Zazpi artista, zirkulu bakarra

Euskal Herriko lehen lerroko zazpi emakumezko artistaren lanak bildu dituzte Bilbo Arten

Emakume bat Bilbo Arte aretoko Zirkulua erakusketan ikus daitekeen Gentz del Valle artistaren lanari begira. BILBO ARTE.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Icebergaren punta baino ez da Bilboko Bilbo Arte aretoan ikus daitekeen erakusketa. Berez, gehiago da ikusten ez dena, ikusten dena baino. Urtebete eman dute elkar ezagutzen eta elkarrekin beren lanez hizketan Usoa Fullaondo, Gentz del Valle, Iranzu Antona, Naia del Castillo, Zuhar Iruretagoiena Labeaga eta Sra. Polaroiska kolektiboko Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana artistek, eta prozesu horren emaitza da Zirkulua erakusketa. Icebergaren punta, alegia. Abuztuaren 19ra arte egongo da zabalik.

Txandaka, artista batek bestearen lana aurkeztu du Bilbo Arten ikasturte honetan antolatutako topaketetan. Fullaondok aurkeztu zuen Del Castillo, adibidez; Del Valleren lana aurkeztu zuen Del Castillok; Fullaondori buruz Antonak hitz egin zuen... Eta, hala, katea osatu arte. Sarea sortzen joatea izan da Ines Bermejo proiektuaren koordinatzailearen asmoa. «Arte munduan indibidualismo handia dago», azaldu du. «Hemen dauden artistak oso handiak dira, eta ezagunak dira beren izenak, baina, prozesu honi esker, artistaz gain pertsona ere ezagutu ahal izan dugu: beren arazoak, lan egiteko moduak... Nolabait ere, gure aurrean biluzik jarri dira, eta zirkulu moduko bat osatu dute haien artean».

Zinemari egiten dio erreferentzia erakusketaren tituluak. Izan ere, Jafar Panahi zinemagile irandarraren Dayereh (Zirkulua) filma du oinarri erakusketak. Jatorri eta maila sozial ezberdinetakoak diren Irango hainbat emakumeren erretratua egiten du pelikulak, eta film horrekin hasi nahi izan zuen zazpi emakumezko artista horien arteko trukea koordinatzaileak.

Truke hori da, hain zuzen ere, Del Castillok nabarmendu duena. Oso interesgarria egin zaiola dio, eta, azaldu duenez, beste artisten lana sakonago ezagutzeko aukera izan du horri esker. «Filmeko emakumeekin gertatzen den bezala, iruditzen zait hemen gauden artistok ere elkarren artean oso ezberdinak garela, baina sortu diren konexio eta harreman horiek asko gustatu zaizkit». Esku artean darabiltzan proiektuei buruz aritu zen sortzailea Del Vallerekin batera egindako topaketan, eta erakusketan ere lantzen dabilen proiektu horren parte diren bi pieza jarri ditu ikusgai: bi argazki. Harizko bi brodaturen xehetasun ñimiñoenak monumentalki erakusten dituzten bi irudi.

Proba modura baliatu du erakusketa Sra. Polaroiska kolektiboak ere: irailerako Hernanirako (Gipuzkoa) prestatzen ari diren erakusketaren lagin bat eraman dute Bilbo Artera. Bideo bat jarri dute aretoan, eta hainbat emakume ikusten dira bertan, bakoitza bere soineko tradizionala jantzita txandaka dantzan. Grabazioak ez du musikarik, eta argi entzuten dira dantzarien urratsak lurrean. Disekatutako azeri bat daramate guztiek maskara modura, gainera, eta ederrak dira irudiak. Hernaniko emakumezkoen memoria aldarrikatzen duen Andrekale izeneko proiektu zabalagoaren parte da pieza. «Instalazio modura aurkeztu genuen proiektu osoa Donostiako Tabakaleran iaz, eta orain han erakutsitako bideo batzuek pieza independente modura nola funtzionatzen duten probatu nahi genuen».

Publikoari bere azken lanak erakusteko baliatu du Fullaondok ere erakusketa. Erakusketa indibiduala du Fullaondok urrian Zumaian (Gipuzkoa), eta han erakusteko egun sortzen dabilen piezetariko bat eraman du Bilbora. Aretoko lurra hartzen duen instalazio bat da. Kafe alez marraztutako lerroak, geometrikoki kokatutako arkatzak, lore irudiak eta piramide, prisma laukizuzen eta zilindroak.

Mendia da Antonaren lanen ardatza. Mendiaren irudiaren eraikuntza, zehatzago esanda. «Paisaiaren eraikuntzari buruz gogoeta egitea da asmoa», azaldu du, eta Kantabriako mendi gailur bat ageri duten bi irudi jarri ditu adibidetzat. «Mendi-muino-argazkietan arketipiko kontsideratzen ditudan argazki estereotipatu horietariko bat erreplikatzen saiatu naiz. Paisaia eraiki egiten dela erakustea da asmoa». Bideo bat ere badu erakusketan Antonak. Teleferikotik grabatutako mendiaren igoera ikus daiteke bertan, eta argazkiekin aztertutako ideia berak landu ditu lan horrekin ere.

Metalezko adarrak

Bere lan propioa eraman du artista bakoitzak, baina igar daitezke hari komun batzuk. Oihartzunak du izena, esaterako, erakusketa zabaltzen duen Del Valleren instalazioak, eta japoniar artearen aire bat duen emakume baten figura da irudi zentrala. Generoaren, naturarekiko harremanaren eta nortasunari buruzko zalantzen inguruan egiten du lan, eta, kasu honetan, hainbat formatu eta bariaziotan osatu du ile luzeko emakumearen figura hori. Zintzilik geratzen diren hari eta josturekin ere bai, tartean.

Hainbat diziplina uztartzen ditu Iruretagoiena Labeaga artistak ere. Hain zuzen ere, haren Excentrica piezak ixten du ibilbidea. Adarkatzen doan metalezko estruktura batek aretoko zutabeetariko bat harrapatzen du bere barruan, eta, aldi berean, paisaia batzuen txatalez osatutako diapositibak proiektatzen dira horman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.