Zazpi bizi baino gehiago

Gaur hasiko da Kutxa Kultur musika jaialdia, Igeldon, eta Cat Power izango da izar nagusietako bat. Nabaria izango da euskal taldeen presentzia

Borrokan taldeak Antzoki Abandonatua esaten dioten agertoki berezian joko du, bihar. ASIER GOGORTZA.
Ander Perez Argote
2016ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Tentagarria izan liteke esperimentazioa edozein musikarirentzat. Ordura arte egindakoa eraldatu eta estilo berrietan murgiltzea aberasgarri suerta liteke, eta, ongi ateratzekotan, baditu miretsia izateko aukerak. Baina gaizki egindakoak porrot bikoitza ekar lezake, erregistro berrietan hondoratzeaz gain, atzean uzteagatik behinola ongi egindako hura. Arrisku horietatik guztietatik onik atera ohi da Cat Power, eta,hain justu, estilo berrietara egokitu eta diskotik diskora berritzeko gaitasuna bihurtu du bere bereizgarri. Horregatik da askorentzat AEBetako indie bakarlari originalenetakoa, beti ezustekoak emateko prest, eta beti liluratzeko prest. Gaur abiatuko da Igeldoko Jolas Parkean (Gipuzkoa) Kutxa Kultur musika jaialdia, eta bihar ariko da bertan Cat Power.

Charlyn Marshall izenez jaioa, Cat Power izena bereganatu zuen nerabe zelarik AEBetako Georgia estatuko klubetan kontzertuak ematen hasi zenean. Amak betidanik esaten zion katuaren urtean jaioa zela, 1972an, jaiotzerakoan, Al Stewarten The Year of The Cat kanta modan zegoelako. Ordutik, izenak izana menperatu izan balu bezala, praktikara eraman du katuen zazpi bizien leloa: bizitzan gorabeheratsu, antsietate krisiak, depresioak, alkoholismoa eta ospitale psikiatrikoetako egonaldiak jasan ditu, baina erabat amildu beharrean, berriro agertu izan da lurpetik bere ahots intimo eta zirraragarria, minak kanpora uxatuz, eta entzuleak liluratuz.

Institutuko ikasketak bukatu berritan jaioterria utzi, eta New Yorken jarri zen bizitzen. Fotokopia denda batean lanean zebilela ezagutu zituen Steve Shelley eta Tim Foljahn, Sonic Youth eta Two Dollar Guitar taldeetako bateria-jotzailea eta gitarrista, hurrenez hurren. Haiek konbentzitu zuten grabazio estudio batera joateko, eta, hala, 1994ko abenduko egun bakar batean, hogei kanta grabatu zituen, bere lehen bi diskoak —Dear Sir (1995) eta Myra Lee (1996)— osatuko zutenak.

1998ko Moon Pix lanak egin zuen batez ere ezagun, indie eszenako gailurra zapalduz, pieza soil eta melankoniatsuekin. Gero etorri ziren Bob Dylan eta The Rolling Stonesen gisako taldeen bertsioez osatutako The Covers Record, eta, hurrengo, 2003an, You Are Free, joera instrumentaleko diskoa, baina Cat Powerren ahotsaren boterea galdu gabe.

Otis Reddingekin ibilitako musikariak izan zituen lagun 2006an Menphisen grabatutako The Greatest diskoan. Soul eta blues estiloei heldu zien lan horrekin; gaur egun ere, 2000ko hamarkadako disko onenen artean sailkatu izan dute hainbat zerrendak. Berriro ere bertsioekin ondutako Jukebox (2008) diskoaren ondotik, 2012an kaleratu zuen orain arteko azken lana, Sun, doinu intimoetan sakonduz, baina soinu sintetikoak erantsiz.

Zuzenekoetan erakutsi ohi du bere izaera sentibera, eta entzutetsuak izan dira haren kontzertu asko. Denetarik izan da: negarrari ezin eutsita hondoratu da behin baino gehiagotan, eta, alkoholaren eraginez, kontzertuak eten behar izan ditu beste hainbestetan. Beste batzuetan, ordea, pozez gainezka, entzuleen artean arrosak banatzen jardun du. Ez dago esaterik bihar zer gertatuko den 21:00etan agertoki nagusian, baina ez da oharkabean pasatuko.

Euskal Herriko talde ugari

Donostia Kutxa Kultur jaialdia, edonola, gaur hasiko da. 17:15etik aurrera, eta Igeldoko jolas parkeko lau agertokitan barreiatuta, hamalau talde ariko dira gaur. Agertoki nagusian Mallorcako (Herrialde Katalanak) L.A. indie bandak irekiko du egitaraua, 19:15ean, eta Local Natives AEBetako taldeak jarraituko die. Disko berria (Sunlit Youth) kaleratuko du datorren astean taldeak, eta horren atarian egingo du geldialdia Donostian. Berri Txarrak ere jaialdiko oholtza nagusian ariko da (22:45), Denbora da poligrafo bakarra azken diskoko kantuak eta pieza zaharragoak uztartuz, eta horren ostean iritsiko da Bloc Party taldearen emanaldia, eguna ixteko (00:40). Ingalaterrako pop indie taldea, Kele Okerekek gidatua, Donostian izango da lehen aldiz, eta Hyms azkeneko lana aurkeztuko dute jendaurrean. 2005ean agertu ziren Bloc Partyko gazteak Londresko musika eszenan, eta indie panoramaren etorkizuneko harribitxitzat jo zuten askok orduan.

Agertoki nagusiaz aparte, gaurko arratsalde eta gauean zehar, Corizonas, Dan Wilson, Luma Donostiako garage rock taldea, Amor de Tokyo Roberto Urzaiz nafarrak bultzatutako proiektua eta Ana Leux bakarlari donostiarra entzun ahal izango dira. Gainera, aurten Igeldoko jolas parkeko aintziran lehen aldiz jarriko den agertokian , Young Fathers eskoziarrak, Olde Gods, Juventud Juche eta Señores bilbotarrak ariko dira. Verbena en la plaza del pueblo azken diskoa aurkeztuko dute Señores taldekoek Donostian. Antzoki Abandonatua izeneko espazio berezian, azkenik, Aries taldea ariko da, 20:15ean eta 22:00etan.

Oholtza horretan bertan ariko dira bihar Borrokan taldekoak. Berezia da lekua: espazio mugatua da, entzule gutxi batzuentzat prestatua, eta talde bakarrak ematen du kontzertua han, bi saiotan. Berako (Nafarroa) taldekoek ez zekiten hor jo behar zutenik jaialdian jotzeko deitu zietenean. «Gero etorri zen proposamen zehatza», Iñaki Iratzoki taldeko gitarristak dioenez, eta begi onez ikusi zuten proposamena. Edonola, entzun izan dute ez dela jotzeko toki erraza: «Belakok hor jo zuen, eta Belakorekin ibiltzen den teknikaria gurekin ere ibili izan da, eta aipatu zigun leku zaila zela soinua ateratzeko».

Hortik aurrera, gehiegi ez dakite Borrokan-ekoek zain duten aretoaz. Bi kontzertu ezberdin prestatu dituzte, laburrak biak, 20:15etan eta 22:00etan jotzeko. Eta gutxi gorabeherako errepertorioa prest badute ere, inprobisazioari ere emango diote lekua, Iratzokik dioenez: «Zerrenda pare bat prestatu dugu, baina momentuan erabakiko dugu. Lehen kontzertuaren ondoren ikusiko dugu lekuak zer eskatzen duen». Hori bai, ibilbideko hiru diskoetako kantak nahastuko dituztela aurreratu dute. Gogoz daude jotzeko —«Donostian normalean gustura jotzen dugu»—, nahiz eta aldea egongo den oraingoaren eta Gipuzkoako hiriburuan jo zutenazken kontzertuaren artean. Kortxoenean jo zuten aurrekoan,gaztetxea eraistearen aurkako manifestazioaren ostean, eta jaialdi batean oraingoan. «Bi testuinguru zeharo ezberdinak», taldeko gitarristak dioenez.

Gainerakoan, aipatutako Cat Powerrekin batera, !!! (Chk Chk Chk) AEBetako talde ezagunarena izango da biharko emanaldi esanguratsuena, dance zantzuko indie musika hedatuz (00:30). Belako taldeak, gainera, oholtza partekatuko du bi izar handi horiekin (22:45), baita Neuman espainiarrekin ere. Jolas parkeko beste hainbat txokotan, bestalde, Izaro bakarlaria eta Perlak taldea ariko dira, besteak beste, baita Rural Zombies eta El Inquilino Comunista taldeak ere. Oro har, Euskal Herriko talde ugari izango dira jaialdian, eta inoiz baino gehiago entzungo da euskara.

Kontzertuak bukatutakoan, gaur eta bihar, Donostiako Gasteszena aretoan jarraituko du jaiak. Aurtengo jaialdirako, gainera, berrikuntza ugari prestatu ditu antolakuntzak: jaialdiko eskumuturretan aurrez kargatutako diru elektronikoarekin ordainduko dira jolas parke barruko erosketak, eta haurrentzako tailerrak izango dira. Bosgarren aldiz egingo da Kutxa Kultur jaialdia. Bosgarren bizia erreko du. Baina badu indarrik burua altxatu eta hurrengo urtean berriro agertzeko. Cat Powerrek bezala. Nonbait, katu guztiek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.