da halakorik sentitu Londresen.
Egunak argitu baino ez du egin, eta ez naiz ni artista serbiarraren azken proiektuagatik bost orduko ilara egiteko prest dagoen bakarra. 512 Hours performancean (512 ordu) parte hartzeko irrikan, lurrean eserita daude Iveta eta Jin-hun, mantaz estalita eta atearen kontra jesarrita bigarrena. Korearra da, eta medikuntza molekularrean doktoretza egiten ari da. Iveta, berriz, artearen historia ari da ikasten Goldsmith unibertsitatean, Londresen. Komisarioa izan nahi du. Letonian, bere herrialdean, antolatu omen ditu hiru bat erakusketa, baina Erresuma Batuan zaila dela dio, «denagatik ordaindu» behar delako. Oraingoz, arte galeria «oso komertzial» batean ari da praktikak egiten; «errusiar aberatsentzako» arte objektuala saltzen dute han; «dekoraziorako elementuak, hobe esanda». Laurak eta hamarrerako ilaran zen.
«Jaiki berritan udare bat jatekotan nintzen, baina kafea ere ez hartzea erabaki dut. Garbi-garbi egon nahi dut Marinarentzat». Fedea dio latviarrak. «Begiratzen badit, hil egingo naiz».
«Ni haren ilea ukitzearekin konformatzen naiz», esan du medikuak. New Yorken ezinezkoa izan zen, baina hemen ez omen da mahairik egongo.
New Yorkeko MOMAn egin zuen Abramovitxek azken performancea, 2010ean. Arte modernoaren museoak hari eskainitako atzera begirakoa osatu zuen, eta The Artist is Present jarri zion izenburua. Martxoaren 14tik maiatzaren 31ra, egunero izan zen han. 736 ordu eta 30 minutuz, guztira. Eseri, eta mahaiaren beste aldean jesarritako ikusleari begiratzen zion begietara, isilik, geldirik, inolako keinurik egin gabe, zehaztu gabeko denbora tarte batez. Banaka-banaka, artistaren aurretik igaro ziren ehunka lagun. Barre egin zuten gutxi batzuek, negar gehienek, eta begiradari eutsi ezin izan ziotenak ere izan ziren. «Inoiz ez dut hainbeste samin ikusi», esan izan du Abramovitxek ekintza hartaz. «Negar egiten zuen jendeak, nora joan ez dagoela konturatu zelako, beren burua baino ez duela jabetu zelako».
Proiektu haren dokumentala egin zuten gero, 2012an, eta pop izar bilakatu zen Abramovitx. Aldizkarien azaletarako deitu zioten. Bere bizitzari eta heriotzari buruzko opera bat ere egin zuen, The Life and Death of Marina Abramovic. Eta gero etorri ziren Lady Gaga eta Jay-Z musikariekin egindako elkarlanak.
«Askok kritika egin diote Lady Gagarekin duen harremanagatik», dio Letoniako arte ikasleak, «baina, horri esker, bestela ezagutuko ez lukeen jendeak du Abramovitxen berri». Mediku korearra ados dago: «Baita Jamen Francori esker ere. Horrelako jendeak arte garaikidea zabaltzen laguntzen du. Begira Tilda Swintoni». The Maybe performancea egin zuen aktore eskoziarrak MOMAn 2013ko martxoan: beirazko kutxa baten barruan lo. «Tilda cool-a da», gehitu du Ridaak, pakistandar jatorriko estatubatuarrak.
Abramovitx ere cool-a da, noski. Baina, cool-a eta mainstream bihurtzerako, berrogei urte zeraman artistaren eta publikoaren arteko harremanaz gogoetatzen. Orduko Jugoslavian lehenbizi, Europa ekialdean ondoren, eta mendebaldean, Amerikako Estatu Batuetan, Asian eta Australian gero, 1976tik aurrera, Uwe Laysiepen Ulay artista alemaniarra ezagutu eta elkarlanean hasi zirenean.
Hamar urtean furgoneta batean elkarrekin bizi ostean, harremana uztea erabaki zuen artista bikoteak 1988an, performance batekin. Nola bestela. Bakoitza mutur batetik hasita, Txinako Harresi Handiaren ibilbidea egin zuten, eta, bide erdian topo egin zutenean, betiko agur esan zioten elkarri.
Gorputza, tresna
Lehen proiektuetatik hasita, gorputza baliatu izan du beti Abramovitxek publikoarengan ohiko moldeetatik haragoko erreakzioak lortzeko. Gorputza da bitartekaria du goiburu. 1974an egin zuen esperimentu beldurgarrienetako bat, Belgradeko galeria batean. 72 tresna jarri zituen mahai gainean, publikoak nahieran erabil zitzan; nahi bezala, baina Abramovitxen gorputzaren gainean. Lumazko lepoko bat, olioa, arrosak zeuden tartean, baina baita labanak ere. «Pistola bat ere jarri nuen, balaz betea. Hiltzeko prest nengoen», esan izan du artistak. Sei orduren ostean, odolduta eta negarrez amaitu zuen saioa.
Eta 512 Hours erradikalagoa izango dela agindu du. «Publikoa eta ni, eta besterik ez». Jakinaren gainean gaude, beraz. Poltsak, berokiak, kamerak, telefonoak, erlojuak... Objektu guztiak giltzapean utzi beharko ditugu aretora sartu aurretik. «Inoiz ez dut hain muturreko ezer egin», abisatu du ikusleek behin labanaz moztu zuten artistak. «Ezin da ezer immaterialagoa egin».
Modernoa izatekotan jakin beharreko guztiaz hitz egin —Sofia Coppola zinemagileaz, Springbreakers filmaz, zukuetan eta koko uran oinarritutako elikaduraz— eta artistari buruzko master class-a jaso ostean, barrura goaz.
«[Good] Morning!». Egun ona opatuz, Abramovitxek berak zabaldu du Serpentineko atea, 10:00 puntuan. Ehunka lagun ditugu ilaran atzetik.
Galeria ia hutsik dago. Egurrezko plataforma soil bat da elementu bakarra areto nagusian. Bost pertsona, Abramovitxen taldekoak, beltzez eta paretari begira daude, zurrun. Artista sartu da gelara, eta lau lagun jarrarazi ditu plataformaren gainean, isilik, geldirik, zonbiak balira bezala.
Beltzezkoek eskutik heldu eta beste bi aretoetara eraman dituzte parte hartzaile batzuk, banaka-banaka. Batzuk, esaneko, paretari begira geratu dira. Besteek azkar eman dute buelta, guzti-guztia ikusteko, izarra bistatik ez galtzeko. Eta ni nire pentsamenduetan murgildu naiz. Goizegi jaikitzearena da errua.
Aire girotua hotzegi dago. Zer ordu izango ote da? Nekatuta nago zutik egoteaz. Makurtzera noa, baina norbaitek eragotzi egin dit. Eskutik heldu, eta paseatzera gonbidatu nau, keinu soil batekin. Marina Abramovitx da, eta lore usaina du. Estu heldu diot eskutik, hatzak korapilatuz, eta nire sorbalda bere sorbaldari itsatsi. Metro batzuk egin ditugu oinez, geldo. Eta horma zuriaren aurrean gerarazi nau. «Itxi begiak, eta erlaxatu. Senti ezazu hutsunea. Ez dago iraganik, ez etorkizunik; oraina da dena».
«Performancearen amona» esaten dio bere buruari. XX. mendeko bigarren zatiko artista esanguratsuenetako bat dela uste du Serpentine galeriako zuzendariorde Hans Ulrich Obristek. Eta pertsonaia bizi duela eta bere burua serioegi hartzen duela diote gustuko ez dutenek. Baina niri belarrira xuxurlatu dit. Eta hor amaitu da nire saioa. Atera naiz kalera; 12:05 dira. Zazpi ordu eta bost minutu iraun du nire performanceak. Besteak barruan daude oraindik, batek daki noiz arte.
Zazpi ordu eta bost minutu
Marina Abramovitx bere azken lana, '512 Hours' performancea, ari da aurkezten Serpentine galerian, Londresen. Artistaren eta publikoaren arteko harremanaren gaineko hausnarketa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu