Zazpi kantu saltsa beltzean

Mikel Makalak eta Jimmy Bidaurretak 'Descarga Libre' diskoa plazaratu dute, latin jazz, saltsa, funk eta soul doinuak bilduta. Bihar hasiko dute lana aurkezteko bira, Donostian

Jimmy Bidaurreta eta Makala musikariak, lan berria eskuetan, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Lehendik ere elkarlanean aritutakoak dira Mikel Unzurrunzaga Makala eta Jimmy Bidaurreta. Bi musikariek Vamos a comer EPa eta Unexpected Tapas LPa argitaratu zituzten 2011. urtean, Lovemonk zigiluarekin. Besteak beste, Bacalao Al Pil-Pil kantua sartu zuten lapiko hartan. Saltsaz aldatu dute oraingoan, Tinta Negra izeneko abestia jaso baitute, besteak beste, Descarga Libre (Orrua Diskak) lan berrian. Edonola ere, ordukoa bezala, erritmo dantzagarriz busti dute disko berria ere. Elektronika, latin jazz, saltsa, soul, funk eta descarga doinuak sartu dituzte oraingoan eltzean. Kantu berriak aurkezteko, bihar hasiko dute kontzertu bira, Donostian, eta Euskal Herrian ez ezik nazioartean ere ariko dira datozen hilabeteotan.

Estudioko laugarren diskoa du Makala musikari eta disko jartzaileak, eta beste hainbat lan ditu kalean Bidaurreta teklista eta ekoizleak, bai bakarka, bai Gasteiz Big Bandeko zuzendari gisa. «Hamarkadaren hasieran elkarrekin hasitako zikloa itxiko du disko berri honek. Eta egokia iruditu zaigu bertan zeuden hainbat soinu berreskuratzea, batez ere jazz latino moderno horiek», Makalak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez. Lan hark izan zuen harrera onak animatu ditu berria grabatzera. Halaber, duela bi urte hasi ziren proiektuari forma ematen, musikariak kontatu zuenez. Izan ere, 2017an, laukotea osatuta, hainbat jaialditan aritu ziren zuzenean, tartean Gernika-Lumoko (Bizkaia) Lekuek festibala, Leioako (Bizkaia) Umore Azoka, Iruñeko Jazz Fermin, Gasteizko Mini-Jazz, Donostiako Jazzaldia eta Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoaren Gau Irekia. Orduan piztu zitzaien grabatzeko gogoa, bi musikarien arteko «kimika» ona lagun.

Disko berriaren izenburuaren nondik norakoak ere azaldu zituen Makalak: «Latin jazz munduan, Kuban, Puerto Ricon, New Yorken... descarga terminoa erabili izan da adierazteko jam session bat; latinoek jam session bat egiten dutenean, 'egin dezagun descarga bat' esaten dute». Libre hitza gehitu diote beraiek, beren erara egin dutelako hori.

Hainbat musikariren laguntza izan dute diskoa osatzeko; horien artean, hiru musikari kubatarrena. Batetik, Omar Gonzalez Mesak, Donostian bizi den abeslari, baxu jotzaile eta gitarristak, baxua eta ahotsa jarri ditu bi kantutan. «Kalitate izugarria duen musikari bat da, eta haren parte hartzea izateko zortea izan dugu», adierazi zuen Bidaurretak. Bestetik, Denis Barzagak ere parte hartu du, beren «halako abenturetan ohikoa» den perkusionistak. Eta Yarian Yaque Gutierrez tronboi jotzailea ere lagun izan dute diskoan. Azken bi horiek zuzenekoetan ere ariko dira normalean. Horiekin batera, beste bi musikarik ere parte hartu dute grabazioan: The Allnighters taldeko Iñigo Ortiz de Zarate gitarrista eta teklistak, eta Fedzillak, Londresko WARA taldeko abeslari txiletar-alemaniarrak.

CD nahiz binilo formatuan plazaratu dute diskoa —sarean ere entzungai jarri dute—, eta zazpi kantu bildu dituzte bertan. Lehen kantuak ematen dio izenburua lanari, zeinetan Gonzalez Mesak parte hartu duen. Baches y Deseos kantuan, berriz, Fedzillaren kolaborazioak latin urbanoari reggae ukitu bat gehitzen diola azaldu zuen Makalak. Ganga kantuan, berriz, boogaloo edo latin soul doinuak landu dituzte. Tinta Negra litzateke «kanturik saltseroena», berriro ere Gonzalez Mesaren ekarpena duena. Bosgarren kantua, Irratian izenekoa, irratiarekiko maitasun kantu gisa definitu zuten. Ancestros-ek, berriz, hildakoei eta Kubako santeriari egiten die erreferentzia, eta «soinu anbientalagoa eta pixka bat esoterikoagoa» du, Bidaurretaren ustez; kantuan Barzagak duen protagonismoa ere nabarmendu zuen. Eta diskoa bukatzeko, Leku Ona piezarekin, Ernesto Lecuona pianista kubatarrari eta bere Danza de los Ñañigos obrari omenaldia egin diete. Lan berria zuzenean aurkezten hasteko prest dira orain.

Zuzenean, bi formatutan

Bihar hasiko dute lana aurkezteko bira, Donostiako Be Club aretoan, 23:00etan hasita. Ondoren, Euskal Herrian barrena ez ezik, Bruselan, Parisen, Londresen eta Madrilen ere egingo dituzte emanaldiak, besteak beste. Maiatzera bitarte hainbat data lotuta dituzte, baina gehiago ere izango dira.

Bi formatutan ariko dira zuzenean: bi musikariak eskuz esku izango dira oholtzan kontzertu batzuetan, eta sei laguneko taldea osatuta beste zenbaitetan. Hiru euskal herritar —Makala, Bidaurreta eta Jon Oiartzun Jomes— eta hiru kubatar —Barzaga, Yaque eta Eduardo Lazaga perkusionista— bilduko dira bandan. Lehen kontzertuetan, baina, Leonel Oliva tronpeta jotzaile kubatarrak ordezkatuko du Yaque.

Makalak gehitu zuenez, diskoan musika elektronikoa eta organikoa uztartuta nabari badira ere, zuzenekoan elektronikarik ez da izango, eta zaila izango da diskoarekin parekotasunak topatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.